‘Emakumea eta Euskal Pilota’ erakusketa Zarauzko Photomuseumean
Azaroaren 28tik urtarrilaren 14ra luzatuko da pilota munduan modu profesionalean aritu ziren lehenengo emakumezkoen omenezko erakusketa.
Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak antolatutako erakusketa Zarauzko Photomuseoan egongo da azaroaren 28tik urtarrilaren 14ra bitartean. Pilota jokoan modu profesionalean aritu ziren lehenengo emakumeentzako omenaldi bat da, eta zesta-punta eta erraketa modalitateetan jardun zuten emakume haiek ezagutzera eman nahi ditu.
Sortu zenetik, pilota gizonekin lotuta egon arren, emakumeek ere hartu dute parte pilota jokoan aspaldidanik. Hain zuzen ere, erraketa jokoan espezializatu ziren eta lortu zituzten lorpen handienak. Erraketista hauek emakumezko kirolarien artean lehen profesionalak izan ziren.
Jokalari asko nabarmendu ziren eta asko gogora ekarri dituzte erakusketan. Besteak beste, Eugenia Iriondo ‘Eibarresa’ edo ‘La Bolche’; María Antonia Uzcundu ‘Txikita de Anoeta’; Agustina Otaola; Eladia Altuna ‘Irura’; Maria Luisa Alberdi; Maria Carmen Lasagabaster ‘Amaia’; Gloria Agirre ‘Txikita de Aizarna’; Lucia Areitoaurtenea; Beraza ahizpak (Julita, Mari eta Milagros); Conchita Bustindui, Olga Cazalis; María Luisa Senar; Rosa Soroa; Miren Uzkundum ‘Asteasu’; Justina Arenaza ‘Vasquita I’ eta bere ahizpa Maria ‘Vasquita II’. Euskal erraketistak onenak eta ugarienak izan baziren ere, beste toki batzuetako jokalariak haiekin aritu ziren: Valentzia, Logroño, Madril, Bartzelona edo Mexiko.
Erakusketa bost ataletan banatuta dago eta aurkezten diren objektuen artean nabarmentzekoak dira emakume erraketisten janzkerak; erraketa, pilotak eta pilotak egiteko larrua; ekipamenduen bilakaerari buruzko Mercedes de Miguelen marrazkiak; kontratuak, lan-aseguruak eta federazio-fitxak; Loomis Dean-en argazki-sail bat, LIFE aldizkariak 1950ean enkargaturiko argazkiez osatutakoa; eta Maider Mendizabal txapeldunaren txapela.
Izan ere, Zarauzko Photomuseumetik nabarmentzen duten bezala, erakusketa hau emakumeek euskal pilotaren arloan mundu mailan bete duten zereginari buruzko ikerketa-lan interesgarria da.