Igor Diaz Camarari omenaldia egin diote San Ignazion
Joan den astean hil zen Igor Díaz Cámara gizarte eta kultur ekintzailea eta larunbat honetan omendu dute, Bilboko San Ignazio auzoan. Besteak beste, Ondalan Erraldoien Konpartsaren sorreran parte hartu zuen 1996an.
Igor Díaz Cámara gizarte eta kultur ekintzaileari omenaldia egin diote Bilboko San Ignazio auzoan gaur eguerdian. Joan den astean zendu zen eta lagun artean oroitu dute larunbat honetan bere auzoko Levante plazan.
Díaz erreferentea izan zen gizarte eta kultur ekintzailetzaren alorrean. Besteak beste, Kultur Etxea, Gramola Irratia, Herri Berria auzo elkartea, jai batzordea eta Ondalan Erraldoien Elkartea bezalako proiektuetan ibili zen.
Ibilbide luze eta oparoan zehar kide izan zutenek hartu dute hitza omenaldian, Díazek egindako lanaren errepaso bat eginez. Nork bere bizipenetatik oroitu dute ekintzailea.
Omendua gaztetatik ibili zen auzoko herri mugimenduan. Kultur Etxearen sorreran parte hartu zuen. Eraikina Falangearen egoitza izan zen, baina auzokoek okupatu zuten 1977an eta 1984an Bizkaiko Diputazioaren jabetzakoa izatera igaro zen. Díaz arduratu zen hainbat urtez espazioa dinamizatu eta hura erabiltzen zuten eragileak koordinatzeaz.
1983an San Inazioko Gramola Irratiaren sorreran parte hartu zuen. Halaber, urte luzez ibili zen instituzioekin negoziatzen, 2002an Euskararen Etxea hartuko zuen eraikina horretarako erabili zezaten.
Era berean, komite antinuklearrean eta Herri Berria auzo elkartean ere parte hartu zuen. Ezagutu zutenek gogoan dute jai batzordean egindako lana ere.
Eskarmentu zabala zuela, 1996an, beste proiektu bati ekin zion, Ondalan Erraldoien Konpartsa, erraldoi eta buruhandien tradizioa berpiztea xede. Egun, Euskal Herri mailan erreferente da konpartsa.
Gaurko omenaldian bere ibilbidea gogoratu dute.