Philip Larkin eta Pier Paolo Pasolini, Munduko Poesia Kaieren udazkeneko uzta
Susaren Munduko Poesia Kaierak bildumak bi antologia berri aurkeztu ditu udazkenean, 47 eta 48. kaierak, hain zuzen ere. Philip Larkin ingelesa eta Pier Paolo Pasolini italiarra euskaratu dituzte Juanjo Olasagarrek eta Irene Hurtado de Saratxo Mendietak.
Juanjo Olasagarre eta Irene Hurtado de Saratxo Mendieta itzultzaileak arduratu dira Susaren Munduko Poesia Kaierak bildumara batuko diren antologia berriak euskarara ekartzeaz. Philip Larkin (1922-1985) itzuli du lehenak eta Pier Paolo Pasolini (1922-1975) bigarrenak. Astearte honetan aurkeztu dituzte bildumaren 47 eta 48. lanak, Donostian.
Bi poetak 1922an jaioak badira ere elkarren artean zer ikusirik ez dutela aurreratu dute aurkezpenean; garai bera partekatu izan zuten bata ingelesa eta bigarrena italiarra izan arren. Biek bizi izan zuten bigarren mundu gerra, eta horren arrastoak sumatzen dira beraien lanetan, nahiz eta oso ikuspegi ezberdinetatik begiratuko dioten.
Olasagarrek aipaturiko bi poeten artean lotura bat egin nahi izan du, hain zuzen ere ezberditasun bat nabarmenduz: «Pasolinik badauka antologia honetan poema bat esaten duena bera ez dela inoiz heldua izango, heldua ez izateak nolabait esan nahi duelako bizitzara irekita zaudela eta aldatzeko prest zaudela eta utopia egon daitekeela horren atzean. Larkin zahartatua jaio zen gizajoa, jaio zen amaren alutik erabat zahartuta».
Larkinentzat poesia ez zela «mundua deskubritzeko tresna» izango adierazi du Olasagarre itzultzaileak, egunerokotasuneko elementuetan oinarritzen da, eta interesgarria iruditzen zaio hori. Larkinek eta ingalaterrako beste hainbat poetek 80.hamarkadan osatutako ‘The Movement’ mugimendutik edan zuela kontatu du. «Gabeziaren poeta» bezala deskribatu du Olasagarrek Larkin, «edo nahiago baduzue, austeritatearena», gehitu du. Aitortu du oso poeta ona dela bere iritziz, baina «eskasian» bizitakoa, ezkontzeari ezetz esan zion, dirua gastatzeari ere beti ezetz, «zekena zen».
Ikuspegi ezkorra
Bi hitzetan definitu beharko balu, «gizon eskasa» erantzungo luke itzultzaileak: «‘Hau guztia dugu’ esaten zuen, baina izugarri depresiboa da». Bere ideologiarekin lotuta dagoen ikusmoldea izan daiteke itzultzailearen esanetan, izan ere, Larkin «eskuineko ingelesa» zen aurkezpenean kontatu dutenez. Tradizio ingelesari eutsi eta aldaketekiko itxia zen.
Ezaguna ez den bitxikeria bat ere kontatu du Olasagarrek aurkezpenean: «Tatcher agintera heldu zenean intelektualekin afari bat antolatu zuen, eta bertan zen Larkin. Ondorenera oso ongi konponduko ziren». Are gehiago, Larkinek «Nola irabazi hurrengo hauteskundeak…» esanez abiatzen zen poema bat idatzi zuen, Tatcherri erreferentzia eginez.
Itzultzaileak kontatu du, bere ustez zailena «Larkinen mundu ingelesa euskarara ekartzea» izan dela. Izan ere, sortzen dituen irudi eta mundu ikuskerak «oso ingelesak» dira.
Pasoliniren bizitza 33 poematan
Hurtado de Saratxo Mendietak ekarri du euskarara Pasolini, poetaren sei poesia liburuetatik hartutako 33 poemaren bidez. Idazlearen beraren bizitza sumatu daiteke bere lanaren luze zabalean, «bere bizitzako gertakizun garrantzitsuenekin korapilatzen» baititu poemak itzultzailearen arabera.
Momentuko egoera politikoari eta ibilbide pertsonalari erantzuten dio poetaren liburu bakoitzak, baina Hurtaso de Saratxo Mendietak amaren presentzia nabarmendu du. Izan ere, Casarsako herri txiki batekoa zen ama, Friulinekoa, eta bertako nekazal langileak ezagutu zituenenean, erabat miresten zituen. Udak ere bertan pasatzen zituen amarekin.
Hizkuntzaren gaia ere presente izan zuen bere lanetan, italiar estandarra sortzen zebiltzan garaian friulieraz idazten zuen Pasolinik: «Estandarra orduko giro politikoarekin lotzen zuen, guztia berdintzearekin, eta erresistentzia gisa idazten zuen friulieraz». Ondorenera, estandarrean idaztera igaroko zen.
Erbestera homosexual izanagatik
Homosexualitatea izan zen bere bizitza eta obra zeharkatu zuen beste elementu bat. 27 urte zituelarik Erromara joan behar izan zuen Casarsako apaizak salaketa larria jarri zuelako haren aurka, «gazteekin harreman lizunak, homosexualak izatea» egotzi zion itzultzaileak kontatu zuenez, ordurako alderdi komunistan erabat sartuta bazegoen ere, eta burubelarri aritua bazen ere hainbat ekintzatan, alderdiak gaitzetsi eta kanpora bota zuen.
Estiloari dagokionez, urteak joan ahala aldatzen joan bazen ere, hizkera sinplea erabili ohi zuela zehaztu dute aurkezpenean, adjektibo asko erabiltzen zituela, eta oximorona bezalako baliabideak erabiltzen zituela. Aurpegi poliedrikoa zuen Pasolinik Hurtado de Saratxo Mendietak azaldu duenez, nekaezina izan zen, nahiz eta konponbiderik aurkitzen ez zuen: «Katolikoentzat ateo eta komunistegia, komunistentzat katolikoegia. Eta guztientzat homosexualegia».
Hasierako poemak euskaratzea izan da zailena itzultzailearentzat, «errima asko erabiltzen ditu, uste dut musikalidade bat emateko ahalegina egin dugula», eta editoreak lortu duela baieztatu du.