INFO

Hitzarmen «duina» galdegin dute Biodonostia, Biobizkaia eta Bioarabako langileek

Donostian elkarretaratzea eginda, Biodonostia, Biobizkaia eta Bioarabako beharginek beren lan baldintzak salatu eta hitzarmen «duina» eskatu dute.

Elkarretaratzea Biodonostiaren atarian. (Iñigo URIZ | FOKU)

Bioaraba, Biobizkaia eta Biogipuzkoako langileek elkarreratzea egin dute ostiral honetan Donostiako ikergunearen atarian.

Erakundeok «punta-puntako» ikerketa zientifikoan jarduten duten arren, «prekarietate handia» pairatzen dutela nabarmen dute eta, horregatik, Lakuako Osasun Sailari eskatu diote euren «errealitateari erantzungo dien hitzarmena» negozia dezala.

Salatu dutenez, ikerketa zentro horietako langileen baldintzak «Europako batez bestekoaren oso azpitik kokatzen dira» eta, ondorioz, «nahiz eta zentroetako langileetako askok prestakuntza eta kualifikazio handia izan (lizentziaturak, masterrak, doktoretzak eta posdoktoretzak), askok zailtasun ekonomikoak dituzte».

«Hasteko –gaitzetsi dute–, ez daukatelako lan hitzarmenik, eta gehienetan ez da langileen estatutua bera ere betetzen. Ondorioz, adibidez, gehienetan ez zaio erreparatzen sektoreko lan kargari, eta langileari iradokitzen zaio kontratuko orduen arabera fitxa dezala, ez daitezen erregistratu benetan egindako ordu kopuruak».

Era berean, gaineratu dute langile askok aldi baterako kontratuekin jarduten dutela, «etengabe kontratuak kateatuz»: «Garapen profesionala eta etorkizuna bera mugatzen du horrek, eta langile askok atzerrira edo erakunde pribatuetara jotzen dute».

Soldatak ere Europako batez bestekoa «baino askoz apalagoak» direla gaineratu ondoren, sektore publikotik at kokatzen dituztela ere esan dute, «bigarren mailako» langiletzat jota.

Egoera honen aurrean, langileek euren egoera eta lana aitortzeko eskatu eta, ziurtatu dute zientzia esparrura egokitutako hitzarmena beharrezkoa dela. Hala, Lakuari eskatu diote aintzat har ditzala ikerlarien eskaerak, «Euskal Herriko ikerketak goi mailan jarrai dezan beharrezkoak baitira baldintza duinak».