INFO

Euskaraldia berrituta itzuliko da datorren urtean

Euskararen erabilera sustatzeko «tresna egokia» bezala ikusten bada ere, berrikuntzaren beharra ondorioztatu du koordinazio mahaiak egindako ikerketak. Hortaz, gogoeta prozesu bat abiatuko da eta hortik etorriko da Euskaraldiaren laugarren edizioak hartuko duen formatoa.

Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideak: Javier Arakama, Miren Dobaran eta Goiatz Urkijo, eta azterketaren egileak: Jon Arrugaeta eta Unai Oiartzun. (NAIZ)

2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egin zen Euskaraldiaren hirugarren edizioa, eta, guztietan egin den bezala, edizio horrek ere ikerketa lan sakona ekarri du berarekin.

Euskaraldia «eraginkorra» eta euskararen erabilera sustatzeko «tresna egokia» dela erakutsi dute ikerketaren datuek eta, hala, adibidez, iaz egindako ariketaren hirugarren edizioan parte hartu zutenen bi herenek hizkuntza ohitura batzuk aldatu dituzte.

Halaber, aurrera begirakoaren inguruan galdetuta, asko dira Euskaraldiarekin lortutako aurrerapenari jarraipena eman nahi dioten entitateak, eta hirutik batek erantzun du Euskaraldiak hizkuntza ohituretan ekarritako aldaketak etorkizunean ere mantenduko direla uste dutela, eta hori hala izateko neurriak hartuko dituztela, gainera.

Norbanakoei dagokionez, parte hartu dutenen gehiengoak hurrengo edizio batean parte hartzeko prestutasuna adierazi du, baina ariketak aldaketa edo berrikuntza beharra duela ere gaineratu du.
Aurrerapausoak ematearen garrantziaz ohartuta, eragile eta norbanako ezberdinekin gogoeta prozesu bat egin dute Euskaraldiko antolatzaileek, eta gogoeta prozesu horretatik etorriko da, hein batean, Euskaraldiaren laugarren edizioak hartuko duen formatoa.

Koordinazio mahaia
2022ko edizioaren ikerketa azaldu eta ondorioak aurkezteko bildu ziren pasa den urriaren 19an Bilbon Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideak: Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuordea; Javier Arakama, Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea; eta Goiatz Urkijo, Euskaraldiko koordinatzailea eta Euskaltzaleen Topaguneko kidea. Baita azterketaren egileak diren Siadeco ikerketa kooperatibako teknikari Jon Arrugaeta eta Unai Oiartzun ere.

Urkijoren esanetan, «ariketa gizartean normalizatu, finkatu eta egonkortu zela sentitzen genuen, eta hala baieztatu digu ikerketak». Izan ere, Euskaraldia ezaguna da gizartean, rolak hizkuntza jokaerekin lotzen dira (%60,2k lotzen ditu rola eta jokaera, nahiz eta badiren oraindik gaitasunarekin lotzen dutenak), eta ariguneen funtzionamendua ondo ulertu da, oro har.

Horrek dakar, besteak beste, Euskaraldiak parte hartzaileengan duen eragina areagotzea urtetik urtera: 2022an ariketan parte hartu zutenen bi herenek, intentsitate ezberdinetan bada ere, hizkuntza ohiturak aldatu dituzte. Hori «bereziki azpimarratzeko datua» da Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideen ustetan.

Ariketan izena eman zuten norbanakoei erreparatuta, 2022an 158.440 lagunek eman zuten berariaz izena (lehen aldiz edo berrespen bidez); %77,6k ahobizi rola hautatu zuen, eta %22,4k belarriprest rola. Aurreko edizioekiko %11,1eko jaitsiera dakarte datu horiek, eta gazteen izen-emateak egin du bereziki behera, gizonezkoen izen-ematea ere jaitsi delarik.

Adinaren arabera, eta unibertso potentziala kontutan hartuta, 35 eta 64 urte bitartekoen artean izan du arrakastarik gehien 2022ko Euskaraldiak, parte hartzaileen %34,4 baitira adin tarte horretakoak. Lurraldeari dagokionez, Gipuzkoan izan du hedadura gehien.

Elkarte, lantegi eta erakundeak
Bestalde, entitateei erreparatuta, 8.610 izan dira Euskal Herri osoan 2022ko edizioan izena eman duten elkarte, lantegi eta bestelako erakundeak, 2020an baino 301 gehiago (%3,6 gora). Euskaldunenak diren gune soziolinguistikoetan proportzionalki handiagoa da entitateen Euskaraldiko izen-ematea, %56,8 hirugarren edo laugarren gune soziolinguistikoan kokatutako udalerrietakoak izan baitira.

Euskaraldiak entitate horietan izan duen eraginari dagokionez, harreman mota guztietan, Euskaraldiaren hamabostaldiko erabilera datuak altuagoak dira, Euskaraldiaren aurreko egoerarekin alderatuta. Harremanak euskaraz edo batez ere euskaraz diren entitateen proportzioa %6 eta %13 puntu bitarte igo da, eta Euskaraldiaren ondoren ere datuak ariketa aurretik baino altuagoak mantendu dira, %4 eta %7 puntu bitarteko igoerarekin.

«Eraginkorra»
Miren Dobaranek azaldu zuenez, Euskaraldia «eraginkorra da», eta hala erakutsi dute datuek. Euskaraldia, beraz, «tresna egokia» da euskararen erabilera sustatzeko.
Baieztapen horren harira hainbat datu eman zituen Jaurlaritzako ordezkariak, eta horrela, esate baterako, parte hartzaileen bi herenek, intentsitate ezberdinetan bada ere, hizkuntza ohiturak aldatu dituzte.

Edonola ere, eraginak badu inguruarekin zerikusia, ia egoera guztietan, ingurua zenbat eta euskaldunagoa izan, orduan eta gehiago egiten baitzen euskaraz Euskaraldiaren aurretik, eta gehiago egin baita ondorenean ere; inguru erdaldunagoetan, ordea, Euskaraldiaren eragina gehiago nabaritu da eta aldaketa handiagoa izan da.

Ariketaren eraginaren erakusle argia da elkarrizketa elebidunak izateko orduan parte hartzaileek egin duten aurrerapausoa; hala, %44,7tik %76,5era igo da bi hizkuntzetan ematen diren elkarrizketetan euskarari eusten diotenen portzentajea. Beste aldera, ikerketan parte hartu dutenentzat zailena izan da orain arte erdaraz ziren elkarrizketak euskaraz edo ele bitan izatea. Azken honetan, baina, errazagoa egin zaie jokabide hori hartzea Euskaraldiaren ondoren.

Entitateetan ariketak izan duen eragina ere aztertu du egindako ikerketak. Horrela, Euskaraldia amaitu eta ia bi hilabetera ariketa aurrekoak baino altuagoak dira erabilera datuak, eta parte hartutako entitateen ia heren batek lortu du hizkuntza ohiturak aldatzea (%31,3). Entitateen %10ek erantzun du lortu duela euskara izatea entitateko hizkuntza nagusia, eta %21,3k erantzun du ordutik euskara gehiago erabiltzen dutela.

Azkenik, Euskaraldiak bere helburua betetzen badu, hein handi batean, herrietako batzordeei esker izan dela gaineratu zuen Miren Dobaranek, ehunka boluntario eta langilek hilabete askotan egindako lanaren emaitza baita Euskaraldia.