INFO

Vanessa, Andorrak abortua debekatzen duela NBEn salatzera ausartu zen emakumea

NBEan Andorran haurdunaldia eteteko eskubiderik ez dagoela salatzeagatik, difamazioagatik epaitegira eraman dute Vanessa Mendoza Cortes aktibista. Estatu espainolarekin eta frantsesarekin mugan dagoen Andorra «apezpikuak, misoginiak eta eskuin muturrak gobernatzen dutela» deitoratzen du.

Vanessa Mendoza, Andorrako aktibista, Kataluniako Parlamentean prentsaurreko batean. (Parlament | EUROPA PRESS)

Vanessa Mendoza Cortesek difamazioa leporatuta epaiketa bati egin beharko dio aurre astelehen honetan, 2019an Andorrak ez zuela abortatzen uzten Nazio Batuen Erakundearen aurrean salatu ostean. Egoera hori herrialdea «Urgelleko apezpikuak, misoginiak eta eskuin muturrak gobernatzen dutelako» posible dela dio.

«Emakumea, feminista, lesbiana eta ijitoa», Mendozak Eferi eskainitako elkarrizketa batean esan duenez, identitate horiek guztiek «zerikusi handia dute» jasoko duen epaiketarekin. «Teokrazia parlamentario»tzat jo du Andorra, bi «printze-kideak» dituela gogoratuz; Joan-Enric Vives, Urgelleko gotzaina, eta Emmanuel Macron, Estatu frantseseko presidentea.

Hala ere, epaitegira joateko ordu gutxi falta direnean azaldu duenez, Xavier Espot gobernuburuak berak sinatu zuen salaketa, eta, ugalketa- eta sexu-eskubideetan aditua den psikologo honen arabera, «jada gauza pertsonal bat bihurtu da».

2019ko urrian, Stop Violències elkarteko aktibistak Emakumearen Aurkako Diskriminazio Mota Oro Ezabatzeari Euruzko Konbentzioak (CEDAW, ingelesezko sigletan) parte hartu zuen. Bertan Andorrako aldizkako azterketa ari ziren egiten Nazio Batuen Batzordearen aurrean, eta txosten kritiko bat helarazi zuen Mendozak, «emakumeen eta nesken babes eza eta abortuaren egungo erabateko debekuaren ondorio kaltegarriak» barnebiltzen zituena.

«Andorran neskato bat bortxatzen badute, ezin duela abortatu esaten dizute», ohartarazi du Mendozak. Salatu du emakumeek Kataluniara jo behar dutela haurdunaldia eteteko eta, haurdunaldiaren unearen arabera, 300 eta 8.000 euro artean ordaindu behar dutela.

Emakumeak Kataluniara joan behar dira haurdunaldia eteteko, eta 300 eta 8.000 euro artean ordaindu behar dute.

Amnistia Internazionala bezalako GKEek babesa eman diote Mendozari, eta Andorrako sexu- eta ugalketa-eskubideen egoera gaitzetsi dute, aste honetan bertan, Europako Kontseiluarekin batera.

Dunja Mijatovicek, erakunde honetako Giza Eskubideen komisarioak, gogor kritikatu du Mendozaren aurkako auzia, ekintzailearen eta antzeko kausak defendatzen dituzten beste pertsona batzuen adierazpen askatasuna murrizten duelako.

Hori dela eta, Mijatovicek idatzi batean eskatu die Andorrako agintariei «beharrezko neurriak» har ditzatela herrialdean emakumeen eskubideen defentsa bermatzeko.

Europar Batasuneko bi estaturekin muga egiten duen herrialde batean legedia hain desberdina nola izan daitekeen galdetuta, aktibista ezkor agertu da, «gotzain batek gobernatzen duen bitartean» egoera ez dela aldatuko aurreikusten duelako.

«Zuek lurrinak erosten dizkiguzue, guk eskubideak»

«Kataluniarekin hizkuntza partekatzen dugu, baina ez ditugu eskubide berberak. Zuen Marina d'Or gara. Jendeak asteburua pasatzen du, baina ez du egunkari bat irekitzen nola bizi garen ikusteko», deitoratu du Mendozak. «Andorrara zatozte lurrinak erostera, eta gu abortuarena bezalako eskubideak erostera jaisten gara», gaineratu du.

Hasiera batean espetxeratzea zekarten karguei aurre egin behar izan zien, baina Fiskaltzaren eskaeretatik desagertu ziren gero. Orain 6.000 euroko isun bati egin beharko dio aurre, 6.000 euro gehiagoko kalte ordain bati, bai eta sei hilabeteko gaitasungabetzeari ere.

«Kataluniarekin hizkuntza partekatzen dugu, baina ez ditugu eskubide berberak. Zuen Marina d'Or gara. Jendeak asteburua pasatzen du, baina ez du egunkari bat irekitzen nola bizi garen ikusteko», dio Mendozak.

Akusazioak, zehazki, Andorrako Zigor Kodearen 325. artikulua du oinarri. Artikulu horrek zigortu egiten du «bere faltsutasuna edo egiarekiko mespretxu ausartegia jakinda, publikoki inputazioak egiten dituena Kontseilu Nagusiaren, Gobernuaren, Justizia Kontseilu Nagusiaren, organo judizialen, Ministerio Fiskalaren...» aurka.

Epaiketa astelehenean hasiko da Batllian (Andorrako Epaitegia). Akusatuarentzat «neurrigabea» da epaiketa hori, baina ez du espero errugabe ateratzea.

«Nire aurka joango dira, kondenatuko naute, ahotsa altxatu behar ez delako. Hau da zabaldu nahi duten mezua», iragarri du aktibistak. Hala ere, Andorrako emakume askok (batzuek publikoki ere) eskerrak eman dizkiotela nabarmendu du.

Datu pertsonalik eman nahi ez duen arren, Stop Violències erakundeak urtean 40 emakume inguru artatzen ditu, gehienak «pobreak», aldi baterako langileak, eta askok bikotekideen edo bikotekide ohien sexu-erasoak jasan dituztenak.