INFO

Irango erregimen «erlijioso tiraniko eta misoginoa» kritikatu du Bakearen Nobel saridunak

Narges Mohammadi ekintzaile irandarrak, gaur egun bere herrialdean espetxeratuta dagoenak, Irango «erregimen erlijioso tiraniko eta misoginoa» kritikatu du Bake Nobelaren saria emateko ekitaldian, haren seme-alabek irakurri duten gutun baten bitartez.

Narges Mohammadiren semea eta alaba, Bakearen Nobel saria jasotzeko ekitaldian. (Hannah JOHRE | AFP)

Narges Mohammadi ekintzaile irandarrak, gaur egun bere herrialdean espetxeratuta dagoenak, Irango «erregimen erlijioso tiraniko eta misoginoa» kritikatu du igande honetan Oslon egin den Bake Nobelaren ekitaldian. Seme-alabek jaso dute saria bere partez, eta haiek irakurritako gutun baten bitartez iritsi da salaketa ekitaldira.

Askotan zigortu dute Mohammadi, Iranen emakumeek beloa nahitaez erabiltzearen kontra eta heriotza zigorra ezartzearen aurka protesta egiteagatik. 2021az geroztik, Evineko espetxean dago, Pakistanen, eta, beraz, ezin izan du saria Oslon jaso.

17 urteko bikiek, Alik eta Kianak, beltzez jantzita, hartu dute saria Norvegiako hiriburuko udalean egindako zeremonian, eta espetxetik amak idatzitako hitzak irakurri dituzte.

«Ekialde Hurbileko emakume bat naiz, eta eskualde hau zibilizazio aberats baten oinordekoa den arren, gaur egun gerratean harrapatuta eta terrorismoaren eta estremismoaren sugarrek harrapatuta dago», adierazi du «espetxe bateko horma altu eta hotzen atzean» idatzitako mezuan.

«Irandar emakume bat naiz, zibilizazio honetan laguntzeaz harro eta ohoratuta sentitzen dena, baina gaur egun erregimen erlijioso tiraniko eta misogino baten zapalkuntzaren biktima baita», gaineratu du. Nazioarteko komunitateari giza eskubideen alde egiteko ere eskatu dio.

51 urteko ekintzailea Bake Nobelaren irabazle izendatu zuten urrian, Iranen emakumeen zapalkuntzaren kontra egiteagatik eta pertsona guztien giza eskubideak eta askatasuna sustatzeko borrokatzeagatik.

Irango ‘Emakumea, Bizitza, Askatasuna’ protesta mugimenduaren figura nagusietako bat da. Protesta hauen baitan hil zen Mahsa Amini, 22 urteko kurdua, herrialdean emakumeei inposatzen zaien jantzi kode zorrotza urratzeagatik.

«Gobernuak ezarritako nahitaezko hiyab-a ez da ez betebehar erlijioso bat, ez eredu kultural bat, gizarte osoa kontrolatzeko eta menpean hartzeko bitarteko bat baizik», berretsi du Mohammatik igandean.

Gose greba, sariarekin batean

Ekitaldiaren egun berean, Mohammatik gose greba hasi du bahai komunitateari elkartasuna adierazteko. Irango gutxiengo erlijioso handiena da, eta diskriminatuta dagoela gaitzetsi du Nobel saridunak.

Irandarra preso egonik saria jaso duen bosgarren pertsona da, Bake Nobelaren ehun urte baino gehiagoko historian. Carl von Ossietzky alemaniarrak, Aung San Suu Kyi birmaniarrak, Liu Xiaobo txinatarrak eta Ales Bialiatski bielorrusiarrak jaso zuten aurretik.

«Narges Mohammadiren borroka Albert Lutuli, Desmond-Tutu eta Nelson Mandelarenarekin aldera daiteke (horiek guztiek ere Nobel saria jaso zuten), zeinak 30 urte baino gehiago iraun zuen, Hegoafrikaren erregimena erori artean», adierazi du Berit Reiss-Andersen Nobelen Batzordeko presidenteak.

«Irango emakumeek 30 urte baino gehiago daramatzate segregazioaren aurka borrokatzen. Etorkizun hobe baterako ametsa errealitate bihurtuko da azkenean», adierazi du.

Bi seme-alabak Estatu frantsesean erbesteratuta daude 2015etik, eta zortzi urte baino gehiago dira ama ikusten ez dutela.

«Pertsonalki, nahiko ezkorra naiz», aitortu du Kianak. «Agian 30 edo 40 urte barru ikusiko dut, baina hala ez bada, ez dut uste berriro inoiz ikusiko dudanik. Baina ez da ezer gertatzen, ama beti egongo baita nirekin, bihotzean».

Haren anaia, Ali, «oso baikor» agertu da. «Gure garaipenean sinesten dut», adierazi du.

Amini hil ondoren Iranen egindako protestak gogor erreprimitu ziren. Iran Human Rights (IHR) GKEaren arabera, 551 manifestari, horien artean hamarnaka emakume eta haur, hil zituzten segurtasun indarrek, eta beste milaka lagun atxilotu zituzten.

Mahsa Aminiren gurasoek eta anaiak igandean jaso behar zuten, Estrasburgon, neska gazteari hil ondoren emandako Sajarov saria. Hala ere, Irango agintariek bidaiatzea eragotzi zieten.

«Herri irandarrak errepresioa eta autoritarismoa gaindituko ditu», ziurtatu du Mohammadik: «Ez izan zalantzarik, ziurtasun bat da».