INFO
Elkarrizketa
Eneka Barnetxe Borda eta Irantzu Idoate Funosas
Xuti Gazteko kideak

«Gazte bakoitzari ahal duen heinean inplikatzeko aukera eman nahi diogu»

Bagira prozesuarekin elkarlanean Gazte Eguna antolatzen du larunbat honetan Hazparnen, Xuti Gaztek. Eskualdez eskualdez harilkaturiko harremanetan sakonduz hitzordu horrekin abagune berria nahi dute zabaldu Ipar Euskal Herrian gazte mugimendua bizkortzeko.

Eneka Barnetxe eta Irantzu Funosas, Xuti Gazteko kideak. (Guillaume FAUVEAU)

Xuti Gaztek eta Bagirak Gazte Eguna antolatzeko asmoa ezagutzera eman bezain pronto, ezinbestean, beteroentzat oroimen kutxa zabaldu zen.

Are, 1996an Sohutan izan ziren Gazte Egunetara atzera bidaia egin dute Gazteriak mugimenduan ibilitako hainbat herritarrek ‘Kazeta’ atarian argitaraturiko iritzi zutabe batean.

Izan ere, orainetik geroa igarotzeko zeharkaldi berria hasiko da abenduaren 2an Hazparnen. Ontziaren lemazain izanen da, Bagira dinamikaren babespean, Xuti Gazte dinamika.

2022ko martxoaren 12an sortu zen Xuti Gazte dinamika «mugimendu parte-hartzaile, zabal eta irekia« gorpuzteko asmoz. Urtebete t’erdi igarota zertan dago asmo hori?

Irantzu Idoate Funosas: Bilan biziki positiboa egiten dugu. Ikasturte erdian abiatu baginen ere geroztik dinamika ugari egin ditugu eta helburuak bete ditugu, mugimendu bat hedatzen hastea baitzen xedea.

«Ekintzak harilkatzen, hamarnaka gazte inplikatzea lortu dugu. Hainbat eskualdetara iristeko pausuak falta dira, baina hasiera baikorra izan da»

Feminismoa, lan prekarizaria, etxebitza eta lurraren gaineko espekulazioa, migratzaileen auzia… Gazteak zuen baitatik erantzunak irudikatzen ikusi zaituztegu. Borroka zehatzen gainean sarea osatzea, hori al da helburua?

I.O.F: Gazteria ez dela antolatua entzuten da sarri, baina gazteei aukera eman diegunean beraiek hunkitzen dituzten problematiken inguruan mobilizatzeko han azaltzen dira. Arrangoitzeko Golf zelaian baratza landatu genuenean, migratzaileen aldeko ekintza proposatu genuenean Santiagoko zubian... Leku eta espazio ezberdinetako gazteak bertaratu ziren. Era berean, erantzun horiek borroka zabal baten antolatzeko beharra baieztatzen digute. Bakoitzaren atxikimenduaren arabera, aukera egon badagoekako borroka eremuak zabaltzeko.

Besta komiteak, herri elkarteak edota gazte asanbladak hor daude. Alta, tokiko dinamiketatik engaimendu orokorrera pasatzeko zubia falta da?

Eneka Barnetxe Borda: Gazteak arloka eta borroken arabera antolatuak dira. Baina ikusi dugu badela, handik haratago, elkartasun bat, baita gogoa bat ere elkartzeko eta batera gauzak aitzina eramateko.

Hasieratik jarraikotasun bat aldarrikaturik zerbait berria eraikitzeko xedea azaldu zenuten. Lehenagotik hasita, nola begiratzen diozue azken urtetan gure herrian izan den aro politikoaren aldaketari?

E.B.B.: Mugimendu abertzalea presentea izan dugu beti, baina azken urtetan gazteen eremuan hutsune bat bazela sentitu dugula. Alta, horrek ez du esan nahi gazteak ez direla ezkertiarrak eta abertzaleak.

I.I.F.: Ekimen handiak aurrera eraman dira azken urtetan Ipar Euskal Herrian. Erakunde berriaren sorrera, etxebizitzaren gaineko borroka eta bistan da presoen dosierra. Blokatze eguna dut gogoan. Gazteriak presente ditu ekarpen horiek guztiak, eta beharra sentitzen du mugimendu abertzale zabal eta sendo baten baitan bere borrokak garatzeko.

Ipar Euskal Herrian mugimendu abertzalea birsortzeko abian den Bagira dinamikara batu zarete. 2023 eta 2024ko Aberri Egun artean igaroko den prozesu horren sustatzaileek Gazte Eguna mugarri bezala hartu izana aitortza bat da?

I.I.F.: Prozesu horren partaide sentitzen gara, eta eztabaida dinamika zabal horrekin bat egiten dugu. Bai, esan daiteke aitortza bat dela Gazte Eguna hori antolatzea. Guretzat onuragarria da, baina Bagirarentzat ere positiboa dela gazteak entzuteko pentsatzen dugu.

Gazte Eguna, formatua bezala, egokiagoa da eztabaida arrun bat baino?

I.I.F.: Gazteen gustuen eta beharren araberako ekimen bat antolatzea interesgarria da. Gazteek beraiek gazteentzat antolaturiko zerbait da Gazte Eguna. Gainera, abiapuntua dela uste dugu. Ziur gira topaketa honek ekarpen bat egiten diola Bagira prozesuari.

Festibalek gazteen politizazio prozesuan izan duten eragina ezaguna da. Baina, gaur eta hemen, zertarako Gazte Egun bat?

E.B.B: Komunikazioari eman diogu garrantzia. Gazte Egun horrekin bigarren prozesu bat abiatzen dugu, eta zenbat eta gazte gehiago, zenbat eta dinamika anitzago izan, aukera hogeagoak sortuko ditugu. Gazte Eguna aitzin harreman lanak ekarri du zerbait, baita ondoren ere.

I.I.F.: Gazte Egunak espazio zehatz batean, denbora zehatz batean, elkartzeko, ezagutzeko, trukatzeko aukera emanen du. Gazte Eguna giro bat da. Horri gehitu behar zaio festibalei buruz aipatzen duzun elementu mitiko hori.

«Zaharragoak direnak emozionatu dira gehienbat festibalek duten mitika horrekin (barre egiten dute). Haien oroimenak dira. Baina guk bizipenak behar ditugu sortu»

Antolatzeko orduan eta egitaraua osatzeko bilakera berri hori presente izan duzue?

E.B.B.: Eskualdeka antolatzea eta gazteak entzutea. Hori izan da lan eredua. Era berean elkarteekin ere mintzatu gara elkartasun horren bila. Gazte bakoitzari ahal duen heinean inpikatzeko aukera eman nahi genion. Aurrera begira ere ekarpena egiteko aukera anitz badirela argiki nahi genien erakutsi. Uste dugu jendeak ulertu duela hori.

I.I.F.: Hitzaldiak, lekukotzak eta atelierrak izanen dira. Borroka ezberdinak baina bereziki feminismoaren borrokari buruz trebatzea inportantea dela iruditu zaigu. Garaia zen hori plantan emateko, eta aitzina begira ere garrantzia handia hartuko duen zerbait dela esango genuke. Protokoko feminista jarri dugu martxan Gazte Eguna kari. Besta eredu sano bat nahi dugu, nahi dugu giroa zaindu, hau ez delako kontzertu batera joatea bakarrik, hemen zerbait nahi dugu landu geroari begira. Besta egiteko aukera bada, baina ez da herriko besta soil bat.

Gazte Eguna ondoren zer? Zeintzu dira hurrengo geltokiak?

E.B.B.: Gazte bakoitzari ahal duen heinean inplikatzeko aukera ematea nahi diogu. Ahal den eta gazte gehienen artean erabaki behar dugulako zein den tresna egokiena. Gazte Egunean sortuko diren harremanek gogoeta prozesu polita ahalbideratzea espero dugu. Gazte Eguna antolatzeko dinamikak dagoeneko jendearengana errezago heltzeko balio izan du.

I.I.F.: Gazteria ezkertiar eta abertzalea engaiatua dela eta baduela gogoa zerbait amankomuna egiteko nabaritu dugu. Gazte Egunak sentimendu partekatu bat emanen digula espero dugu. Helburuak, lan ildoak, antoketa.. denari buruz ahal dugu mintzatu, eta denon artean behar dugu tresna berriak sortu. Gazte Egunaren ondotik bide egiten segituko dugu.