INFO

Hizkuntza politika berri baten beharra ikusarazi dio Kontseiluak Urkulluri

Aspaldi egin gabeko bilera izan da Kontseiluko ordezkariak eta EAEko lehendakaria mahai berean astearte honetan bildu dituena. Hizkuntza politika berri baten beharra nabarmendu du euskalgintzak, eraso judizialak bereziki baldintzatutako testinguruan.

Kontseiluko ordezkariak Urkullu eta Zupiriarekin, gaurko bileran. (Jaizki Fontaneda | Foku)

Adostasunaren bidetik «hizkuntza politika berri baten premia» dagoela adierazi dio Euskalgintzaren Kontseiluak Iñigo Urkullu EAEko lehendakariari, astearte honetan Lehendakaritzaren egoitzan izan duten bileran. Aspaldian egin gabeko bilera izan da, hogei urte baino gehiagotan ez baita honelakorik burutu.

Urkullurekin batera, Bingen Zupiria Lakuako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua ere izan da bileran, eta Kontseilua ordezkatuz, aldiz, Idurre Eskisabel idazkari nagusia, Aize Otaño lehendakaria eta Joanmari Larrarte zuzendaritzako kidea.

Lehendakaritzako egoitzan egindako bileran, euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldiaren eta euskarak aurrera begira dituen erronken inguruko kezka partekatu dute bi aldeek, eta Kontseiluak hizkuntza politiketan jauzi bat ematearen premia dagoela adierazi die.

Kontseilutik gogorarazi dutenez, ‘Euskaldunon Egunkariaren’ indar bidezko itxieraren testuinguruan batu zen azken aldiz Kontseilua EAEko lehendakariarekin, 2003an. Orain, 20 urte beranduago, eta azaroaren 4an Bilbon hamarka mila herritar euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia salatzeko kalera atera eta gero, berriz elkartu dira bi aldeak.

Kontseiluko ordezkariek azkenaldian epaitegietatik euskararen biziberritzearen aurka emandako epaien gaineko kezka partekatuz ekin diote bilerari. Izan ere, lege, dekretu, lan deialdi eta zerbitzu esleitze desberdinei buruz eman diren sententziak izan arren, guztiek euskararen normalizaziorako bide diren neurrien aurka ebatzi dute.

Horregatik, «epai isolatuetatik harago doan» auzitegien joera hori oldarraldi judizialaren baitan kokatu du Kontseiluak, eta euskalgintzatik emandako erantzunaren ibilbidea aurkeztu dio Urkulluri.

Erasoen aurrean

Hain zuzen, joan den martxoan, Kontseiluak batzar nagusian onartu zuen adierazpen bateratuan ohartarazi zuen oldarraldiari aurre egiteko modu egokia adostasun sozial eta politikoak zabalduz hizkuntza politikaren gaineko akordio berri bat bultzatzea eta osatzea dela.

Ordutik, maiatzean euskalgintzako askotariko eragileek prentsaurreko jendetsua egin zuten Bilbon, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren egoitzaren aurrean, eta azaroko manifestazioa iragarri zuten. Jarraian, uztailaren hasieran Espainiako Konstituzio Auzitegiaren epaia iritsi zen, Udal Legearen aurkakoa, eta 170 alkate eta udal hautetsirekin batera agerraldia egin zuen euskalgintzak toki berean.

Urrian, EAEko Auzitegi Nagusiak tokiko administrazioetan euskara normalizatzeko dekretuaren aurka ebatzi zuen, «oldarraldiaren kolpe berri batean». Egun horietan emandako adierazpenetan, Urkulluk euskara «une honetako lehentasun politikoetan» kokatu zuen, eta azaroaren 4an, hamarka mila herritarrek «aski» dela adierazi zuten, oldarraldia salatuz eta hizkuntza politiketan aurrera egiteko beharra aldarrikatuz.

Egun hartan, Kontseiluko idazkari nagusiak adierazi zuen euskara adostasunerako bide dela, eta ez segregazio eta liskarrerako elementu bat. Horregatik, euskararen normalizazio eta biziberritzeak aurrera begira dituen erronkei aurre egiteko «akordio soziopolitiko berri baten beharra» aldarrikatu zuen, hizkuntza politikan jauzi bat emateko.

Adostasunak

Astearte honetako bileran, Kontseiluak adostasun horiek sakonki lantzeko konpromisoa berretsi du, jauzi hori adostasun sozial ahalik eta handienarekin egitea baita Kontseiluaren iparra.

«Borondate horren erakusgarri da Kontseiluak 2021ean abiatutako 'Batuz Aldatu' dinamika. Dinamika horren bidez, euskal gizartean esanguratsu diren ehundik gora askotariko eragilek bat egin dute euskararen normalizaziorako giltzarri diren bi oinarriekin: ezagutza unibertsalizatzeko helburuarekin eta erabilerarako gune erosoak sortu eta zabaltzekoarekin», azaldu du Eskisabelek.

Bere hitzetan, «sinetsita gaude bi oinarri horien gainean adostasun sozial zabala eraiki daitekeela, hizkuntza politiketan sakontzeko akordio politiko zabal baterako bide izan daitekeena».

Beraz, iragarri du datozen hilabeteetan «geruza desberdinetako harremanen lanketan» segiko duela Kontseiluak, «oldarraldiari aurre egitetik euskararen normalizazioan aurrera egitea ekarriko duen akordio soziopolitiko berri baten bila».