INFO

‘Gernikan, Gazan’; Ken Zazpiren kantua moldatu dute Palestinako sarraskia salatzeko

Ostiralerako deituta dagoen mobilizazioaren harira, Ken Zazpiren ‘Gernikan’ moldatu dute Eñaut Elorrieta, Mohammad Farajallah, OI.E.S eta Ikrame Benzyanek. Abenduaren 8an Gernikan entzuteko aukera egongo da.

Gernikan ostiral honetarako deitutako ekitaldirako gonbita, orain kantu baten bidez ere. (Andoni Canellada | Foku)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Ken Zazpi taldearen ‘Gernikan’ kantuaren bertsioa egin dute: ‘Gernikan, Gazan’. Eñaut Elorrieta, Mohammad Farajallah, OI.E.S eta Ikrame Benzyanek egin dute moldaketa, abenduaren 8an Gernika-Palestina Herri Ekimenak deitutako mobilizazioaren harira. Hain zuzen ere, Gernikan egingo dute mobilizazioa, 12.00etan.

Abestiaren letra originala Gernikako bonbardaketan hildako pertsonen zerrenda da eta bertsio berrian Gazan hildakoenak gehitu dizkiete. Ekimenetik gogora ekarri nahi izan dute «zoritxarrez» Palestinako sarraskia ez dela eten, eta zerrenda «makabro» hori etengabe ari dela luzatzen.

Horren aurrean Mendebaldeko agintariak agertzen ari diren jarrera salatu dute: «Ez dute inolako erreakzio irmorik». Horrela, palestinarrek mundu mailan mobilizazioekin jarraitzeko egin duten deiarekin bat egiteko eskatu dute.

16.000 inguru dira dagoeneko hildakoak, gehienak umeak, herri ekimenak gogorarazi duenez. Horrela, lehendik ere hunkigarria zen kantuaren moldaketarekin biktimak «ahanzturan galtzea» ekidin nahi dute.

Musika moldatzeaz Eñaut Elorrieta arduratu da eta Mohammad Farajallah, OI.E.S eta Ikrame Benzyanek egokitu dute letra. Haritz Harreguyk egin ditu bai grabaketa eta baita nahasketak ere. Masterizazioaz eta produkzioaz, ordea, Oh Brother Studio eta Igor Otxoa arduratu dira, hurrenez hurren.