INFO

Icebergak eskritorio gainean

‘Juana’ nobelaren paisaia osatu duten zenbait elementu. Tartean, Juana Perearen familia, protagonista bera tximeleta masailean duela. (Jon ARTANO)

2020ko urriaren 28ko gauari eder-ederra iritzi zion. Ilargia ia betea zen eta pozik zegoen Juana, etorkizunerako planak eginaz. Hondartzako olatuen hotsa eta oihaneko zurrumurrua baino ez zen entzuten bizi zen lekuan. 20:53an Foca zaunka batean hasi zen. Piztiaren bat ote zen pentsatu zuen Juanak, jaguar eme bat kumearekin sumatu baitzuten inguruan azken asteetan… piztiak agertu ziren, hankabikoak, ordea. Etxean izan zuten ia sei orduz. Gero, seguru asko norabait zeramatela esanda, hiru gizonek txalupa batera igoarazi eta itsas zabalerantz jo zuten. Kostatik urruntzean txaluparen martxa gelditu zuten, uhinen mende kulunkan geratuz ilargi-argitan. Juanaren azkena zen, eta berak ere igarri zion. Belaunikarazi egin zuten, eta denbora puxka batean izan zuten horrela. Gero burua kareletik kanpora aterarazi zioten. Eta, orduan, gizonetako batek arma bat hartu zuen, kanoia Juanaren buru parean jarri, eta tiro egin zion hiru biderrez.

«Aurrera egiteko sekretua da: hastea. Hasteko sekretua da: gain hartzen dizuten zeregin gaitz horiek denak zeregin txiki samurretan zatitu, eta lehenengoarekin hastea»
Mark Twain

Nonbaitetik hasi beharra dago. Ni plantak egitetik hasi nintzen. Plantak egiteko atrezzo bilatzetik, dena esatera.

Zestoako Arocena hotelean izan zen. 200 logela eta 115 urte dituen eraikin monumentala da, –behinola ondo zaindutako– lorategiz inguratuta, azken dozena-erdi urtean itxita, eta usteltzen, dutena. Kontua da brokante bat antolatu zutela eraikinaren jabeek, hango zaharkinak paretik kentzeko: era guztietako mahai-tresneria eta edalontziak, zientoka intxaur kraskagailu, pitxarrak… eta gero altzari-jendea: estanpatu vintagedun aulkiak, mesanotxeak, bionboak, koltxoiak, ispiluak, antigoaleko telefonoak… baita aitorleku bat ere.

Zurezko tiradera eder batzuk topatu ditut, brontzezko eskulekudunak, zortzina euroan salgai. Argazkia atera eta lagunari bidali diot whatsappa: «Kaxoi hauek zoragarriak iruditzen zaizkidak; eskritorio bat egiteko erabili al ditzakek?». Laguna musikaria da, Ezpalak-en jotzen du eta, gauzak zer diren, arotz lanetan ere artista da. «Zer edo zer asmatuko diagu», erantzun dit. Asmatu eta azertatu, biak egin zituen, haritz ohol bat erantsiz kaxoiei.

Horrela lortu nuen eskritorioa, idazletzan hasteko parapetoa. 2021eko udazkena zen, irratian eszedentzia hartu eta erredakziokoak despeditu berri nituen. Nire idazmahai flamante hori etxeko txapitulara igo, eta hormaren kontra jarri nuen. Parean Hego Amerikako mapa erraldoi bat zintzilikatu nuen, eta post-itez betetzen hasi nintzen. Ezer baino lehen idazle plantak egin nituela, alegia. Fake it till you make it.

«Hiru arau daude idazteko. Zoritxarrez, inor ez da ados jartzen zein diren esateko orduan»
Sommerset Maugham

Ez nituen idazletzaren arauak ezagutzen, zer aterako zen aztarrenik ere ez nuen… baina banuen motibazioa. Grina hori nondik zetorren eta nola kanalizatu nuen azaltzeko, baina, irakurketa bat aipatu behar dizuet: Jasone Osororen ‘Arrakasta’. Izozmendiak ageri dira liburu horren amaieran. «[Arrakasta] izozmendi baten tontorrean idatzitako hitza da –dio Osorok–, baina azpian dagoen itsasoan askoz hitz gehiago daude».  Gero izozmendi baten marrazkia ageri da, icebergaren erpinaren gainean ‘arrakasta’ hitza dago. Urpean, hiru hitz:  izotz masaren barnean ‘ekin’, eta azpian ‘pentsatu’ eta ‘sentitu’.

Eta jarraitzen du Osorok: «Arrankatu egin behar da, martxan jarri behar gara». Neu horretan! pentsatu dut. «Zerk jartzen gaitu martxan? Bada, izan daiteke pentsamendu bat edo izan daiteke sentimendu bat». Pentsamenduak sentimendu batera eta horrek ekintzara eraman gaitzakeela dio elgoibartarrak; edo sentimendu batek hausnarketa eragin eta hortik has gaitezkeela ekiten. Logika horrek badu nik bizitakoaren traza.

Begi ertzetan zimurrak pilatutako sentimendu bat banuen nik ordurako: liburu bat idazten saiatu nahi nuen. Eta ia hori bezain aspaldiko pentsamendua: Tene Mujika beka lortzea. Bi ‘sentipentsamendu’ horiek apapa atera zituena Latinoamerikan korrespontsal izan nintzen urteetan pilatutako ezinak, frustrazioak eta antsiak izan ziren. Kontu-kitatze bat, nolabait.

Albistegietan obsoleszentzia basatia jasaten dute herrialde pobreetako kontuek. Horiek kontatzeko paraxutista tipora aritu behar da: lur hartu, argazkia egin, eta ospa. Eta lekurik ez da ñabardurentzat, detaileentzat. Eta astirik ez testuingurua azaltzeko –testuinguruaz jabetzeko ere ez, sarri–. Molde horiek ez dira egokiak jendeengana gerturatzeko, enpatizatzeko, sakontzeko… Su txikian egin nahi nuen kazetaritza. Bulkada hori izan zen detonatzailea. Eta bilatu nituen gaiak, diseinatu nuen bide orria, aurkeztu nuen “Anderik Ande” proiektua eta irabazi nuen beka. Eta gero Ameriketako bizkarrezurrean barrena bidaia bati ekin nion.

Autobusez, autoz, taxiz, moto-taxiz, oinez. Zamaontzi, belaontzi, lantxa azkar eta arraun-txalupa. 28 hegaldi hartu nituen. Sei hilabetez ehiztari-biltzaile izan nintzen: nomada, istorio peskizan; Suaren Lurraldeko glaziarretatik Amazoniara.  Pasatu nituen Argentina, Txile, Bolivia, Peru, Ekuador eta, azkenik, Kolonbia.
Etxera itzultzean beste bidaia bat hasi zen, eskritorio aurrean jarrita egin beharrekoa. Kieto jardun nintzen. Tira, ez erabat. Bi migrazio egin nituen: neguko hotzak iritsi zirenean, idazmahaia eta biok teilatupetik tximinia ondora mugitu ginen; udaberri usaina sumatzean, tximinia ondotik leiho parera.

«Idaztea aurkikuntza prozesua bilakatu zenez, desiratzen egoten nintzen goiza iritsi eta lanean hasteko: zer esango nuen jakin nahi nuen»
Sharon O’Brien

O’Brienena gertatu izan zait niri. Ez hainbeste zer esango nuen jakiteko, ez da hori. Kontua da, nola ez dakit baina, iluntzero samar, etsi antzean lanari utzi eta afari-pasada egiteko zerbait kozinatzen hasten nintzenean, fantasiatxo batek narkotizatzen ninduela: Bai, Jon, bihar laostia izango duk! Bihar egurra aterako duk. Eta, aizue, gauza ederra da goizerako ilusioz oheratzea. Gero, jakina, biharamunak Forrest Gumpen bonboi kaxarena egiten zuen: egun ona noizik eta behin, erdipurdikoa maiz, eta bezpera baino ximelagoa ez gutxitan. Edonola ere, gauez baikortasun berberak hartzen ninduen. Eta eskerrak, osterantzean...

Hasiberriarena gertatu zitzaidan ‘Anderik Ande’ proiektuarekin: zer kontatua izango nuela bermatzeko, sare handiegia bota, eta kontu gehiegi bildu. Azkena jasotako istorioa jorratzeari ekin nion etxeratu ahala. Huraxe nuen freskoena, eta egundoko istorioa zen, gainera; xurgatu egin ninduen. Juana Perea Platarena liburuko azken kapitulua izango zela sinetsita nengoen. Alabaina, istorioa hazi egin zitzaidan, entrega epea uzkurtu, eta neu itolarritu. Besoak antxumatuta ez nengoela frogatzeko. Juanarena pasa nion editoreari. «Hemen bazagok liburu bat», esan zidan. Horrelaxe izan zen.

Et-et-et… egon pixka bat. Sormen prozesuaz idazteko eskatu didate hemen, eta “Juana”-ren zirriborroa idazten pasatako bi hilabeteak bi esalditan despatxatu ditut. Eman ditzadan titular batzuk, badarik ere.

«Zure intuizioak badaki zer idatzi; beraz, kendu paretik»
Ray Bradbury

Pijama-egunak. Etxeko arropak erantzi ere egin gabe, kalera atera gabe. Idaztea saihesteko edozer eginaz. Edozer. Komuna inoizko garbien izan nuen garai horretan.

Blokeo-aldiak. Mordoxka bat –loria mementoak baino ugariago eta askozzz luzeagoak–. Horiek gainditzeko nire errezeta: bikotekidea edo senideren bat sparring hartuta egindako paseo-hizketaldiak. Nik kontakizuna egiten nien, enegarrenez. Askotan ekarpenak egiten zizkidaten, galdera edo aholku pertinenteak; eta, horien faltan, ahots  goran neure kontakizuna entzuteak, ia beti, argixeago ikusarazten zidan hartu beharreko zidorra. Eta zalantzak hor badirau, jarraitu senari.

Brontzezko eskulekuak dituen tiradera. (Jon ARTANOO)

Irakurketa-saioak. Liburuetan ere bilatu ditut idazten ikasteko sekretuak. Lehengo eta gaurko kazetari-idazleen irakaspenak leitu ditut, adibidez. Hemingwayren ‘icebergaren teoria’ eta ‘kaka-detektagailua’ dira, neurekiko, erabilgarrienetakoak. Irati Jimenezen ‘Begiak zabalduko zaizkizue’ ederra ere parean fortunatu eta jo eta irentsi egin nuen, txerri-belarriz eta azpimarraz josiz. Hainbeste, ezen Jimenezen beraren ‘Aiztoa eta arkatza’ (Idazteari buruzko aholkuak, autolaguntza gida) irakurri bainuen segidan. Bertatik hartuak dira testu hau gatzpipertzeko aukeratutako aipuak. Liburu hori leitzeak ez zaituzte idazle egingo, baina idazle handi parrastada baten gomendio eta sententziak gogoan jirabiraka utziko dizkizue, tartean Harkaitz Canok kuttunena duen hauxe:

«Literaturan ez dago ezer idatzita»
Augusto Monterroso

Iaz Hego Amerikan egindako urte erdiko zeharkaldi haren lehen emaitza izan da ‘Juana’. Ez dakit bigarrenik izango den, baina oroitzapenetatik tiraka beste orrialde zuri mordo bat belztu ditut. Bada, orrialde horietako lehendabizikoan icebergak ageri dira. Eta horiek ez dira alegiazkoak.