INFO

Paul Ramsdenek eta Tim Millerrek Surma-Sarovar mendiaren lehen igoera lortu dute

Urrutiko lekuetan dagoen Salimor Khola ibarreko seimilako horren jarduera sinatzeko, sokada britainiarrak zortzi egun behar izan zituen. Eskalatutako 2.100 metroko bideak ED zailtasuna du.

Tim Miller luze batean sokaburu; Paul Ramsden alpinista beteranoa sokakide izan du. (Tim MILLER)

Sokada britainiarrak zortzi egun behar izan zituen, urrutiko lekuetan dagoen Salimor Khola ibarreko seimilako horren jarduera sinatzeko. Eskalatutako 2.100 metroko bideak ED zailtasuna du.

Nahiz eta adinean alde handia dagoen, Paul Ramsden eta Tim Miller alpinisten artean kimika berezia dute. Bikain elkar ulertzen dute, eta azken urteotan egin dituzten espedizioak iritzi horren isla dira.

Joan den urriaren 25ean, soka talde horrek Surma-Sarovar mendiaren (6.605 m) lehen igoera sinatu zuen. Ez zuten batere samurra izan, igo gabe zegoen seimilako horren tontorra zapaltzeko; izan ere, zortzi eguneko jarduera egin zuten.

Datu objektiboei begiratzen badiegu, laburpen hori ondo ulertuko dugu: 2.100 metroko bide bat zabaldu zuten, ED zailtasuna duena; eta hara iristeko, ibilbide oso nahasia egin zuten. Bai, Surma-Sarovar urrutiko lekuetan dagoen Salimor Khola ibarrean kokatuta dago. Millerek berak adierazi du: «Mendiaren oinarrira heltzea oso zaila izan zen. Bide egokiena bilatzeak asko eskatu zigun. Makina bat ibai zeharkatu genituen. Horregatik guztiagatik, uste dugu ibar horretan eskaladaren bat egitea ez dela batere erraza. Azken hogei urteotan inguru hartan espedizio gutxik jardun dute, eta ia gehienak etxera esku hutsik itzuli ziren. Hortaz, haran horretan dauden ia mendi gehienak ukitu gabe daude. Han izan diren alpinista batzuek zioten ibarraren hasieran zintzur bat zegoela eta sarbide zaila zuela. Zintzur horrek aldats pikoak ditu, eta amaieran aldapa malkartsuak gainditu behar dira. Teknikoki ez zela zaila, baina, bai, oso arriskutsua. Zama eramaileentzat toki oso txarra zen. Kanpaleku nagusia altxatu genuen lekuraino sei eguneko ibilbidea egin genuen».

Horri guztiari alpinista hauen estiloa gehitzen badiogu, emaitzak adierazten du jarduera alpino bikain baten aurrean gaudela. Eta hori diogu oso minimalistak izan zirelako; bazirudien Alpeetan eskalatzen ari zirela. Hitz gutxitan esanda, garaieran bide teknikoa ireki dute, hurbilketa bidea oso nahasiarekin eta eguraldi baldintza nahiko kaskarrekin.

Arrakasta ederra izan dute bi alpinistok, iaz Katmandutik gertu egin zuten espedizioak bezala. Irteera horretan, Ramsdenek eta Millerrek Jugal Spire mendia (6.563 m) igo zuten. Eta, hain justu, jarduera horrengatik Frantziako Urrezko Pioleta jaso berri dute.

Miller (ezkerra) eta Ramsden, pozarren, seimilakoaren gailurrean. (Tim MILLER)

Bada, joan den urrian, bikote horrek Nepalgo ipar-mendebaldean dagoen Salimor Khola ibarrera (Indiarekin eta Tibetekin muga egiten du) bidaiatu zuen. Helburu nagusia ingurumari hura esploratzea zen. Ez ziren bakarrik joan; bidaide Matt Glenn eta Hamish Frost izan zituzten.

Salimor Kholaren inguruan informazio oso gutxi zuten. Millerrek dioenez, bere kideak Google Earth-etik hiru mendiren izenak orri batean apuntatu zituen: «Saiatu ginen informazio ahalik gehiena biltzen. Lan hori zaila izan zen, besteak beste, haran hori oso alpinista gutxik bisitatu dutelako. Guk igotako mendiak, adibidez, bi ekinaldi izan ditu. Azken bi urteotakoak izan dira, eta badirudi tontorrik gabe itzuli zirela».

Zortzi egun

Oinarrizko kanpalekuan zeudela, lehen astea girora egokitzen izan ziren. Fase hori amaitu bezain laster, laukotea bi taldetan banatu zen. Ramsdenek eta Milerrek Surma-Sarovar mendiaren iparraldeko horma aukeratu zuten bitartean, Frostek eta Glennek arrokazko pareta bat zuen mendi zorrotz bat. Babesteko leku oso gutxi zuenez, azken sokada horrek ezin izan zuen helburua lortu. Bigarren xede batean ere saiatu ziren. 6.500 metroko mendi bat lortzeko zorian egon ziren, baina gailurretik 200 metrora geratu ziren. Elur ezegonkorrak eta eguraldi gaiztoak atzera egitera behartu zituzten.

Ramsdenen eta Millerren erronkak bestelako itxura zuen. Horrekin esan nahi dugu eginiko azterketek ziotela igoerarentzat eta jaitsierarentzat bide egokiak zeudela. Alabaina, kontrahorma batek galdera-marka bat ezarri zien. Milerren arabera, aukeratu zuten mendia, zaila izateaz gain, nahasia zen ere: «Ertz asko, zintzilik dauden glaziarrak, seracak… ditu. Ahultasun bat ikusi genion, eta, ia eztabaidarik egin gabe, saialdi bat egitera irten ginen».

Lehen buruhausteak mendiaren oinarrira heltzeko izan zituzten. Bi eguneko ibilbide horretan ibai bat zeharkatu behar zuten. Emari handia zuenez, kilometro batzuk egin zituzten leku seguru batetik zeharkatzeko. Protagonistok diote jarduera horren giltza nagusietako bat izan zela, arrakasta lortu ahal izateko.

Eremu hori gainditu bezain pronto, hormaren azpian jarri ziren. Lehen 800 metroak ez omen ziren gogorrak izan. Korridore batean sartu eta sigi-saga ibili ondoren, tarte estu batzuetan mistoko eta izotzezko aldats tenteak eskalatu zituzten. Horrela amaitu zen lehen eguna.

Biharamunean, berriz, tarte erraz batek izotz oso gogor batera (60°) eraman zituen: «Zangosagarrek asko sufritu zuten. Buruaren gainean arrokazko kontra-horma bat zegoen; hots, eskalada guztiak izan zuen tarte zailena. Harkaitzezko marra horretara heldu eta ohartu ginen murru bertikal bat gainditu behar zela. Eta ziur aski metro batzuk eskalada artifizialaz gainditu behar genituela. 800 metro eskalatu ondoren, murruaren oinarrian bigarren bibaka egin genuen».

Hirugarren egunean itxura oso eskasa zein zorrotza zuen kontra-horma horretan sartu ziren. Millerrek baieztatu du ezusteko ederra hartu zutela: «Arrokaren kalitatea espero genuena baino askoz trinkoagoa izan zen, eta eskalada ez zen hain gogorra izan. Oroitzapen oso onak ditut igotako luze horiekin. Gehienez, M5 mailako luzeak igo genituen. Dorre ikusgarri baten amaieran gaua igaro genuen».

Laugarrena gailur eguna izan zen. Eguerdian igo gabe zegoen seimilako horren puntu garaienean zeuden. Hala ere, alpinista britainiarrak onartu du azken zatiak zalantzak sortu zizkiela: «Ez zen zaila, baina tenperaturak behera egin zuen. Horrez gain, elurra ari zuen eta ikuspen oso gutxi genuen. Horrek guztiak aurreko hiru egunetako erritmoa erabat mantsotu zuen. Hatzak zein behatzak izoztuta genituen!».

Britainiarrek Surma-Sarovar mendiaren lehen igoera erdietsi dute. (Tim MILLER)

Eguraldia atertu ordez, asko okertu zen, eta, ikuspen txarra zutenez, gailurraren azpian bibaka egin zuten. Biharamunean, alpinistak ohartu ziren ekaitzaren ondorioz hogeita hamar zentimetroko elur geruza pilatu zela. Elurroldeen mamua piztu zen.

Millerren esanetan, igoera baino askoz ere gogorragoa izan zen jaitsiera; jarduera osoaren giltza inportanteena izan zen: «Elur sakona, rappel diagonal nahasiak, seracak saihestu, plaka ezegonkorra deseskalatu… Paul eta biok leher eginda iritsi ginen; ia ezin genuen hitzik ahoskatu. Geure buruei asko eskatu zien jaitsiera mantsoa izan zen. Batez ere, elur jausien arriskuengatik. Gainera, glaziarrera erabat deshidratatuta heldu ginen».

Zortzi eguneko jarduera (sei, seimilakoan) horren inguruan, Milerrek azken hausnarketa bat egin nahi zian du. Momentuz, ez omen da berriro ibar horretara itzuliko. Nahiago du leku eta mendi berriak esploratu, eta horretarako kide ezin hobea du: «Talde lanari azpimarra jartzen diot; izan ere, Paulekin sokada bikaina osatzen dut. Norberak bere ahultasunak eta sendotasuna ditugu. Paulek nik baino hogei urte gehiago ditu; eskarmentu oso aberatsa du. Ikerketa lan guztiak egiten ditu; hots, mendi seguruak eta ederrak bilatzen ditu. Sistematikoa eta zehatza da egiten dituen ikerketetan. Nire lan nagusia luze zailetan eta nahasietan sokaburu joatea da. Bide batez esan behar dut biok ala biok filosofia bera dugula. Estilo alpinoa aldarrikatu eta indarrean jartzen dugu».