INFO

Begoña Iturrizak jantziko dio txapela Bizkaiko bertsolari txapeldunari

Begoña Iturriza Zabalak jantziko dio txapela aurtengo Bizkaiko bertsolari txapeldunari, heldu den abenduaren 16an Bilboko Miribillan jokatuko den finalean. Bizkaiko Bertsozale Elkartearen sorrerako kide izan zen duela 40 urte.

Begoña Iturrizak jantziko dio txapela Bizkaiko bertsolari txapeldunari. (BIZKAIKO BERTSOZALE ELKARTEA)

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak 40 urte bete ditu aurten, eta ospakizunez gain, egindako bideari ere aitortza egin nahi diote. Ibilbideari hasiera eman ziotenei eskerrak eman eta beren beharra ikusaraztea erabaki dute. Horren erakusle da Begoña Iturriza Zabala aurtengo txapelketako txapel emaile izatea.

Gogoratu dutenez, 1983an sortu zen egun Bizkaiko Bertsozale Elkarte legez ezagutzen duguna, Bizkaiko bertso eskolek beren artean batzeko hartutako erabakiaren ondorioz. Beren lan eskergak bultzada handia eman zion Bizkaiko bertso eta euskaltzaletasunari.

Horien artean egon zen Iturriza bera ere. 1947an Bergaran jaioa, txikia zela joan zen familia Bilboko Santutxu auzora, eta bertan pasatu du bizitza osoa. Ez zen familia bertsozale batean jaio, baina bai familia euskaldun eta euskaltzale batean: amak euskaraz egiten zien beti, etxean zein kalean. 

Bi mugarri bertsolaritzan sartzeko

Gazte zela erdi galdu egin zuen euskara, eta berau berreskuratzeko lagun izan zuen bertsolaritza. Bi mugarri izan zituen bertsolaritzan sartzeko: batetik, Oteizak bertsolaritzagatik esan zituenak, harek baitzioen bertsoak bazuela «misterio» bat. Bestetik, Xabier Amurizaren 1980ko Txapelketa Nagusiak. Amurizak beste bertsolaritza eredu bat plazaratu zuen, eta Iturriza guztiz harrapatu zuen. Ordutik, zornotzarraren beraren bertso ikastaroan parte hartu zuen, Bilboko Alde Zaharrean. Gerora, Santutxuko bertso eskolan eman zuen izena.

Ordutik bertsoak ikasten zein irakasten aritu zen 20 urtez.

Santutxuko bertso eskola hura laster bihurtu zen Bilbo eta inguruetako mugimendu bertsozale eta euskaltzalearen erdigune, eta ekimenak antolatzen zituzten nonahi. Behar militante handia zegoen: bertso saioen antolaketa, bertsolariak eurak lotzea, gaiak jartzea… Horretan ibiltzen ziren Iturriza eta bere kideak. Bizkaiko gainontzeko bertso eskolekin ere harreman estua zuten. Horrela sortu zen, hain zuzen ere, Bizkaiko Bertsozale Elkartea.

Bertso eskolan soilik ez, Bilbo eta inguruetako bertso saio eta ekitaldietan antolakuntza lanetan ibili izan da Begoña Iturriza, beti bertsoari lotuta. Urte luzez aritu izan da oholtzaren beste aldetik, gehienetan, inoiz gainean izan bada ere: gai jartzen zein bertso batzuk botatzen ere.

Bi gertaerak markatu dute Iturrizaren ibilbidea. Batetik, 1982an, Basauriko Hamaiken aurkako epaiketa puri-purian zegoenean, kantaldi bat antolatu zuten Bilbon, abortatzeagatik zigortu nahi zituzten emakume horien alde. Iturriza oholtza gainean izan zen, Kristina Mardarasekin batera, eurei abesten.

Bestetik, 1987ko Araba-Bizkaia Bertsolari Txapelketan traskribatzaile lanak egin zituen. Garai hartan ez zegoen bertsoen idazkerarako irizpiderik, beraz, ez zen lan makala izan berea.

40 urte geroago, bertsoari lotuta

40 urte geroago, Iturrizak oso lotuta jarraitzen du bertso munduari. Aurpegi ohikoa da txapelketan zein bertatik kanpo.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala abenduaren 16an jokatuko da Bilboko Miribillan, 17.00etan hasita. Momentu hunkigarrienetako bat izango da Iturriza txapeldunari txapela janzten ikustea.