INFO

20 urtean Osakidetzan zazpi aldiz handiagotu da hizkuntza-eskakizuna betetzen dutenen ehunekoa

Duela 20 urte euskararen erabilera normalizatzeko Dekretua onartu zenetik, Osakidetzan %7,6tik %51ra igo da beren lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna betetzen duten langileen ehunekoa, Lakuako Gobernuak nabarmendu duenez.

Osakidetzan euskara bultzatzeko aldarrikapena, 2015. urteko irudi batean, Donostiako Ospitalean. (Jagoba Manterola | Foku)

2003an Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko Dekretua onartu zenetik, hizkuntza-eskakizuna betetzen duten profesionalen kopurua zazpi aldiz handiagotu da eta %7,6 izatetik %51 izatera igaro da.

Datu hauekin batera, Lakuako Osasun Sailak 2017an pazienteek hautatutako lehentasunezko hizkuntzaren erregistroa abian jarri zenetik 347.200 pertsonek euskara hautatu dutela jakinarazi du.

Gainera, Osakidetzako erabiltzaileei aldizka egiten zaizkien ausazko inkestetan, erabiltzaileen %77,2 (2022ko datuak) pozik daude euskarak zerbitzu honetan duen erabilerarekin eta presentziarekin. 20 urte hauetan langileak euskalduntzeko 58.631 ikastaro eman dira.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren ustez, duela bi hamarkada onartu zen dekretu horren garrantzia berretsi egiten da Euskal Osasun Sistema Publikoaren euskararen presentziak eta erabilerak izan duten aurrerapen mailakatua eta jarraitua egiaztatzen duten datu horiekin. Adierazi duenez, «lorpen hori Osakidetzako langileen ahaleginari eta konpromisoari esker erdietsi da».

Sagardui sailburuak «oso positibotzat» jo du bilakaera, «betiere euskararen normaliazazioan oraindik bide luzea egin behar dela jakinik, bai osasunaren esparruan, bai gizartearen beste hainbat esparrutan».

67/2003 Dekretuak Euskal Osasun Zerbiztuan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzea ekarri zuen. Horrek ezarri zituen erakundeko erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak errespetatzeko gutxieneko helburuak, lehentasunak eta oinarrizko neurriak.

Dekretu hau indarrean sartu ondoren, Osakidetzak Euskararen Erabilera Normalizatzeko Lehen plana (2005-2011) jarri zuen martxan, bigarren Plan baten (2013-2019) jarraipenarekin. Gaur egun 2028ra arteko hirugarren plana dago abian.

OEEren eta Behatokiaren salaketa

Hala ere, duela egun batzuk Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak (OEE) eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak salatu zutenez, «Osakidetzako sisteman eta profesionalen artean oraindik ez da behar bezala bermatzen euskara erabili ahal izatea».

Profesional batek Osakidetzarekin harremana euskaraz eskatua duen herritar bat alergologiara bideratzeko eskaera euskaraz idazteagatik, beste batek alta txostena ingelesez idatziko zuela esanez «oldartu zitzaiola» salatu zuten, batetik.

Bestetik, duela hilabete batzuk honen antzeko kasu bat gertatu zela deitoratu zuten, euskaraz idatzitako mediku txostenean, beste mediku batek euskaraz idazteko oharra idatzi zuenean.

Egoera honen aurrean, OEEk eta Behatokiak «beharrezkotzat» jotzen dute ESI guztietako kode etiko eta harrera protokoloetan euskaraz ahoz zein idatziz lan egiteko eskubidea «behar bezala» jasotzea, eskubide hori«behar bezala bermatzeko mekanismo guztiak martxan jartzea», euskara erabiltzen duten profesionalak jazarpenatik «babestea» eta ez betetzeen aurrean «neurri irmoak hartzea» eta profesionalak euskaraz lan egiteak duen garrantziaz formatu eta kontzientziatzea, euskara ikasi eta erabiltzeko «tresnak indartuz».