INFO

Hizkuntza-eskubideen aitorpena eta bermea normalizatzetik urrun

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak 2022. urteari dagokion txostenean egiaztatu duenez, euskararen erabilerak «mugatuta eta oztopatuta» jarraitzen du; hori dela eta, euskaldunen hizkuntza-eskubideak gehiago eta hobeto babesteko eskatu du.

Hizkuntza Eskubideen Egoera 2022 txostenaren ondorio nagusiak. (NAIZ)

Pasa den urtean Euskal Herri luze zabalean zehar hizkuntza eskubideekiko izan ziren hutsune nagusiez gainera, arlo ugaritako egoeraren azterketa jasotzen du txostenak, eta datuak kezkatzeko modukoak dira erakunde horren arabera.

Iragan apirilaren erdialdean Bilbon egindako agerraldian Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak Hizkuntza Eskubideen Egoera 2022 txostenaren ondorio nagusiak azaldu zituen. Txosten horrek urte horretan euskara hitz egiten den lurralde guztietan eta hainbat arlotan (administrazio publikoa, osasuna, hezkuntza eta zerbitzu pribatuak) izandako hizkuntza-eskubideen urraketak jasotzen ditu.

Azterlanaren ondorio nagusietako bat izan da, Behatokiko zuzendariaren arabera, euskaldunen hizkuntza-eskubideen aitorpena eta bermea normalizatzetik urrun dagoela oraindik, eguneroko bizitzako esparru guztietan. «Urteak aurrera doazen arren, herritarrari euskaraz bizitzeko eskubidea mugatzen eta oztopatzen zaio eguneroko esparru ugaritan», salatu du Gaubekak.

Aipagarria da Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza izan direla 2022an kexa gehien jaso dituzten erakundeak, baina Bizkaiko udalek jasotakoen kopurua ere nabarmena izan dela. Zentzu horretan, Gaubekak zera gogora ekarri nahi izan du: «Herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzea eta euskararen normalizaziorako urratsak ematea enpresa, entitate eta erakunde guztien gizarte-erantzukizuna da». Hala, herri-administrazioek euskaraz normaltasunez jarduteko gaitasun osoa izan dezaten baliabide eraginkorrak albait azkarren bideratzeko galdegin du.

Txostenak jasotako datuei erreparatuz gero, ikus daiteke 2022an Behatokiak 1.071 intzidentzia jaso zituela, erakunde horrek herritarren zerbitzura jarritako Euskararen Telefonoan. Horietatik guztietatik 976 kexak izan ziren, 54 zorion-adierazpenak eta 41, azkenik, kontsulta edo iradokizunak.

Azterlanaren arabera, halaber, aurreko urtearekin alderatuta jasotako kexen kopuruak behera egin du zertxobait. Hala ere, Garbiñe Petriati Behatokiko teknikariak ohartarazi zuen jasotako datuen eta errealitatearen artean arrakala dagoela: «Kontuan izan behar da kopuru hau errealitatearen lagin bat baino ez dela. Izan ere, jakin badakigu herritar askok zerbitzuak euskaraz eskatzeko erreparoa izan dutela, atzerapenak edo bestelako albo-kalteen beldur, eskubide urraketa gisa identifikatu gabe».

Ez hori bakarrik, Garbiñe Petriatiren hitzetan, «herritarrak bere hizkuntza eskubideen kontzientzia izan arren, zerbitzua oztoporik gabe jaso nahi badu, euskara erabiltzeari uko egin behar izatea eragiten dio sarritan».

• ADMINISTRAZIO PUBLIKOAK
Aipatu dokumentuak, hasteko, administrazio publikoen gaur egungo egoera erakusten du. Horien artean, Estatu espainiarrekoak dira oraindik ere balorazio txarrenak jaso dituztenak. Izan ere, Hizkuntza Gutxituen edo Erregionalen Europako Gutuna urratzen jarraitzen dute erakunde horiek, eta ez omen dute euskarazko informazioa bermatzen hizkuntza ofiziala den eremuetan. Azken urraketa horri dagokionez, azken urteetan emandako aurrerapenak «txikiak» eta «oso sinbolikoak» izan omen dira.
Bestalde, Frantziako Estatuko administrazioetan ere ez zaio euskarari inongo aitortzarik egiten; Behatokiaren arabera, herritarrek erakunde publiko horietan egin beharreko tramite eta kudeaketa zeregin guztiak frantses hutsean egin behar izaten omen dituzte.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, ostera, egoera zer edo zer samurragoa da. Hala eta guztiz ere, Gipuzkoan, Araban eta, bereziki, Bizkaian, administrazio publikoek azpikontratatutako zuzeneko zerbitzuek jasotako kexak nabarmentzekoak dira.

• OSASUNGINTZA
Osasungintzan, bestetik, Osakidetzako profesionalek salatu dute ez dagoela sistemarik, tresnarik eta bermerik euskaraz lan egiteko eta, batez ere, prestakuntza jasotzeko, eskaintza soilik gaztelaniazkoa baita. Gainera, azpikontratatutako osasun-zerbitzuek, hitzarmenak dituzten zentroek bezala, ez omen dituzte hizkuntza-irizpideak betetzen. Bestetik, Lanbide bezalako erakunde publikoetan euskarazko eskaintza eza eta lan deialdietako azterketa eta probak euskaraz egin ahal izateko arazoak jasotzen ditu Hizkuntza Eskubideen Egoera 2022 txostenak.

• SEGURTASUN ARLOA
Segurtasun arloari dagokionez, berriz, oro har, urte hauetan emandako pausoak edo hartutako neurriak ez omen dira ohiko egoera eta urraketei konponbidea emateko gai izan. Nafarroan, gainera, Foruzaingoaren zuzeneko eta idatzizko arreta, ia gaztelania hutsean da, eta Herrizaingo Saileko 29 lanpostuk soilik (erakunde osoaren % 1,5 inguru) dute euskaraz jakiteko derrigortasuna; beraz, zerbitzua hizkuntza horretan eskaintzeko gaitasuna eta eskubidea bermatzea ia ezinezkoa da.

• HEZKUNTZA
Bestetik, hezkuntzaren alorrean, EAEn zailtasunak daude graduondoko ikasketak euskaraz egiteko. Are gehiago, unibertsitateetan zein lanbide heziketan euskarak duen bigarren mailako egoera salatu dute Behatokiko arduradunek. Nafarroan, aldiz, D ereduko ildo berriak irekitzeko arazoak daude oraindik, erakunde horrek aditzera eman duenez. Ipar Euskal Herrian, 2022an ere, baxoa eta brebeta euskaraz egin ahal izateko aldarrikapenek izan zuten oihartzun handiena.

• KULTURA, KIROLA ETA AISIALDIA
Kulturan, kirolean eta aisialdiko eskaintzan dauden hutsuneak zuzendu beharra ere aldarrikatu dute Behatokitik. Izan ere, kirol arloko komunikazioan euskara bigarren mailan geratu ez ezik, sarri ikusezina dela, eta museo, erakusketa eta jardunaldietan euskara behin eta berriz baztertu egiten dela ere salatu dute. Azkenik, Pantailak Euskaraz plataformak ikus-entzunezkoen eremuan dagoen euskarazko edukien gabezia agerian utzi duela eta horren inguruko kontzientzia piztu izana nabarmendu eta eskertzen dute.

EREMU SOZIOEKONOMIKOA
Eremu sozioekonomikoari dagokionez, interes orokorreko zerbitzuetan, lege-betebeharrak dituztenek ere ez betetzeak egin dituzte hizkuntzaren alorrean. Energia hornitzaileak, telekomunikazio enpresak, finantza eta aseguru etxeak, garraio enpresak… ez dituzte bezeroen hizkuntza eskubideak bermatzen. Profesionalen zerbitzuetan, ostalaritzan eta bestelako negozio askotan euskararen presentzia eta arreta alboratzen dira, baina gaztelania, frantsesa eta atzerriko hizkuntzetan eskaintza nabarmena da. Halaber, bezeroekiko informazioa, fakturak, tiketak… oso gutxi dira euskaraz dituztenak. Merkataritza guneetan, adibidez, euskararen presentzia geroz eta urriagoa da, eta EAEn lege betebeharrak dituztenek ere ez dituzte betetzen.