INFO

«Nazioarteko» LGTB mugimendua «muturrekotzat» jo eta debekatu egin du Errusiako Gorenak

Errusiako giza eskubideen aldeko erakundeek LGBT mugimendua «muturrekotzat» ez hartzeko eskatu zioten Errusiako Gorenari, esanez «ezinezkoa» dela mugimendu zibikotzat jotzea talde sozial bateko kide diren edo ezaugarri pertsonal zehatzek lotzen dituzten pertsona batzuk.

Errusiako Auzitegi Goreneko epaile Oleg Nefedov, LGTB mugimenduaren inguruko ebazpena irakurtzen. (Natalia KOLESNIKOVA | AFP)

Errusiako Auzitegi Gorenak LGBT «nazioarteko mugimendua» debekatu du herrialde honetan, Justizia Ministerioak eskatuta, «muturreko erakundea» dela iritzita.

«LGBT nazioarteko mugimendu zibikoa muturreko erakunde gisa izendatzea eta Errusiako lurraldean egiten dituen jarduerak debekatzea» ebatzi du Oleg Nefedov epaileak, Interfax agentziak jakinarazi duenez.

Neurriak «berehalako» eragina du, eta debekatu egiten ditu propaganda, publizitatea, interesa sortzea eta LGTB mugimenduko kide izatera animatzea.

Aipatu iturriaren arabera, epaiak «ez dio eragiten herritarrek bizitza pribatua izateko duten eskubideari», homosexualitateak 1993an utzi baitzion herrialde horretan delitu izaterai.

Ateak itxita egin du Gorenak saioa, eta demanda azaroaren 17an igorri zuten Justizia Ministerioko ordezkariek baino ez dute parte hartu.

LGTB ekintzaileek LGBT Nazioarteko Mugimendu Zibikoa sortu zuten azken unean, ordura arte existitzen ez zena, mugimenduaren eskubideak defendatzeko asmoz, baina ez zituzten bistara gonbidatu.

Auzia abiatu zuen Justizia Ministerioak azaldu zuen «muturreko joerak» antzeman dituela mugimendu horren jardueretan, {gorroto sozial eta erlijiosoa bultzatzea» barne.

«Ezinezkoa»

Errusiako giza eskubideen aldeko erakundeek Gorenera jo zuten bezperan, LGTB mugimendua estremistatzat har ez zezan eskatzeko, esanez «ezinezkoa» dela mugimendu zibikotzat jotzea talde sozial bateko kide diren edo ezaugarri pertsonal zehatzek lotzen dituzten pertsona batzuk. «Hori, adibidez, pentsiodun guztiei edo etnia jakin bateko jendeari gizarte-mugimendua deitzea bezain zentzugabea litzateke», adierazi zuten.

Gainera, errusiarren «sinesmenak kontrolatu» nahi izatea leporatu zioten Estatuari.

Legeak «Errusia estatu laikoa dela ezartzen duten Konstituzioaren klausulekin ere kontra egingo du», nabarmendu zuten.

Ekintzaileek ohartarazi zuten 10 urteko kartzela-zigorra jaso dezaketela mugimenduaren antolatzaileek, eta edozein kide jazarria izan daitekeela.

2022ko azaroan, Dumak (diputatuen ganberak) LGTB propaganda, pedofilia eta sexu-aldaketa erabat debekatzen zituen lege bat onartu zuen.

Gainera, ekainean sexua aldatzeko ebakuntza kirurgikoak debekatu zituen, eta horrek alarma handia eragin zuen komunitate transexualean.

Duela gutxi, Andre Luguinov Justizia ministrordeak Nazio Batuen Erakundean adierazi zuen Errusian ez dagoela komunitate homosexualaren diskriminaziorik edo jazarpenik, eta kolektibo horren adierazpen publikoen debekuak herrialdearen balio moralei erantzuten diela iritzi zion.

2020ko Konstituzioaren erreformak ezkontza gizon eta emakume baten arteko batasuna dela dioen kontzeptua sartu zuen, Vladimir Putin presidenteak Errusian homosexualen arteko ezkontzarik ez dela egongo ziurtatu ondoren.