INFO

Hamar urte euskara, auzolana eta elikadura burujabetza bultzatuz

Errigora zorioneko da: elikadura burujabetzaren eta auzolanaren bitartez euskara bultzatzen duen herri ekimenak hamarkada bat bete du, eta denbora tarte oparo horretan, denera, bi milioi euroko irabaziak eskuratu ditu. Aurtengo kanpainan, 14.000 saski saldu eta 185.000 euro lortu ditu.

Errigoraren hamargarren urteurreneko kanpainaren aurkezpena. (Jon URBE | FOKU)

Elikadura burujabetzaren eta auzolanaren bitartez euskara bultzatzen duen herri ekimenak aurtengo udazkeneko kanpainan lortutako etekin ekonomikoak ere ez dira nolanahikoak izan, eta Ager eskualdeko mugimendu euskaltzalearentzat bideratuko dituzte; hain justu, Aek-rentzat; Tutera, Lodosa eta Vianako ikastolentzat; zonalde horretako D ereduko lerroentzat eta Agerraldia bultzatzeko.

Ekoizleek, euskaltzaleek, auzolangileek eta milaka kontsumitzailek parte hartu dute auzolanean udazkeneko edizio berri honetan, Nafarroa hegoaldeko elikagaiez osatutako saskiak banatzeko. Oraingoan, kanpainaren leloa “Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka” izan da.

Emaitzak, esan bezala, ezin hobeak izan dira; orotara, 14.000 saski inguru saldu dituzte udazkeneko kanpainan; hau da, 185.000 euroko mozkina Nafarroako Erdialdeko eta Erriberako euskararen aldeko mugimenduarentzat.

Harro egoteko arrazoiak
Hamargarren urteurrenaren harira kaleratutako oharrean adierazi dutenez, «hainbat ikastola, eskola, euskaltegi eta ekoiztetxetan gero kutxetan sartu ditugun esker on postalak idazten aritu gara; Ablitasen lehenik eta gero Durangon Errigorako ehundaka boluntariok kutxak muntatu eta paleetan atondu ditugu auzolanean; Bilboko AEK-ren euskaltegietan Pituxa klown-aren emanaldiak izan ditugu gelaz-gela; Zangozako ikastolan guraso, irakasle eta ikasleen aurkezpen jaia izan genuen; Lesakako eskolan ere aurkezpen xume bat… Kanpaina bezperatan, Agerraldiaren eskutik, Tafallan, Gure Zirkua izan genuen eta aurtengo dozenaka ludoteken aurkezpena Ager Txiki egunean; eta batez ere, Errigorako boluntarioak, sarekide izendatu ohi ditugunak, dozenak ekimen xume antolatu ditugu herriz-herri: Markinan, Iruñeko Donibane auzoan, Beasainen, Baionan, Gasteizen...».

Orain artean lortutako arrakasta auzolanaren eta herritarren inplikazio aktiboari esker izan dela ere adierazi nahi izan dute Errigora egitasmoaren arduradunek, eta zentzu horretan, urte hauetan guztietan egindako lan boluntarioa balioan jarri nahi izan dute. «Jaio ginenetik hamar urte bete bezain emankor betetzen ditugun honetan, Errigora komunitatearen argazki erraldoi bat atera nahi dugu urteurren hau ospatzeko». Azkenik, zorionak eta eskerrak eman nahi izan dizkiote Errigoraren komunitatea osatzen duen orori.

Peru Aranburu. (Jon URBE | FOKU)

«Nafarroa hegoaldeko euskaltzaleak hasi dira euskarak historikoki izan duen espazioetatik harago heltzen»

Peru Aranburu (Lekeitio, 1978) Errigorako kidea da eta azken hamar urte hauetan egitasmo horrek izan duen ibilbideari buruz egindako hausnarketa partekatu digu. Pozik egoteko motibo ugari dituztela ziurtatu du, baina aurrerantzean lan eskerga egiten jarraitu beharra dagoela ere azpimarratu du, euskarak Nafarroa hegoaldean gune berriak irabazten jarraitu nahi badu, behinik behin.

Hamarkada luzea bete berri du Errigorak Nafarroako hegoaldeko produktuak eta euskara uztartuz. Nola bizi duzue mugarri berezi hori?
Gure esentzia hoberen islatzen duen udazkeneko kanpaina amaitu berritan aurkitzen gara, eta esan behar dugu emaitza onak izan ditugula orain arte. Horrez gain, ikasturtea hasi zenetik hona, azken hamar urte hauek eman dutenari gainbegirada ematen aritu gara, batez ere, osatzea lortu dugun komunitateari aurpegia jarriz, eta hori bera lehen lerrora ekarriz. Beraz, aitortu behar dugu nostalgia positibo batekin bizi dugula momentua.

Gutiziz betetako saskiak banatzen nahiko lan daukazue garai hauetan; hala ere, urteurrena ospatzeko ekimen edo ekitaldirik antolatu al duzue?
Egia esan ez dugu gauza berezirik antolatu. Izan ere, ikasturte guztia planteatu dugu bete dugun hamarkada hori aintzat hartuta. Udazken eta neguan arestian aipatutako atzera begirada egin dugu, orain arte lortutakoa baloratu eta balioan jartzeko; udaberrian eta udan aldiz, aurrera begira jartzeko asmoa daukagu eta helburu berriak finkatzekoa ere.

Errigora ekimena sortu zen urtetik hona uste duzue hastapenean ezarritako helburuak lortu dituzuela?
Datu ekonomikoei dagokienez, pozik egoteko motiboak ditugu azken hamar urteak aintzat hartuta. Izan ere, denbora horretan, udazkeneko kanpainetan soilik, gutxi gorabehera 135.000 saskitik gora saldu ditugu. Bestalde, gure hasierako helburuak ziren, batetik, Nafarroaren hegoaldean euskarari bultzada bat ematea; bestetik, elikadura burujabetza aldarrikatu eta sustatzea, baita lurralde horretako produktuak Euskal Herri osoko plazetan jartzea ere; eta azkenik, proiektu hori guztia auzolanaren bidez egitea. Gauzak horrela, uste dugu hein handi batean, xede horiek bete ditugula. Horrek ez du esan nahi, noski, oraindik egitekorik ez dagoenik, baina emaitza onak eskuratu ditugula garbi dago.

Lan eskerga eskatzen du gisa horretako proiektu bat abiatu eta mantentzeak. Auzolana giltzarri izan da, noski. Nolakoa izan da jendearen inplikazioa proiektuan?
Lehenengo urteetan, hasi ginenean, sorpresa handia izan zen ikustea zenbat jende inplikatu zen kanpainan parte hartzeko. Harrigarria izan zen ikustea zein erraz konektatzen zuten herritarrek ekimenarekin eta auzolanean zein eroso sentitzen ziren. Ondorengo hamar urteetan eta gaur egun, sare hori, kasu batzuetan mantendu egin da, eta beste zenbait kasutan zabaldu ere egin da. Horrek guztiak pozik egoteko arrazoiak ematen dizkigu.

Euskararen egoera Erriberan ez da nahi genukeena bezalakoa. Azken urteetan hobekuntzarik izan dela uste al duzue?
Nire ikuspuntutik Nafarroako hegoaldean euskararen normalizazioa prozesuan dago, baina prozesu hori nahi baino mantsoago doa. Aldaketa batzuk, nahiz txikiak izan, gertatu dira azken urte hauetan zenbait arlotan, esaterako, arlo administratiboan. Hala ere, argi geratu da hizkuntzaren normalizazioaren bidean salto esanguratsuak emateko askoz ere bitarteko gehiago behar direla, baita denbora gehiago ere. Gauzak ez dira egun batetik bestera eta hain erraz aldatzen. Euskararen ezagutza maila mugatua da zonalde horretan, eta gainera bertako biztanle askok euskara arrotz sentitzen dute. Egoera hori inork baino hobeto ezagutzen dute azken berrogeita hamar urteetan euskararen alde lanean aritu diren euskaltegi, ikastola eta abarrek. Azken urteetan, ordea, egindako lanaren ondorioz, muga batzuk apurtzen ari direla dirudi; bertako euskaltzaleak hasi dira euskarak izan duen espazio historikoetatik harago heltzen eta euskararentzat espazio berriak irabazten. Horixe da jarraitu behar dugun bidea.