INFO

Epaitegien eskuhartzearen aurrean, herritarren eskubideak erdigunean

Azken urteetan euskara biziberritzeko neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententziak areagotzen joan dira. Eraso horiei aurre egiteko hainbat mobilizazio egin da aurten. Nagusia, azaroaren 4an Bilbon milaka lagun bildu zituena. Euskararen aldeko akordio soziopolitiko bat aldarrikatu zuten.

Euskararen aurkako epaiek kezka eta haserrea piztu dute eta milaka lagun kalera irten zen Bilbon azaroaren 4an Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestazioan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Euskararen aurka epaitegietatik azkenaldian izan diren epaiak salatzeko, euskararen normalizazioan aurrera egitea aldarrikatzeko eta herritarren eskubideak erdigunean jartzeko Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestazioak milaka eta milaka lagun –70.000 Udalaren arabera– bildu zituen azaroaren 4an Bilbon, “Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat” lelopean.

17.00ak pasata abiatu zen manifestazioa Euskalduna Jauregitik. Pankarta Kontseiluko zuzendaritzakide eta bazkide diren erakundeetako ordezkariek eraman zuten: Ana Urkizak (Eusko Ikaskuntzako lehendakaria), Patxi Uribarrenek (Karmeldarra eta Euskaltzaina), Leire Solozabalek (ARTEZeko ordezkaria), Intza Gurrutxagak (EHEko bozeramailea), Aize Otañok (AEK-ko Gipuzkoako koordinatzailea), Amagoia Mujikak (“Berria”ko zuzendaria), Idurre Eskisabelek (Kontseiluko idazkari nagusia), Joxerra Olanok (IKAko ordezkaria), Irati Iciarrek (Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria), Elorri Arinek (Euskal Konfederazioko ordezkaria) eta Martin Aramendik (UEMAko lehendakaria).

Haien atzetik, mobilizazioari atxikimendua erakutsi dioten eragileetako ordezkariak: EAJ (Itxaso Atutxa, Joseba Egibar, Aitor Esteban, Maria Eugenia Arrizabalaga...), EH Bildu (Pello Otxandiano, Nerea Kortajarena, Maddalen Iriarte...), Geroa Bai (Maria Solana eta Jabi Arakama) eta Sumar (Lander Martinez eta Andeka Larrea) alderdi politikoak eta ELA (Mitxel Lakunza, Pello Igeregi), LAB (Igor Arroyo eta Urko Aierbe), ESK (Javier Saenz eta Sergio Ortega), Steilas (Marije Echevarria eta Haize Arbide), CGT, CNT, Hiru (Patxi Agirre eta Jon Altuna), EHNE (Patxiku Irisarri) eta Etxalde (Amets Ladislao) sindikatuetako ordezkariak. Lanarteatik Amagoia Gurrutxaga izan zen, eta pentsiodunen mugimendutik Arantza Urrezti, Karlos Etxebarria eta Mattina Etxebarria, besteak beste.

Erakundeen aldetik, Nafarroa eta Gasteizko Parlamentuetako buruak izan ziren, Unai Hualde eta Bakartxo Tejeria, hurrenez hurren, eta bi legebiltzarretako parlamentari ugari. Halaber, Araba eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Ramiro Gonzalez eta Eider Mendoza eta Bizkaiko Aldundiko bozeramaile Leixuri Arrizabalaga bertan izan ziren, baita Bilbo eta Donostiako alkate Juan Mari Aburto eta Eneko Goia ere. Nafarroako Euskarabideko zuzendari Javier Arakamak ere ez zuen hitzordura huts egin.

Nazioarteko ordezkariak ere Bilbon ziren. Besteak beste, Estatu espainoleko beste hizkuntza gutxituen aldeko eragile sozialen ordezkariak: galizieraren aldeko A Mesa pola Normalización Lingüística, Kataluniako Òmnium Cultural, Valentziako Escola Valenciana eta Acció Cultural del País Valenciá, Balearretatik Obra Cultural Balear eta asturieraren aldeko Xunta pola Defensa de la Lingua Asturiana eta Iniciativa pol Asturianu-ko kideak.

18.20 aldera iritsi zen mobilizazioaren burua Bilboko udaletxe aurrera. Han, Ruper Ordorikaren emanaldiaren ondoren, Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek hartu zuen hitza.
Kantariaren hitzak gogoratuz, «euskaldun izatea zein nekeza den» nabarmendu zuen eta, musikari berak utzitako beste mezu bat –«zaindu maite duzun hori»– aipatuta, gaurko euskaltzaleok «zerbait bagara, nekezia handi, sakon eta etengabekoen aurkako zaintza erraldoi baten emaitza» garela erantsi zuen.

«Oinarri zehatz bat duen zaintza sistema»tzat jo zuen «debeku eta nekezia guztien kontra milaka lagunek belaunaldiz belaunaldi euskararen aldeko hautua» egin izana, baina, «historia ez da laua, baizik eta txirikorda bihurri eta konplexua», eta «iraganeko eta gaindituak uste ditugun kontuak indar eta aldaera berriz sortzen zaizkigu». Horixe gertatu da, Eskisabelen esanetan, euskararen aurkako azken oldarraldiarekin.

Udal ordezkariak eta euskalgintzako eragileak, EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean uztailaren 12an. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Alkateek aginte-makila altxatu zuten EAE-ko Auzitegi Nagusiaren aurrean

Aurten izan diren epaien artean bat larria izan bada, hori uztailaren 4an espainiar Konstituzio Auzitegiak Udal Legearen aurka ebatzitakoa da, Eusko Legebiltzarrean kontsentsu zabalarekin onartutakoa izan baitzen. Egoerak kezka larria sortu zuen euskalgintzako eragileen eta udal erakundeen artean, eta bi alor horietako ordezkariak Bilbon dagoen EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean elkartu ziren uztailaren 12an.

Besteak beste, Amagoia Mujika “Berria” egunkariko zuzendaria, Kike Amonarriz Topaguneko burua, Eusko Ikaskuntzako Iñaki Zabaleta, Ikastolen Elkarteko Nekane Artola eta Euskal Herrian Euskarazeko Intza Gurrutxaga izan ziren agerraldian. Halaber, Donostiako, Bilboko, Galdakaoko, Errenteriako eta Hernaniko alkate diren Eneko Goia, Juan Mari Aburto, Iñigo Hernando, Aizpea Otaegi eta Xabier Lertxundik ere parte hartu zuten.

Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari Alizia Iribarrenek irakurritako adierazpenean, sententzia «kezkagarria eta larria» iruditzen zaie eragileei eta alkateei, «euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuari oztopoa jartzea delako, helburu horren alde udaletatik bideratzen diren hizkuntza-politikak guztiz mugatzen baititu».

«Uste dugu epai hau oldarraldi judizial zabalago baten parte dela, hizkuntza gutxituak jomugan dituen olatu erreakzionario batean kokatzen dela», adierazi zuten.