INFO

Pertsona bat leiho batetik botatzeagatik lau gazte atxilotu dituzte Bilbon, bat adingabea

Bilboko San Frantzisko auzoan atxilotu zituen Ertzaintzak. (ERTZAINTZA)

Ertzaintzak 20, 19, 18 eta 17 urteko lau gizonezko atxilotu ditu Bilbon, etxe batean indarrez sartzea eta bertan bizi den pertsona hiltzen saiatzea leporatuta. Biktima ospitalean dago behaketan jasan dituen traumatismoengatik, antza denez leiho batetik sei metroko altueratik kalera bota baitute.

Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, asteartean gertatu zen guztia, 19.30ak aldera, Bilboko San Frantzisko auzoko eraikin batean. Ertzaintzak abisu bat jaso zuen etxe batean liskarrean ari zirela esanez.

Agenteak iritsi zirenean, portaletik irteten ari ziren bi gazte identifikatu zituzten; haietako batek odol arrastoak izan zitezkeenak zituen arropetan. Polizia baliabideak bigarren solairuko etxe batera igo ziren; etxeko atea zabalik zegoen, eta bertan beste bi gizonezko identifikatu zituzten agenteek.

Biktima kalean zegoen, kolpeek eragindako lesioak, mailatuak eta hanka batean sastada bat zituen beste gizonezko bat, hain zuzen, eta anbulantzian eraman zuten ospitalera.

Hasierako ikerketaren arabera, lekuan identifikatu zituzten lau gizonezkoak ez dira eraikinean bizi, eta etxean indarrez sartu ziren eta geletako batean bizi den pertsona jotzen hasi ziren. Azkenean, ustez, erasotzaileetako bik biktima heldu eta leihotik kalera bota zuten, sei bat metroko altueratik.

Zantzu horien aurrean, Ertzaintzak ustez gertakarian inplikatuta zeuden lau pertsonak atxilotu zituen. Ikerketak zabalik jarraitzen du, eginbideak aurkeztu eta atxilotuak agintari judizialaren eskuetan jarri zain.