Agroekologiaren oasi bat sortu nahi du Zestoan Biolurrek eta laguntza behar du
Amillubi Lurra Taupaka izena eman dio Biolurrek Zestoan sortu nahi duen egitasmoari. Amillubi baserria eta haren lurrak modu kolektiboan erostea du abiapuntu proiektuak eta, helburua, horiek agroekologiatik lantzea, «herritarrek elikagaiak eta nekazariek lurrak izan ditzaten».
«Eusten gaituen lurra ondasun kolektibo bilakatzeko» proiektu berri baten berri eman du Biolur nekazaritza ekologikoaren aldeko elkarteak. Egitasmo anbiziotsua da: Zestoako Iraeta auzoko Amillubi baserria eta honen lurrak erosiko ditu, hauek agroekologiara bideratzeko. Kolektiboak izango dira lurrak, beraz, baita erosketa ere, eta herritarrek laguntza ekonomikoa eman dezaten behar du.
Abenduaren 1ean, Azpeitiko Azoka plazan aurkeztu zuten herritarren aurrera Amillubi Lurra Taupaka, bi urtez «su motelean» landu ostean orain «bor-borka» dagoen proiektua. Agroekologia eredu, jauzi bat eman nahi du Biolurrek, eta hasieran Urola Kostako eskualdean, baina aurrerago Gipuzkoa mailan, garatuko den egitasmo kolektiboa jarri asmo du martxan.
Zestoako Iraeta auzoko baserria eta haren lurrak erosiko ditu modu kolektiboan. 390.000 euro behar dituzte erosteko eta baserria konpontzeko, eta herritarren eskura jarri dituzte ekarpenak egiteko hainbat modu: bide nagusia Koop57rekin abian jarri duten crowdfunding-a izango da, baina zuzeneko dohaintzak ere egiteko modua izango da, besteak beste. Wegbunean zehaztu dituzte ekarpena egiteko era guztiak.
Orotara, 2,5 hektarea nekazal-lur, 1,5 hektarea belardi natural eta bost hektarea baso eskuratuko ditu Biolurrek, bertan lurrarekin errespetuzkoak diren laborantza proiektuak garatzeko. Hasiera batean, lurrak nekazaritza profesionalean aritzen diren beharginen esku jarriko dituzte eta, dena ondo bidean, datorren udaberrian hasiko dira landaketekin. Gerora, bitartekoak sortu nahi dituzte bizimodua nekazaritzara bideratu nahi duten herritarrentzat eta, aurrera begira, hornikuntza zentro baten izaera hartuko luke proiektuak. «Baina bideak erakutsiko digu beste hainbat gauza egin ditzakegula», gaineratu zuten aurkezpenean.
Bertatik sustatuko dituzte, halaber, formazioa eta nekazarien arteko saretzea, eta onurak, segurtatu zutenez, asko eta askotarikoak izango dira: besteak beste, herritarren eskura jartzea bertakoak eta osasuntsuak izango diren produktuak, nekazariek lurrak modu duinean lantzeko aukera zabaltzea, lurra espekulaziotik zein artifizializaziotik babestea eta lehen sektorea indartzea, langileen baldintzetatik hasita.
Ipar Euskal Herriko Lurzaindia egitasmoa dute eredu, eta Amillubi bide horretan Hegoaldean landatuko den «lehenengo hazia» izango da.
Horrelako proiektu bat abiatzeko arrazoiak ez dira falta, zehaztu zutenez. Azken 30 urteetan, 5.500 hektarea galdu dira Gipuzkoan, 8.000 futbol zelai adina. Bestalde, EAEko populazioaren %1a besterik ez da aritzen nekazaritzan, eta datozen hamar urteetan, erdia erretiratu egingo da. Egun kontsumitzen den %90a baino gehiago inportatutakoa da, eta «horrek menpeko egiten gaitu», ohartarazi zuten. «Ekiteko garaia» dela sinestuta, deriba hori zuzendu nahi dute Amillubi Lurra Taupakarekin.
Iraetako meandroa
Amillubi baserriaren kokapena «estrategikoa» da. Zestoako Iraeta auzoan dago, Urola ibaiak sortzen duen ezohiko meandroan eta, beraz, nekazaritzarako balio handiko lurrak dira, ur faltarik ez dutenak . Gainera, Amillubiko lurrak entitate-publikoaren jabetza duten 26 hektareako nekazaritza lur gisa kalifikatuta dauden eremu zabal baten alboan daude, etorkizunera begira proiektua hedatzeko aukera eskainiz. Kokapena lagungarria da, halaber, elikagaien banaketarako, zehaztu zutenez.