Arrastaka eraman ditu grebalariak Ertzaintzak, jada eroritako zaintza sistema salatzeagatik
Sei herritar atxilotu ditu Ertzaintzak Donostian, mugimendu feministako bost kide, kateaketengatik, eta amaieran, poliziarekin izandako liskarrengatik beste mutil bat. «Zaintza sistema publiko komunitarioa» izan da aldarri nagusia.
Donostiako eguerdiko mobilizazioaren amaieran tentsioa nagusitu bada ere, borroka oihuak gailendu dira. Manifestazioa Gipuzkoako Foru Aldundira iritsi denean bost kide kateatu dira, eta hamarnaka manifestarik protestarekin bat eginez eserialdia egin dut kateatutakoen inguruan. Azkar iritsi da Ertzaintza, eta bortitz eraso die manifestariei, kateatutako bost kideak atxilo eraman dituzte. Elkartasun oihuak, txaloak eta animoak gailendu dira bertaratutakoen artean. Azpimarratzekoa izan da belaunaldiartekotasuna, ile urdindun emakumeetatik, ikastetxean lehen greba egin dutenetara arte, guztiak zaintza sistema publiko komuintario bat aldarrikatuz.
12.30ak pasatxotan abiatu da mobilizazioa Udaletxe paretik, eta elkartzeko lekua baliatu dute udaletxeak azpikontratatutako etxeko langileen egoera salatzeko. Bi kidek hartu dute hitza: «Etxez etxeko laguntza zerbitzua Donostiako udal gobernuaren eskutik pribatizatutako eremua da», azaldu dute lehendabizi. «Lan baldintza onartezinetara kondenatzen gaituzte, ondorio fisiko eta mentalak agerikoak dira», gehitu dute eta instituzioei eskatu diete pribatizazioarekin amaitu eta publifikazioaren prozesua martxan jartzeko.
Borroka feminista, antiarrazista eta antikapitalista aldarrien erritmoan jarraitu du aurrera mobilizazioak, eta oihuen artean ‘Gizon entzun, komuna garbitu’ entzun da behin baino gehiagotan. Hiriguneko erdialdea zeharkatu dute ‘gaur greba eguna da!’, ‘zaintzarekin negoziorik ez’ aldarri eginez, eta Okendotik barrena joan ziren Gipuzkoa plazaraino.
Gipuzkoa plazan tentsioa eta elkartasuna
Gipuzkoa plazara heltzean, bost kide Foru Aldundian kateatu dira, eta beraiekin batera arkupe guztia bete dute manifestariak; beraiekin batera eseri dira asko, eta ehunka lagun geratu dira inguruan babesa emanez. Ertzaintza minitu gutxiren buruan sartu da arkupera bortitz, eta eserita zeuden guztiak inguratu ditu.
‘Hau al da zuen Donostia?’ galdetzen zuten grebalariek polizia banan banan eserialdiko kideak arrastaka eta oldarkor eramaten ari zelarik. Inguruan zeudenek Ertzaintzaren biolentzia salatzen zuten bitartean hauek arrastaka atera dituzte eserialdiko azkenak.
Kateatutako bost kideak izan dira azkenak eramaten, Aldundiko eraikin barrura eraman dituzte eta atzeko atetik eraman atxilo. Bitartean, arkupean geratzen ziren manifestariekin izan dituzte pare bat liskar ertzainek eta beste mutil bat atxilo eraman dute jada protestak amaituta zeudenean.
Arratsaldean jarraituko dute mobilizazioek Donostian, atxilotuen askatasuna eskatuz, baina batez ere, zaintza sistema publiko eta komunitario baten alde kaleak hartuz.