INFO

Bost komikigileren lanak, ‘Hona bostekoa!’ bilduman

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak bekaren bigarren edizioaren baita, bost komikigilek euren lanak plazaratu dituzte ‘Hona bostekoa!’ komiki-bilduman, bakoitzak bere estilo eta ahots propioarekin.

Bildumaren aurkezpena. (UDALBILTZA)

Euskal Herriko sorkuntzari bultzada eta plaza emateko asmoz sortu zuen Udalbiltzak Geuretik Sortua beka eta, bigarren edizioan, bost komikigileren lanak sustatu eta zabaldu ditu ‘Hona bostekoa!’ komiki-bilduma argitaratuz.

Unai Gaztelumendi Arandia, Aritz Ibarra Agirrezabal, Kote Camacho de Miguel, Eñaut Aiartzaguena Bravo eta Iñaki Martiarena Otxotorena ‘Mattin’ dira bekarako hautatuak izan diren komikigileak eta, Udalbiltzatik azaldu dutenez, bakoitzak proiektuaren barruan esleitu zitzaion herrian egonaldia egin ondotik sortu du bere komikia. «Bertako istorioak entzun, ikusi eta bildu» dituzte, «ondoren euren lana herriko historiarekin lotu ahal izateko eta sortzailearen eta herriaren arteko zubi bat eraiki ahal izateko».

Komikietan Leitza, Berastegi, Bergara, Usurbil, Amasa-Villabona, Sara, Bera, Lesaka eta Urruñako istorio ezberdinak ezagutu ahalko ditu irakurleak, «bost estilo eta kontaera oso desberdinetan, Euskal Herriko hainbat txokotako kontakizunak elkarlotuz lan bakar batean. Bildumaren azala, aldiz, Ainara Azpiazu ‘Axpi’ ilustratzaileak egin du.

Udalbiltzatik zehaztu dutenez, Durangoko Azokan eskuragarri egongo da bilduma eta abenduaren 9an, 12.00etan, ekitaldi berezia egingo dute Durangoko Museoan Geuretik Sortuak-en bigarren edizioaren aurkezpena egiteko. Aurreratu dutenez, hainbat sortzaile eta herrietako ordezkariek hartuko dute parte bertan.

Horrez gainera, urtarrilaren 19tik aurrera komiki-erakusketa zirkuituari ekingo diote: Geuretik Sortuak-en parte hartu duten herri guztietatik pasako da erakusketa eta, bertan, komikigileen sorkuntza prozesua bertatik bertara ezagutzeko aukera egongo da.