INFO

2020eko urtarrilaren 30eko greban atxilotutako lau iruindar epaituko dituzte

Datozen hilabeteetan epaituko dituzte 2020ko urtarrilaren 30an Eskubide Sozialen Gutunak bizitza duinaren alde deitutako greban atxilotutako hiru iruindar. Kartzela zigorrak eta isunak ezarri nahi dizkietela ohartarazi du berriro aktibatu den Grebalariekin Bat plataformak.

Agerraldia egin dute Iruñeako Donibane auzoan. (Grebalariekin Bat)

Duela ia lau urte, 2020ko urtarrilaren 30ean, Eskubide Sozialen Gutunak bizitza duinaren aldeko greba antolatu zuen. 11 gazte atxilotu zituzten egunean zehar eta horietako lau epaituko dituzte datozen hilabeteetan. Arratsalde honetan grebalariei babesa agertzeko prentsaurrekoa egin dute Iruñean.

Azaldu dutenez, greba egin zenean «Euskal Herrian bagenekien krisi berri bat zelatan zegoela eta horren aurrean erantzun kolektibo bat antolatu behar zela». Erantzuteko modua greba izan zen eta horren ondorioak gogora ekarri dituzte: «Sistemak bere aurpegirik errepresiboena eskaini zuen grebalariekiko».

Goizeko piketeetan zein arratsaldeko mobilizazioetan 30 gazte identifikatu zituen Nafarroako Poliziak, azpimarratu dutenez, eta 11 izan ziren atxilotuak. Halaber, poliziak indarkeriaz tratatu zituela adierazi dute.

Atxiloketek hainbat epaiketa ekarri dituzte azken urteetan, eta beste lau gazte epaituko dituzte datozen asteetan: Oihan Zuñiga, Ibai Sueskun, Jon Lur Gulina eta Urbikain Redin.

Zuñiga datorren astean epaituko dute, abenduaren 19an, hain zuzen ere. 6 hilabeteko espetxe zigorra eta 600 euroko isuna eskatzen dizkiote. Sueskun, Gulina eta Redin martxoaren 26an epaituko dituzte eta bakoitzari bi urteko kartzela zigorra eskatzen diete. Prentsaurrean azpimarratu dute honi epaiketaren ondoriozko gastuak gehitu behar zaizkiola.

Horregatik erabaki dute Grebalariekin Bat plataforma berriro aktibatzea, «epaiketa hauei erantzun sozial eta ekonomikoa emateko». Deliturik egin ez dutela baieztatu eta atxiloketa eta epaiketak «errebeldia menderatzeko» saiakeratzat jo dituzte.

Erantzun bateratua emate aldera, greba orokorra babestu eta deitu zuten sindikatu eta eragileekin batuko direla jakinarazi dute. Besteak beste, Iruñeako Donibane auzoak mobilizazioak antolatuko dituzte.