INFO

Lau eta Erdiko finalista berri bat ekarriko dute Abadiñon jokatuko diren finalerdiek

Master Cupeko Lau eta Erdiko txapelketa iritsi da bere fase erabakiorrera. Asteazken honetan, 12.00etatik hasita, finalerdiak jokatuko dira, Abadiñon. Alde batetik, Zabaleta eta Garai lehiatuko dira, beraien lehendabiziko finala helburua; eta beste aldetik, Arrillaga eta Aldai neurtuko dira.

Arrillaga eta Aldairen arteko besarkada, 2021eko finalean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bigarren urtez jarraian, Abadiñoko Matiena pilotalekuak jasoko ditu Master Laboral Kutxako Lau eta Erdiko finalerdiak. Egun osoko festa izango da biharkoa, eguerdian, ETB-1eko kamerak zuzenean direla pilota mistoko finalerdiak jokatuko baitira eta arratsaldez (16.00etatik aurrera) beste lau mailatako beste zortzi finalerdi. Hau da, gaur egungo emakumeen esku pilotaren errealitate guztietako pilotaririk onenak Matienan izango dira, pilotazaleen gozamenerako.

Urteko txapelketarik garrantzitsuena heldu da bere azken txanpara eta lehia ikusgarriak tarteko, aurtengo edizioak finalista berri bat izango du, elkarren aurka arituko diren Leire Garai eta Goiuri Zabaleta ez dira eta inoiz horren urrutira heldu txapelketa honetan. Aurrelari gasteiztarra sasoi oso onean eta moralez gainezka helduko da Matienara, final laurdenetan Olatz Arrizabalaga bezalako pilotari handi bati nagusitasunez gailenduta. Kantxan sendotasun handia irabazi du Garaik azken hilabeteetan eta lehendik zituen dohaiei askoz etekin handiagoa ateratzeko gai da gaur egun. Parean txapelketa ikusgarria egin duen Goiuri Zabaleta gaztea izango du. Leitzarra hiru partida irabazita dator eta bere burua onenen artean egonkortzea lortu du. Errematean izugarrizko dohaiak ditu eta ikuskizuna bermatua dago bere dejadekin.

Beste finalerdian txapelketa honetan txapeldun izandako bi emakumeen arteko dema izango da, Amaia Aldai eta Miriam Arrillaga. Azken bi urteetan garaipena eskuratuta, dimarrak historia egiten jarraitu nahi du hirugarren txapela jantzita, baina horretarako pilota mistoarekin lehen txapela jantzi zuen emakumea gainditu beharko du. Estilo arteko talka izango da, oldarkorragoa Aldai eta seguruagoa berriz ere onenen artean dagoen Arrilllaga, bere erritmoa ezartzen asmatzen duenak asko izango du irabazia.