Jarraipen zabala eta manifestazio handien ostean, gobernuei dei egin diete antolatzaileek
A30 honen antolatzaileeek jakitera eman dutenez, jarraipen zabala du gaurko deialdiak. Gelditu diren zerbitzuak zerrendatu ditu eta pikete jendetsuak osatu direla nabarmendu du. Arratsaldean mobilizazio nagusiak burutu dituzte. Hau guztia kontuan hartuta, dei zuzena egin diete gobernuei.
Greba feminista orokorrak jarraipen zabala izan du, antolatzaileek eginiko balorazioetan nabarmendu dutenez. Hiru aldagai batu dituzte: goizeko piketeen aktibazioa, eguerdian erakunde eta beste zenbait eragileren aurrean eginiko protestak eta arratsaldeko mobilizazio jendetsuak [INFORMAZIOA OSOA ZUZENEKO EMISIO HONETAN]
Grebari dagokionez, zerbitzu publikoetan «esanguratsu»tzat jo dute jarraipena. Garraio arloan bereziki eragiten ari da. Honela, EuskoTren eta Bilboko Metron «grebaren jarraipena oso zabala izaten ari da, zerbitzu minimoak bakarrik lan egiten ari direlarik». DBusek, Donostiako konpainiak, gaurko egunean lerro batzuk bertan behera gelditzen direla jakinarazi du.
Hedabideei dagokienez, «EiTB taldean grebaren jarraipena zabala izaten ari da eta honela irrati eta telebista publikoan gutxieneko zerbitzuak daude, informatiboak bakarrik ari dira emititzen. ETBn ez da programarik grabatuko, eta soilik informatiboak eta grabatutako programazioa dago». GARA-NAIZ, ‘Berria’, Hamaika Telebistak, ‘Argia’, Hala Bedi Irratia, Pikara Magazine, eskualdeetako Hitzak... dira grebarekin bat egin dutenak.
Hezkuntza publikoan dauden 600 ikastetxeetan izango du eragina lan uzteak. Eskola publikoetan langileen erdiak baino gehiagok egin du greba, EAEn %70aren gainetik egon delarik. Hezkuntza Sailaren hitzetan, ikastetxeen %86aren datuak jasota, horien %39,1a ez da lanera joan.
«Sukalde eta garbiketan jarraipena oso zabala izango direla dirudi eta sukalde asko itxita egongo dira», aurreratu dute. Haurreskoletan ere handia izan da erantzuna (%75ekoa, iturri honen arabera). Eta Nafarroan D ereduaren alorrean ere arrakastatsua izan da greba.
Unibertsitateei dagokienez, «kanpusetan jarduera ia geratuta egongo da».
Ikastola gehienek «ateak itxi dituzte», nahiz lurraldeka eta eskualdeka jarraipena desberdina izango den. EAEn %75aren gainetik jarri dute jarraipena, eta Nafarroan %90aren gainetik.
Udal esparruan, «Gipuzkoan ia udal guztiek oso modu orokortuan bat egingo dute grebarekin, bai zuzenean kontratatutako langileak, bai eta azpikontratatutako langileak ere». Besteak beste, bat egin dute Azpeitiako, Ordiziako, Oñatiko, Arrasateko, Orioko, Tolosako, Bergarako, Beasaingo, Gernikako, Bermeoko... udal langileek.
Osasungintzan eta Gizarte Ongizate zerbitzuetan, «zerbitzu minimoak guztiz baldintzatuko dute grebaren jarraipena. Milaka langileri greba eskubidea ukatu egin zaie, zerbitzu askotan zerbitzu minimoak %100ekoak direlarik. Adibidez, gaueko txandetan ia langile batek ere ez du grebarekin bat egiteko aukerarik izan», salatu dute. Bat dator hau Osakidetzak esandakoarekin: langileen %0,26a baino ez da falta gaueko txandara, eta goizekora, %5,60a.
Hala ere, greba honen ondorioz «anbulategi batzuk itxita egon dira» eta esate baterako Gasteizko Lakuabizkarrako Osasun Zentroan ez da odol-erauzketarik egin. Basurtoko Anatomia Patologikoan teknikari guztiek greba egin dute.
Zaharren egoitza eta eguneko zentroetan oso arrakastatsua izan da deialdia. Antolatzaileen esanetan, «greba egin zezaketen langileen artean %90tik gora» egon da jarraipena.
Etxez etxeko laguntza zerbitzuetara ere zabaldu da, indar handiz, Zumaian, Urnietan, Errenterian, Irunen, Laudion...
Industriari dagokionez, batez ere Gipuzkoan du oihartzuna grebarako deialdiak. «Ekoizpena erabat geldirik dago enpresa hauetan: Indar (Beasain), Arcelor Mittal (Bergara), Polmetasa (Arrasate), Natra Zahor (Oñati), Kelsen (Zizurkil), Niessen (Oiartzun)...», zerrendatu dute. «Oso handitzat» jo dute jarraipena Beasagin eta Irungo CAF enpresetan.
Metroaren eta AHTren lanak geldirik daude Gipuzkoan ere.
Bizkaian, grebak eragin berezia du Lea Artibaiko eta Durangaldeko industrian. Microdeco, AKT Plasticos, Lucart eta Cementos Lemona nabarmendu dituzte.
Araban, DHLn, Ferrovialen eta Laminaciones Agirren dagoen jarraipena aipatu dituzte, bai eta Aiaraldean lortutakoa ere. Emakumeak lehen lerroan zituen piketea osatu da Michelinen eta bertan oldartzea egin du Ertzaintzak, goizeko 4.30etan.
Nafarroan, eragin handiagoa du Iruñeko enpresetan, Sakanan eta iparraldean. Piketeak ibili dira Arazuri-Orkoien industrialdean eta Berrikuntzaren Hirian delakoan.
Administrazio Orokorraren datua eman du, bestalde, Lakuako Gobernuak. Bere hitzetan, %13,28ak egin du greba.
Zaintza guneak
Honezaz gain, antolakuntza maila handia azaldu du grebak. Zaintza guneak prestatu dituzte Algortan, Bilboko auzoetan, Zarautzen, Gasteizen edo Iruñeko Arrotxapea auzoan.
Grebaren bultzatzaileen ustez, «jendarte honetako zaintza lanean zati handi bat eusteaz nekatuta eta nazkatuta, diskriminazio egoeran, eskubide asko aitortu gabe, zapalduta daudela esan dute zaintza langileek. Etxeko langile egoiliarren erregimena desagerraraztea exijitu dugu. Greba hau prozesu honen hasiera besterik ez da eta elkarrekin borrokan jarraituko dugu», iragarri dute.
Balorazioa
Ostiralean goizean goiz (9.00etan) agerraldi bana iragarri dute, Iruñean eta Gasteizen, jardunaldiaren balorazio sakona egiteko. Baina jada aurrerapen bat egin dute arratsalde honetan, egindako guztia «historikotzat» joaz.
«Zorionak Euskal Herria! Berriz ere herria egiteko, antolatzeko eta mobilizatzeko gaitasun izugarria erakutsi dugu! Hemen gaude, etxeko eta zaintzako langileak, nagusien egoitzetako langileak, senideak, pentsionistak, ikasleak, gazteak, nekazariak, sindikalistak, feministak, migratuak… Eskerrik asko auzoetan, herrietan antolatzen egon zareten guztioi! Hamaika asanblada, greba komite, kotxe karabana, otordu, ekintza eta pikete egin ditugu. Zaintza sistema publiko-komunitario baten alde izugarrizko urratsa eman dugu gaur».
«Denbora pasa da mugimendu feministak zaintza krisia eta honen dimentsio globala seinalatu zuenetik. Pandemiak argi utzi zuen jada kolokan zegoen zaintza erregimena, erabat kolapsatua zegoela. Sistema kapitalistak, patriakalak eta kolonialak mantentzen duen zaintza erregimen bidegabearen aurrean gaude. Eta nahikoa da! Gaur kalera atera gara mundua aldatzeko, beste sistema bat posiblea delako», laburbildu du mugimendu feministak.
Erakunde, enpresa eta abarrei luzatutako interpelazioaren garrantzia nabarmendu dute. «Gaur egungo sistema kolapsatua dago eta ezinbestean, berehala, egoera larriei buelta eman behar diegu Era berean, epe luzera begiratu behar dugu eta kapitalismoa, patriarkatua eta kolonialismoaz gaindi, etorkizunean nahi dugun zaintza sistema publiko-komunitario amesteko eta egikaritzeko unea da».
«Horrez gain, sistema publiko duina nahi dugu orain. Osasuna, hezkuntza eta zaintza bermatuko dituena. Argi dugu: guztiok zaintza eskubiderako sarbidea izateko, pentsio duinak, etxebizitza eskubidea, errolda eskubidea, zaintzeko denborak, baimenak, lurrak, abereak, basoak behar ditugu. Bizitzak erdigunean jarriko dituen zaintza sistema publiko indartsua nahi dugu», ziurtatu dute.
«Proposamen politiko ezaren aurrean, Herri Akordio bat osatu dugu prozesu honetan batu garen mugimendu feministako, eragile sozial eta sindikatuetako kideok. Zaintza sistema publiko eta komunitario baterako bidean, erabakiak hartu eta aldaketak emateko unea da orain. Zaintza lehen mailako arazo politikoa da, gure bizitzak, lurrak, komunitateak daude jokoan. Euskal gobernuei zuzentzen gara, argi eta garbi: mahai intersektorial bat sortzea exijitzen dugu, zaintzaren gaiari urgentziaz heltzeko. Ez egin entzungor gure eskaerei. Borondate politikoa eskatzen dugu urgentziazko egoera honetan. Gobernuetan, udaletxeetan, foru aldundietan ardura postu guztietan, hartu ardura, bihar bertan. Ez egin entzungor gure eskaerei», erantsi dute.
Honela amaitzen da ostegun honen bukaerako mezua: «Gaurkoa mugarri bat izan da, baina ez da ezeren amaiera. Bide luzea dugu oraindik egiteko eta gaurkoa bezalako beste mugarri ugari izango ditugula ziur gaude».