INFO

Jaka eta Mariezkurrenak euren hautagaitza aurkeztu dute hirugarren garaipena eskuratuta

Jaka eta Mariezkurrenak beste garaipen bat eskuratu dute Binakako txapelketan, eta hiru partidak garaipenekin kontatzen dituzte. Elezkano –Altunaren ordezko gisara– eta Martija 3-0 hasi dira irabazten baina piloteoan nagusi izan direnetik, urdinak erosoago sentitu dira.

Jakak 16 egindakorekin bukatu du partida. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Ongi gabiltza, Erik [Jaka] oso puntu onean dago, disfrutatzen ari gara, eskuetatik ere ongi nabil eta txisparekin sentitzen naiz. Ederra izango da horrela jarraitzen badugu», adierazi du Jon Mariezkurrenak, ETB1eko kameren aurrean, Binakako txapelketako hirugarren puntua eskuratu berritan.

Sasoiko daude lizartzarra eta berriozartarra eta, igande honetan, Bilboko Bizkaia pilotalekuan beste erakustaldi bat egin dute, erabat deseroso sentitu diren Elezkano eta Martijaren aurka. Gorriak hasi dira agintzen, 3-0eko partzialarekin. Mariezkurrenari kosta zaio partidan sartzea –berak ere halaxe onartu du, piloteoaren beharrean zegoela–, baina Jakari tantoak bukatzeko egoera eman zitzaion unetik aurrera, urdinak markagailuan gora joan dira, 1-10eko partziala ezartzeraino.

Atzean sendo eta aurrean oldarkor jokatu dute urdinek, «bikote bati eskatzen zaion bezala», hain zuzen ere, Erik Jakaren arabera. 16 egindakorekin bukatu du partida gipuzkoarrak, eta soilik bi galduta. Tantoak bukatzeko egoeretan oso fin agertu da eta hori izan da gakoa partida osoan zehar. Bikote osoago bat izan dira urdinak, eta zalantza gehiagorekin azaldu dira gorriak.

Kostatu zaie aldea murriztea Elezkano eta Martijari (7-11), eta urdinen kontrola ez zen gainbeheran joan. Beste 0-8ko partzial batekin, erabakita utzi dute dema, pilotakada gutxikoa –soilik 402– eta ordubetearen azpitik bukatua.

Tanto baten faltan, 7-21eko markagailuarekin, Mariezkurrenak kanpora botatako batekin eta Jakak txapapera jaurtitako bestearekin, markagailua apur bat apaindu dute gorriek, baina ezin izan dute saihestu Baikokoen garaipena. Elezkanok txokora botatzeko intentzioz, huts egin du urdinen 22. tantoan.

Bide luzean pauso txikia

«Egindako partidarekin gustura» bukatu dute irabazleek, eta batez ere, pozik azaldu dira txapelketaren hasiera onarekin. Luzea da Binakakoaren bidea, baina Berriozarrekoak esan legez, «orain puntuak eskuratzea garrantzitsua izango da, bukaeran beharrezkoak izaten direlako goian egoteko edo behean egotea saihesteko».

«Erikek harrapatu duen guztia bukatu du, eta horrela errazagoa da», nabarmendu du atzelariak. Lizartzakoak ere onartu du «errematean fin» aritu dela, baina txapelketa luzea dela eta etorriko direla egun txarrak ere. Zentzu honetan, onartu du, nahiz eta hiru partidak irabazi dituzten eta lidergoan dauden, bigarren partidan ez zela guztiz eroso sentitu. «Ondo hasi dugu, hau oso luzea da eta bidean oso pauso txikia egin dugu», esan du.

Fitxa teknikoa:

Elezkano II.a-Martija 9

Jaka-Mariezkurrena 22

Pilotakadak: 402. Iraupena: 52:44 minutu. Markagailua: 3-0, 4-7, 4-10, 6-11, 7-11, 7-12, 7-15, 7-19, 7-21, 8-21, 9-21, 9-22. Egindakoak: 4 Elezkanok eta 0 Martijak; 16 Jakak eta 2 Mariezkurrenak. Galdutakoak: 4 Elezkanok eta 0 Martijak; 2 Jakak eta 3 Mariezkurrenak. Gorabeherak: Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatu zen hirugarren jardunaldiko dema. Publikoaren artean, luxuzko gonbidatua, Kazuya Hiraide alpinista japoniarra, hiru aldiz Urrezko Pioletaren irabazlea. Mendi Film festibalaren aitzakiapean –“Rope” dokumentala aurkeztu du–, Euskal Herrian dabil mendizalea.