INFO

Nafarren Biltzarra ospatu da, Gamazadaren 130. urteurrena oroituz

Orreaga Fundazioak antolatuta, Nafarren Biltzarrak musikaz eta dantzaz bete ditu Iruñea zaharreko karrikak, Foruen monumenturaino. Bertan, oroitarri honekin estu lotua dagoen Gamazadaren 130. urteurrena ospatu dute, eta Nafarroako Pedro Mariskala eta Leringo Kondea sariak banatu dituzte.

Gamazada oroitu dute matxinada haren omenez eraiki zen monumentuaren ondoan. (@asierbijoux)

Nafarren Biltzarra edo Nafarren Eguna izan da igande honetan Iruñea zaharrean, Orreaga Fundazioak prestatuta. Ekitaldi nagusian, Gamazadaren 130. urteurrena ospatu dute. Gamazada XIX. mendeko Nafarroa Garaiko herri matxinada bat izan zen; 1893an gertatu zen, German Gamazo alderdi liberaleko Ogasun ministroa Nafarroako foru erregimena deusezten saiatu zenean. Gamazadaren erdigunea Nafarroa Garaia izan zen arren, mobilizazioak Hego Euskal Herri osora hedatu ziren.

Protestek 1893ko maiatzetik 1894ko martxora arte iraun zuten, eta euskal nazionalismo politikoaren sorrera ekarri zuten. Gamazada goresteko, Nafarroa Garaiko herri eta hiri askotan kale eta plaza nagusiei Foruak izena jarri zieten. 1903an Iruñeko Sarasate pasealekuan eraiki zen gaur Foruen monumentua deitzen dena, Nafarroako Jauregiaren ondoan. Bertan egin da, hain zuzen, Nafarren Biltzarreko ekitaldia.

Nafarroako Pedro Mariskala

Foruen monumentuaren ondoan, Nafarroako Pedro Mariskala eta Leringo Kondea sariak banatu dituzte. Lehena, Gernikako Arbola Kantuz Elkarteari eman diote, ‘Gernikako Arbola’ ereserkia zabaltzeko eta ezagutzeko sortu zenetik egindako lanagatik, «herri honen erreferentzia gisa izan duen balioa aitortuz, duela 170 urte Jose Mari Iparragirre konpositoreak egindako lehen interpretaziotik».



Leringo Kondea izendapena, berriz, Carlos Gimeno Gurpegi Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak jaso du, Nafarroako Gobernuaren ageriko aurpegi gisa. «Euskararen garapena eta normalizazioa etengabe oztopatzeko lanagatik, maila guztietan, batez ere hezkuntzaren arloan eta administrazioaren lan eremuan duen aintzatespenean».

Ekitaldian, Peio eta Hidoi bikoteak parte hartu du, eta Nafarroako Ereserkia eta Gernikako Arbola interpretatu dituzte.

Kalejira

Eguerditik aurrera, Iruñea zaharreko kaleak musikaz eta dantzaz bete dira, Udaletxe plazan hasi den kalejira baten bidez. Ondoren, Mercaderes kaletik jarraitu dute, eta Chapitela kaletik, Gaztelu plazara iritsi dira.

Nafarroako bandera handi batek zabaldu du kalejira, hamabi joaldun eta Ezpelur Gaiteroekin. Eta Barañaingo trikitilariek eta Bittor Balentzia eta akordeoilariek itxi dute segizioa. Lau dantza taldek emanaldia egin dute Gaztelu plazan, Duguna txiki, Iruña Taldea, Muthiko Alaiak eta Txantreako Dantzariek, hain zuzen.

Sarasate pasealekutik Foruen monumentura joan dira. Hemen, Sagarrak taldearen txalapartak eta Bittor Elizagoien eta Mikel Alzuarten bertsoek egin diote ongi etorria kalejirari. Banderari agurra eta ohorezko aurreskua dantzatu dituzte.

Ekitaldiaren ondotik, herri bazkarian elkartu dira, Arrano Elkartean. Bertan musika, zozketak, bertsoak, dantzak... eta, batez ere, giro ederra izan dituzte.