Eibarren eta Athleticen arteko euskal derbia izango da Ipuruan final-hamaseirenetan
Alavesek Betis hartuko du Mendizorrotzan, Osasunak Castellon jokatuko du eta Realak Malagaren zelaian. Bestalde, Amorebietak Celtaren kontra neurtuko ditu indarrak Urritxen.
Kopako hirugarren kanporaketaren zozketa egin dute gaur eguerdian Madrilen eta euskal derbi bat egongo da final-hamaseirenetan. Hain zuzen ere, Ipuruan jokatuko da eta Eibar eta Athletic egongo dira aurrez-aurre. Partida urtarrilaren 7an jokatuko da, 19.00etan. Talde zuri-gorriak Sevillan jokatu beharra dauka urtarrilaren 4an.
Athleticeko jokalari ohia izandako Andoni Goikoetxea eta Eibarren atezaina den Yoel izan dira zozketan bi taldeak aukeratu dituztenak. Jose Angel Iribar eta Athletic ere omendu dituzte 125. urteurrena dela-eta.
𝐄𝐔𝐒𝐊𝐀𝐋 🏆 𝐃𝐄𝐑𝐁𝐈𝐀
— Athletic Club (@athletic_eus) December 12, 2023
Kasualitateak kasualitate, Yoel, @SDEibar-reko atezaina, eta Andoni Goikoetxea, @athletic_eus-eko ikurra, izan dira Kopako #EibarAthletic kanporaketa jakinarazi dutenak.
💪🏻 Egurre!!#AthleticClub 🦁 pic.twitter.com/KEUkZyxGI8
Eibar eta Athletic Kopako kanporaketa batean lehiatzen diren laugarren aldia izango da. Azkena 2012an izan zen eta armaginek irabazi zuten. Hamaika urte bete dira gaur, hain juxtu. Bigarren B Mailan zegoen Gaizka Garitanok zuzentzen zuen taldea eta Bielsaren Athletic kanporatu zuten. Hutsean amaitu zen Ipuruan joaneko partida eta bana egin zuten San Mamesen. Mikel Arruabarrenak penaltiz aurreratu zuen Eibar bigarren zatian eta Adurizek berdinketa egin zuen azken minutuetan. Garitanoren gidaritzapean Lehen Mailara iritsi zen talde hori bi maila jarraian igoz. Kaleratzea kolpe latza izan zen Athleticentzat. Hala ere, Bielsak argi utzi zuen partidak ondo prestatu zituztela eta bere taldeari buruzko txostena helarazi omen zion Garitanori.
Eibarrek, Bigarren Mailara jaitsi zenetik, ez du partida ofizialik jokatu azken bi urteetan Athleticen aurka. Hala ere, azken denboraldi-aurrean elkarren kontrako adiskidantzazko norgehiagoka jokatu zuten Sestaon. Berdinketarekin amaitu zen, eta Martonek eta Mario Sorianok egin zituzten golak.
Aurpegi ezagun ugari elkartuko dira Ipuruan. Bi taldeen arteko hartu-emana oparoa izan baita aspalditik. Hasteko, Joseba Etxeberria eta Ernesto Valverde izango dira aulkian. Jokalari zein entrenatzaile bezala batera lan egindakoak. Gainera, antzeko joko estiloa daukate. Valverdek derbiak beti direla jokatzeko zailak aipatu du arerioa ezagutu ostean egindako adierazpenetan. Aurkari gogor baten kontra neurtuko dituztela indarrak esan du eta kanporaketa «polita» izango dela. Aldi berean, ilusioarekin eta «lehiatzeko» gogoz joango direla Ipuruara azpimarratu du, eta Kopan ahalik eta urrunen heltzea dela helburua gaineratu du.
Esan bezala, harreman estua dago bi taldeen artean eta Athleticen harrobitik igarotako hainbat jokalari daude armaginetan: Ager Aketxe, Arbilla edo Yanis Rahmani. Unai Vencedor ahaztu gabe, Athleticek lagata utzitako jokalaria baita. Athleticen ere, besteak beste, Eibarren kamiseta defendatu duten Imanol, Nolaskoain eta Dani Garcia daude.
Beste euskal taldeen kanporaketak
Zeresana emango duen beste norgehiagoka bat Alavesek eta Betisek urtarrilaren 6an Mendizorrotzan (20.00etan) jokatuko dutena izango da. Lehen Mailako bi talderen arteko kanporaketa bakarra da eta andaluziarrek Kopa irabazi zuten 2022an. Etxean jokatzearen abantaila alde izango dute gasteiztarrek.
Zorte hobea izan dute Lehen Mailako beste euskal taldeek. Osasunak Castellon estreinatuko du aurten Kopako ibilbidea urtarrilaren 7an (16.00etan). Iaz finalera iritsi ondoren, Superkoparako sailkatu zen, eta ez ditu lehen bi kanporaketak jokatu behar izan. Lehen Federazio mailako aurkaria egokitu zaio. Hala ere, kontuan izan behar da bere multzoko lehen postuan kokatuta dagoela eta igotzea dela bere helburua. Athleticen eta Amorebietan aritutako Oscar Gil atzelari nafarra da Castellon dagoen jokalarietako bat.
Maila eta multzo bereko aurkaria izango du Realak. Txuri-urdinek Malagaren zelaian jokatuko dute urtarrilaren 7an (21.00etan). Andaluziarrak ere sailkapeneko goiko postuetan kokatuta daude. Aldi berean, Barakaldo kaleratu zuten Lasesarren penalti jaurtiketan erabaki zen lehen kanporaketan. Realean aritutako Luca Sangalli erdilariak poztasunez hartu du kanporaketa eta baita ere Malagako kirol zuzendaria den Loren Juarros txuri-urdin ohiak.
Bestalde, Amorebietak Urritxen hartuko du Celta urtarrilaren 7an (12.00etan). Zornotzako taldea gogotsu dago bere zaleen aurrean etxean jokatzeko. Izan ere, Bigarren Mailako partidak Lezaman jokatu behar ditu. Ligan jaitsierako postuetan dauden arren, opari bat bezala hartuko dute Kopako kanporaketa. Galiziarrek, aldiz, talde bizkaitar baten kontra neurtuko dituzte indarrak berriro. Sestao River gainditu zuten Las Llanasen epaileak bakarrik ikusi zuen penalti bati esker.
Final-hamaseirenak:
Urtarrilaren 6an:
Lugo - Atlético Madrid (16.00)
Espanyol - Getafe (17.00)
Elche - Girona (18.00)
Huesca - Rayo Vallecano (19.00)
Alavés - Betis (20.00)
Arandina - Real Madrid (21.30)
Urtarrilaren 7an:
Burgos - Mallorca (12.00)
Amorebieta - Celta (12.00)
Racing Ferrol - Sevilla (16.00)
Castello - Osasuna (16.00)
Unionistas Salamanca - Vila-real (18.00)
Cartagena - Valentzia (19.00)
Eibar - Athletic (19.00)
Malaga - Reala (21.00)
Barbastro - Bartzelona (21.00)
Tenerife-Las Palmas (21.00)