INFO

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.

Dispertsioak hildako senideak gogoan, topa Hatortxu Rocken!

Ia sarrera guztiak salduta hasi da 28. Hatortxu Rock jaialdia. Ibil Bedi taldekoekin topo egin dugu atean, bezperan Bonberenean kontzertua emanda, eta hango nekea nabari zitzaien, baina gogotsu ziren.

Hatortxu Rock-eko 28. edizioa. (Iñigo URIZ | FOKU)

Jai giro betean zela, 21.30ean, argiak itzali orduko Hatortxu Rocken 28. edizioko ekitaldiari hasiera emateko, bideoa jarri zuten pantailan. «Kafe zapore garratzak eta diesel usaina. Gasolineretako diskoetan ez zen gure doinurik», esaten zuen eman duten bideoak. Elkartasun doinuak Hatortxun bertan izan dira, ordea. Skabidean taldekoek Sara Fernandezi eskainitako kantu bat abestu dute haren irudiak pantailan ematen ari ziren bitatean. «Azkena izan zedin desiatu genuen bidaia bakoitzetik bueltatzean. Hurrengoan oporretan bakarrik itzuliko ginela geinon. Hortz eta esku, luze borrokatu genuen amaiera iritsi zedin. Eta iritsi da», baina amaiera horretaraino bidean gertatua ekarri du gogora beranduago Leire Llanok. Baita amaiera hori borobiltzea falta dela ere. Kinkela oholtzan zela atera da Leire Llano Atarrabiako oholtzara.

Ekitaldian Llanok hitza hartu duenean, Sara Fernandez iruindarra izan du gogoan: «Pasa den azaroaren 29an, 20 urte bete ziren mendekuzko dispertsioak Sara Fernandez, Iruñeko Alde Zaharreko bizilaguna, hil zuenetik. Valdemoroko espetxera zihoan, Iñaki Etxeberria preso politikoa bisitatzera. Abenduaren 6an, berriz, 19 urte bete dira mendeku politika horrek berak Karmele Solaguren barañaindarra hil zuela. Bere sema Ekain Guerra ikustera zihoan Solaguren. Bistan da data oso gogorrak direla biak ere guretzat».

Dispertsioaren amaiera iristear den honetan, Leire Llanok Hatortxu Rocken izenean argi esan du: «mendekuan oinarritutako erabaki politikoa izan da dispertsioa, erabat demokraziaren aurkakoa. 1989an hasi eta 34 urte luzez dirauen dispertsio politika hiltzaile horrek, miliokiako gastu ekonomikoa eragin eta zenbatu ezin den sufrimendua eragin du».

Hala, dispertsioak hil dituen 16 senide izan dituzte gogoan: Sara Fernandez, Rosa Amezaga, Arantza Amezaga, Pilar Arsuaga, Alfonso Isasi, Antxoni Fernandez, Jose Mari Maruri, Mari Karmen Salbide, Ruben Garate, Iñaki Saez, Asier Heriz, Argi Iturrlade, Iñaki Balerdi, Leo Esteban, Natividad Junko eta Karmele Solaguren.

«Gaur 24 urte betetzen dira lehen Hatortxu Rock jaialdia egin zenetik. Hatortxu, euskal preso politikoei eta haien senideei elkartasuna adierazteko eta dispertsioaren ondorioz jasan duten egoera salatu eta horren aurrean laguntzenko sortu zen 1999an», nabarmendu du Llanok.

«Urruntze politika amaitu da eta horrekin Euskal Herriko gatazkaren egoera guztiz aldatu. Baina oraindik ez da dena konpondu. Horregatik ari gara hemen urrats berri bat aldarrikatzen. Iraganera betikotzen gaituen egoerari astindu bat eman eta euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen aferari irtenibide bat ematea da exijitzen duguna. Bukatu dira asteburu osoko bidaiak eta atzean utzi nahi dugu horrek eragindako sufrimendua. Baina badakigu ez dela dena bukatu. Horregatik da gaur hemen elkartu gaituen leloa: Amaiera berri bat», bukatu du Lllanok.

Skabideaneko June Gabarainek hartu du ondoren hitza: «Iragan da iragana, eta oraina etorri da. Gertatutako ez dago aldatzerik, orain esaten dugun ezerk ez du eragindako kaltea desegingo, baina gure ustez posible da gutxienez hau arintzea; errespetua, kontsiderazioa eta memoria oinarri. Iragan horren oinordekoak gara, horregatik uste dugu hori zuzentzeko erantzukizuna dugula, baizik eta, berriro ere, beldur eta bidegabekeria berberak aurkituko ditugulako». Topa eginaz bukatu da ekitaldia. Datorrena, azkena izan dadila.

Festa hasieratik bukaerara

16.00ak eman orduko Baizera! martxan. Hamaika lagun oholtzan eta publikoa berotzeko lana beren gain,ez da erreza izaten, baina Hatortxun lehen ordutik daudenak gogotsu izaten dira eta dantzarik ez da falta izan. Funky musika, ska eta groovea bikain lantzen dituen taldea da iruñerrikoa. Kantu propioez gainera Bee Gees bezalako talde mitikoak ere bertsionatu dituzte, festa giroan, baina aldarrikapenei uko egin gabe. Hatortxuko espazioak mistoak direla baina seguruak direla ekarri dute gogora oholtzatik, erasotzaileek tokirik ez dutela argi utziz.

Batetik bestera musikariak, DJ Reimyren txanda izan da aldaketetan, selektore fina da eta dantzarako aukera bikaina ematen du. ‘Hator hator’ oholtzako lehenak, Los Chikos del Maiz izan dira. 17.02 markatzen zituen gureak, baina haien ordularian 13.12ak ikus zitezkeen denbora guztian. Mezu argi baino argiagoa. Karpa handia erdia baino gehiago beteta zen ordurako. Hauek abestien lerro bakoitzean aldarrikapen bat duten arren, «Qué pasa Euskal Herria, ya estamos casi en el 2024... Viva Palestina libre!» oihu egin dute barra eta barra artean; jertsea ere Palestinako bandera baten diseinu berekoa zuen Toni Mejiasek. Zaleak poltsikoan izan dituzte kontzertu guztian. Taldeak 20 urte daramatzan arren, hirutan Riot Propaganda bezala etorrita ziren Hatortxu Rockera eta pozik ziren Los Chikos Del Maiz proiektuarekin etorri izanagatik.

'Goldea' kantuaren lamia hotsek erakarri dute berriz ere jendea karpa batetik bestera. Aurten, antolakuntzaz aritzeaz gainera, oholtzan kontzertua ematea ere egokitu zaio Ibil Bedi taldeko Amets Arangureni. Jarraitzaile fidelak dituztela agerikoa izan da, lehen unetik abesten ziren asko eta asko. Karpa txikia erruz bete da jendez. Hatortxuko lan taldeari eta boluntarioei aipamena eginda, gune segurua dela gogorarazi du berriz ere Arangurenek «eta portatzen ez dakiena etxean gera dadila» eskatu du segidan.

Beste belaunaldi bateko jendea zuen parean Evaristo Paramosen Tropa do Carallo taldeak. Punkaren kontrastea Ibil Bediren doinuekin alderatuz, rock klasikoagokoak. Bonboaren gainean presoak etxeratzeko eskatzen duen banderola jarrita zuten, lehen unetik elkartasun keinua Evaristo eta konpainiarena. Auxili taldearen dub eta reggae doinuek eman diote jarraipena guztiari, beste energia mota bat Hatortxuko karpa handian.

Atzetik berriz ere kontrastea izan da, 20.00etan hasi da Liher taldea eta 20:25ean Skabidean. Rock zaleak karpa txikian, besteek Auxilirekin abiatutako jai giro horri eman diete jarraipena.

«Hatortxu beti izan da ezinbestekoa guretzat gizarte bezala. Amaiera asko negar egitekoak izaten dira, baina Hatortxu bukatzen bada ospatuko dugu. Bitartean, hemen jarraituko dugu boluntario guztiekin, hau pasada bat da. Mila esker gonbidatzeagatik!», esan du kontzertu hasieran Lide Hernando Liherreko abeslariak. Ordubeteko deskarga elektrikoa eskaini dute.

Skabidean taldea bere emanaldiaren erdian zela iritsi da ‘Hilarria’ kantuaren unea karpa handian. German Rodriguez gogoan, hitzartze luzea egin du Idoia Tapia abeslariak, une goxo bat sortuz. Atzetik karpa guztia abesten jarri dute, German gogoan. Batzuk une horretan «Agur UPN, agur agur!» abestuz jarraitu dute. Palestinako bandera handi bat atera dute oholtzora kontzertua bukatu denean, ekitaldiari hasiera eman aurreko uneetan. ‘Kalera, kalera’ abestuz hasi da publikoa; bitartean Skabideanekoak akustikorako prest, kriseilua beren aurrean pizturik zutela. Gisa horretan hasi da ekitaldia. «Denak etxean gaude baina ez bakoitza bere etxean, ez ahaztu esan du» Tasio Lopez De Gereñu Skabideaneko abeslariak.

Los Zopilotes Txirriaos-en kontzertua (Iñigo URIZ | FOKU)

Ekitaldiaren etenaren ostean goizaldeko ordu txikiak arteko festari bidea ireki dio Los Zopilotes Txirriaos taldeak. Zazpi itsaso eta sekulako elkartasun uholdea Hatortxuko karpatik senide, preso eta haien inguru guztiari bidali dietena.