INFO

Hugo Rincon, Olabarrieta eta Jauregizar; Gurpegiren Bilbao Athleticen erakusgarriak

Hiru lehoikumeak lehen taldearekin entrenatzera igo ditu Ernesto Valverdek eta Cayonen kontrako Kopako kanporaketaren deialdian sartu dira. Izan ere, Dani Garcia, Yeray eta Vesga min hartuta daude. Lekuek eta Herrerak, berriz, atsedena izango dute.

Hugo Rincon eta Olabarrieta gol bat ospatzen. (@AthleticClub)

Carlos Gurpegik zuzentzen duen Bilbao Athletic jaun eta jabe da Bigarren Federazio mailan. Hamabi partida irabazi ditu jarraian eta zazpi puntutako aldea ateratzen dio bigarren sailkatua den Utebo taldeari. 30 gol egin dituzte 14 jardunalditan eta bost bakarrik jaso dituzte. Zenbakiek argi uzten dute, erasoan talde indartsua direla eta defentsako lanetan ere oso sendoak. Aurtengo helburu nagusia igotzea da; baina beti bezala, aldi berean, lehen taldean aritu daitezkeen jokalariak hezi behar dira.

Minutuen banaketari begiratuz gero, hamaikako bat atera daiteke. Padilla izango litzateke atezain titularra, nahiz eta Gastesik ere aukerak izan dituen. Defentsaren lauko lerroa Hugo Rinconek, Unai Egiluzek, Jon de Luisek eta Aymanek osatuko lukete. Zelai erdian, berriz, Mikel Jauregizar eta Gerenabarrena izan dira ohikoenak euskarrian eta Ibon Sanchez aritu da apur bat gorago. Izeta da erdiko aurrelaria eta golegile nagusia eta hegaletan Mattheus eta Aingeru Olabarrieta izan dira jokalari erabilienak. Nahiz eta hasieratik gutxitan aritu den Iker Varelaren lana ere azpimarratzekoa da. Hiru gol egin ditu hegalekoak.

Hugo Rincon Kopako lehen kanporaketako deialdian sartu zen. (@AthleticClub)
Hugo Rincon Kopako lehen kanporaketako deialdian sartu zen. (@AthleticClub)

Talde titular horretan aipatutako Hugo Rincon, Jauregizar eta Olabarrieta dira Gurpegiren Bilbao Athleticen erakusgarriak. Valverdek lehen taldearekin entrenatzera igo ditu azken egunetan eta Kopako deialdian sartu dira.

Hugo Rincon aulkian izan zen Rubiren kontrako kanporaketan eta Vila-realen aurka. Defentsaren eskuin aldean aritzen den jokalaria Osasunako Pablo Ibañezen lehengusua da eta denboraldi aurrean ere lehen taldearekin izan zen. 21 urte beteko ditu urtarrilean eta fisikoki oso indartsua da. Erraz egiten du gora hegaletik eta gol bat lortu du. De Marcos deialdian dago, Iker Muniain kapitaina bezala. Iñigo Lekuek eta Ander Herrerak, ordea, atsedena izango dute.

Zelai erdian ere Dani Garcia eta Vesga lesionaturik daude. Gainera, Ander Herrerak hainbat arazo fisiko izan ditu PSGetik etorri zenetik eta Rayoren aurka partida osoa jokatu zuen.

Unai Gomez hamaikakoan sartu zen Kopako lehen kanporaketan eta bere herrikidea den Mikel Jauregizar ere deialdian egon daiteke. Bermeotarrak dira biak eta 2003an jaioak. Jauregizar Basconian izan zen joan den denboraldian Gurpegirekin eta Bilbao Athleticen hamaikakoetan toki bat egin du. Denboraldi aurrean lehen taldearekin egon zen Junior Bitari aurre hartu dio eta gol bat egin du jokatutako 14 partidetan.

Mikel Jauregizarrek zelai erdian jokatzen du. (@AthleticClub)
Mikel Jauregizarrek zelai erdian jokatzen du. (@AthleticClub)

Aingeru Olabarrietak bigarren taldearekin erakutsitako dohaiak ere nabarmentzekoak dira. Gazteen mailatik igo da zuzenean eta 18 urte egin berri ditu. 2005ekoa da, Peio Canalesen eta Aimar Vicandiren belaunaldikoa. Iaz, Bittor Llopisekin liga irabazi, eta Kopako eta Txapeldunen Kopako finalerdietara iritsi zen taldeko kidea.

Erasoko jokalaria da, eta ezkertia izan arren, eskuin hegaletik ari da jokatzen. Arabako Luiando herrian sortua, trebea da baloiarekin izkin egiten. Hiru gol daramatza Bilbao Athleticekin eta bikain egokitu da maila berrira. Lehen taldera igotzeko Lezaman ate joka dabiln futbolari gazteetako bat da.

Aingeru Olabarrietak 18 urte ditu eta hiru gol egin ditu bigarren taldearekin. (@AthleticClub)
Aingeru Olabarrietak 18 urte ditu eta hiru gol egin ditu bigarren taldearekin. (@AthleticClub)