INFO

Iraganeko edozein garai hobea zen: memoriaren traizioa, irudipen hutsa

Jendeak dekadentzia moralaren sasoi betean gaudela uste du. Egungo gaztetxoek errespeturik ez dutela, azkarregi hazten direla. Zergatik horrela pentsatu? Memoriaren joera traidore eta aurreiritziz beteriko esposizio partzialagatik. Hori erakusten dute AEBetako psikologoek argitaratu ikerketek.

Gazteez gaizki esaka aritzea aspaldiko kirola da. Irudian, Hazparnen ospatutako Gazte Eguneko une bat. (Guillaume FAUVEAU )

Beti berdin, bizitza guztia hitzontzikeria berdinarekin: iragan denbora denak, haiek bai, hobeak izan ziren; lehen bazeuden gizalegea eta morala, jendea mesedegarriagoa zen, ondraduagoa, zintzoagoa; orain materialistagoa da, berekoiagoa, errespetu gutxiago du, ez da hain solidarioa. Lehen bai, etxeko atea lasai-lasai utzi zenezakeen irekita, emandako hitzean konfiantza izan, orain ezin zara inorekin fidatu, ezertaz, inork ez du hurkoa zaintzen.

Ez dago gizarte baten morala neurtzeko termometrorik, baina galdetu edonori, edonon, bere adina, generoa edo gizarte-maila dena delakoa izanda ere, eta beti erantzun bera emango dizu, betiko diagnosi ezkorra: moralaren gainbehera eta erorialdian gaude, dekadentzia sozialaren sasoi betean. Egungo neskato-mutikoek errespeturik ez dute, azkarregi hazten dira, nagiak dira. Konparazio horiek egiteko epaile egokiak al gara? Zentzuzkoak al dira? Baietz irudi lezake, dekadentzia soziala bizi dela esateko arrazoiak badaudela. Baina oraingo gazteak hain eroak eta errespetu gabekoak balira, gazteriarekin batera gizateria osoa jasanezina bilakatuko litzateke. Eta ez da halakorik gertatu. Beraz, hein batean, gure memoriaren joera okerren ondorio dira epai horiek, irudikapen hutsala, mitoa eta zentzugabekeria.

Gainbehera, hondorik gabe?

Morala esanahiez itotako hitza da, hainbeste gauza eta hain ezberdinak esateko erabilia. Dekadentzia moralaz hitz egingo da ondoren, labur adierazita, edukazio onaren gainbeheraz, edo zintzotasunarenaz, eta errespetuarenaz eta abar. Lausoki, seinaleak emanez bizi da, horrela ezaugarritzen duelako jendeak morala: atsegina izatearekin, zintzoa, ona, jendartean izaten den tolerantziaren ikuspegi partikular batekin.

Bestalde, moralaren dekadentziaren kontua ez da atzo goizekoa. Milurtekotan atzera eginez, idatzizko erregistroak ditugunetik, kezkarako arrazoi hori presente egon da beti. Sokratesen arabera, «mutikoek orain luxua maite dute, portaera makurrak dituzte, autoritatea mespretxatzen dute; ez dituzte nagusiak errespetatzen eta ariketa baino berritsukeria nahiago dute». Aristotelesek bere ‘Erretolikan’ k.a. IV mendean honela idatzi zuen gazteei buruz: «Ez dute neurririk, gai denetan; dena neurrigabe egiten dute, arrainari igeri irakatsiz, alde guztietatik gehiegikeria da. Dena dakitela uste dute, baieztapen indartsuak egiten dituzte, hortik datorkie neurriz gaineko jokaera». Charles Baudelaire poeta erromantiko gaitzetsiak, berea «denetan gizarte lerdoena» zela zioen, «progresoak espirituala den oro atrofiatu duelako». Nietzsche berak 1885ean idatzi zuen «dekadentzia elementu bat dagoela gizaki modernoari dagokion guztian».  

Baina egia balitz gazteak gero eta errespetu gutxiagokoak direla, nagiagoak, botatzen zaizkien gisako «perla» horiek guztiak egia balira, gizateria gainbehera etorri eta jasanezina egingo litzateke, erremediorik gabe. Moralaren erorialdian azken hamarkadetan maldan behera eta balaztarik gabe bagabiltza, zergatik ez da dena lehertu? 2000 urte baino gehiago irauten badu erorialdiak, gizarte bezala hondoa noiz joko dugu?

Okerrera baizik hobera bagoaz?

Milioika inkestek, estatistika pila batek baieztatzen dute, dekadentzia moralaren zentzua milurtekoetatik gaurdaino datorren fenomenoa dela dokumentatzen dute. Eta zientzia mailako hainbat lanek gako interesgarriak eskaintzen dituzte fenomenoa adierazteko, bereziki ‘Nature’ aldizkarian Adam Mastroianni (Columbiako Unibertsitatea) eta Daniel Gilbert (Harvard-eko Unibertsitatea) psikologoek ‘The illusion of moral decline’ izenburuarekin argitaratu berri dutenak. 1949. urtetik 2019ra, gaiaren inguruan argitaratu diren 177 inkesta aztertu dituzte, baita 60 herrialde ezberdinetan egindakoak ere, 200.000 estatubatuarren laginak, galdera oso sinpleen inguruan: balio moralek hobera edo okerrera egin dute? Jende gehiena zintzoa da? Errespetuz tratatzen zaituzte? Erantzunak berdinak dira egun eta duela 70 urte. %85eko gehiengo nabarmenak moralitatea hondatu dela uste du.

Zergatik pentsatzen da moralitatea beti dagoela gainbeheran? Autoreen arabera, aurreiritziek, memoriaren joerek (sesgoak) eta traizioek, zerikusi handia dute. Iraganeko gertaerak, baita negatiboak ere, modu positiboago batean oroitzen ditugu, agian denboraren joan-etorrian bere inpaktu emozionala ahultzen delako. Aurreiritzi eta zatikatutako esposizio baten mendeko gara, eta aro digital honetan mendekotasuna biderkatu egin da: berri txarrek gure atentzioa kaptatzen dute, dramak eta sorpresak errutina eta samurtasuna baino gehiago saltzen dute, edo erortzen den zuhaitz batek hazten ari den basoak baino soinu handiagoa ateratzen du.

Eta, egiatan, okerrera baizik hobera bagoaz? Balioak hondatzen ari ez badira, zergatik uste du jende ia guztiak hala ari direla? Agian hobeto sentitzen direlako horrela, agian haur garenean jendea atsegina dela uste dugulako eta, denborarekin, heldu egin ahala, jendea errespetu gabea dela uste dugulako. Hala dio ikerketak: 20 urtetik aurrera hasten gara moralitatearen gainbeheraren kontu horrekin. Iragan hurbila dekadentea da, eta urrunean den iragana ospetsua. Badakigu, bestalde, hainbat ikerketak erakutsi legez, jendeak egungo gazteria iraintzen duela, memorian beren urte gazteen oroimen positiboa dutelako.

«Gaur egungo efektua»

Baina horrek ez du dena esplikatzen. Gainbehera moralaren pertzepzioa irudipen hutsa dela adierazten du beste datu batek ere: frogatzen du jokabide morala, izatez, nahiko egonkorra dela eta hainbat arlotan hobera egin duela (desgaitasunak dituzten pertsonekiko, arrazismoarekiko, homofobiarekiko... edo, objektiboki desagertu den esklabotzarekiko, eta abar).

«Gaur egungo gazteez» gaizki esaka mendeak badaramatzagu, gertagaitza dirudi helduok aurrerantzean hori egiteari utziko diogula pentsatzea. Baina komeni da halakoak entzuten ditugun bakoitzean, diziplinarik gabekoak direla, edo helduekiko errespeturik gabeak, edo nagiak, buruarekin baiezkoa egin edo diatribarekin jarraitu baino lehen gogoratzea greziarrek duela hogeita bost mende gauza berdina esaten zutela.

Fenomenoari izena ere jarri zaio, «gaur egungo efektua» (these days effect, ingelesez). Eta ikerketa interesgarri askoak egin dira fenomenoaren inguruan. ‘Science Advance’ aldizkarian Kaliforniako Unibertsitateko Psikologia eta Burmuinaren Zientziak saileko John Protzko ikertzaileak argitaratutakoa oso argigarria da zentzu honetan. Helduak gazteez zergatik diren beti kexaka eta kritika horren atzean dauden mekanismo psikologikoak aztertu zituen. Eta, hartara, helduen iritzia jakin nahi izan zuen haien gazte garaietatik gaurdaino izandako aldaketez, hiru jokabideen inguruan: helduekiko errespetua, inteligentzia eta irakurzaletasuna.

Eta emaitzak ezin argigarriagoak izan ziren: zenbat eta autoritarioagoa pertsona, orduan eta marmar gehiago egungo gazteen errespetu faltaz; zenbat eta inteligenteago, orduan eta irmoago uste zuten egungo gazteak ez direla azkarrak; zenbat eta gehiago irakurri, orduan eta gehiago pentsatzen zuten gazteek ez dutela irakurtzen gozatzen. Eta hiruretan, ez zuten gizon eta emakumeen arteko ezberdintasun nabarmenik aurkitu.

Konklusio orokorra hori da: gazteez gaizki esaka aritzea aspaldiko kirola dela eta joera komuna dela norbera nabarmendu zen edo nabarmendu zela uste zuen jokabideetan jende gaztea atzerabidean ikustea. Norberak ondo egiten zuen horretan besteek okerrera egiten dutela, hori da joera. Egungo ezaugarriak iraganean proiektatzen dituztela, nolabait gazte zirenean egungo bertute edo jokabide onuragarriak zituztela pentsatuz, duela berrogei urte izan zirena egun ez direla kontuan hartu gabe. Eta matraka hau ez da hamarkada batzuetako kontua, milurtekoetakoa baizik.

Memoriak sortutako ilusioa

Zergatik gertatzen da hori? Zerbaitetan nabarmentzen direnek zergatik dute tirantza handiagoa besteak kritikatzeko? «Errua» memoriarena da, oso apetatsua delako. Haur bezala pentsatzen segitzen dugu eta gure memoria inperfektua da. Baina, jakina, ez daukagu geu haur gineneko memoria zehatz bat haurren ezaugarri, nolakotasun eta joeren inguruan. Oroitzapenei egungo gure «ni»-a ezartzen diegu, eta egun autoritatea eta zorroztasuna gustuko baditugu, autoritatea zaindu eta helduen esaneko ziren haurren oroitzapen (okerra) gordeko dugu, nahiz eta egiatan horrela ez izan.

Hori da tranpa: orainaldia artifizialki puztutako iraganaldiarekin konparatzen dugula, gutxienez azken 2.500 urteetan horri eutsi diogula, gure pertzepzioari joera hori ezarriz. Zerbait egiten nabarmentzen bagara, hortxe bertan ikusten ditugu besteen mugak eta ezinak. Horra demontrea, aspaldikoa eta oraingoa.

Esan bezala, milurtekotan atzera egiten duen tradizioa da, gizarte ideala gurea baino lehen egon zela, gertatu zela, beti pentsatzearena.

Horra hor aurreiritziaren papera, besteak (gazteak, kasu honetan) epaitzerakoan sekulako zama duena. Horien arabera ikusten ditugulako gainontzekoak, modu batean ala bestean.