INFO

«Erasotzailearen inpunitatea» eta Lointek Gernikaren konplizitatea arbuiatu dute milaka lagunek

Milaka lagunek bat egin dute Gernikako Sare Feministak deituriko mobilizaziora, Mario Lopez Lointek Gernikako kirol arduradunak duela bi hamarkada egin zituen ustezko abusu sexualen ondotik ireki den ikerketarengatik. Klubaren konplizitatea ere salatu dute.

‘Guk sinesten zaitugu’ lelopean igaro da mobilizazioa, Maloste kiroldegian bukatzeraino. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Hautsak harrotu zituen igandean ‘El Pais’ egunkariak argitaratu zuen berriak: Mario Lopez, hamaika urtez Lointek Gernikako entrenatzaile izan zena eta aurten klubeko kirol ardura hartu zuena, duela bi hamarkada eginiko sexu abusuengatik ikertzen ari zirela-eta.

Aurten, udara aurretik, Gernikako Sare Feministak kasu honen berri jakin zuen eta ahal bezain laster, klubarekin harremanetan jarri zen. Uneoro zuzendaritza taldetik entrenatzailearen aldeko babesa erakutsi zutela-eta, kritiko agertu dira talde feministakoak eta hori arrazoi hartuta, mobilizatzeko deia egin duten. 

Milaka lagunek erantzun dute mobilizaziora, tartean Lointek Gernikako jokalariak ere bazeudela. «Angie Bjorklund, you are the best» leloa ere bazeraman pankarta batek. Jokalari estatubatuarrak urrian taldea utzi zuen, eta atzo berretsi zuen arrazoi nagusia Mario Lopezek taldean jarraitzen zuela izan zela, kluba jakitun zela sexu abusuengatik ikerketa bat ireki zitzaiola.

Klubak berak ezohiko batzarra egin du astelehen honetan eta horren ondotik, berretsi du «inoiz» ez dela jakitun izan Mario Lopezi leporatzen zitzaion abusu sexualez, baizik eta «jazarpen» kasu bat zela uste zuela. Era berean, barkamena helarazi nahi izan dute kasu honek eskatzen zuen akzio eta erantzunetan eskas geratzeagatik. Berretsi dute, atzo Espainiako Federazioaren komunikatua jaso ostean –zeinak entrenatzaile lizentzia kendu dion– Mario Lopez apartatua izan dela klubean betetzen zituen funtzio guztietatik.

Hain zuzen ere, «erasotzaileak 20 urte luzez inpunitate oso bizi izan» dela eta «kluba ere konplize» izan dela deitoratzeko atera dira kalera milaka lagun, astelehen honetan. Arlette Apraiz Sare Feministako kideak hala berretsi du komunikabideen aurrean eginiko agerraldian, manifestazioaren aurretik.

«Babosoak kanteratik behera» zihoen pankarta edo «erasorik ez, erantzunik gabe» bezalako oihuak entzun dira, Pasilekutik Maloste kiroldegiraino luzatu den mobilizazioan. Hala ere, mezu nagusia «guk sinesten zaitugu» izan da, biktimari bere babes osoa adieraziz, erasoak jasan eta hogei urte beranduago salatzera ausartzeagatik.

Biktimaren salaketa

Mario Lopezi leporatzen zaizkion abusuak 1998koak dira eta hiru urte luzez luzatu ziren, 2022an biktimak Gernikako auzitegian jarri zuen salaketaren arabera. Erasoak gertatu zirenean, 13 urte zituen biktimak eta Allende Salazar ikastetxeko saskibaloi taldean kointziditu zuten, bata entrenatzaile eta bestea jokalari zela. Hiru urtez luzatu ziren abusu sexualak –azken urtean Lointek Gernika klubean zeudela–. Hogei urte luzez abusu hauek azaleratu gabe egon zen biktima eta azkenean, 2021ean eman zuen urratsa.

Iaz, salaketa jarri eta hurrengo egunean, deklaratzera deitua izan zen biktima eta hurrengo egunean, ustezko erasotua. Orduan, Lopez ez zegoen entrenatzaile karguan, osasun arazoak zirela-eta, kargua behin-behinean utzi baitzuen. Anna Montañana egin zen taldearen kargu.

Aurten, apirilean, berriro itzuli zen entrenatzaile kargura Lopez eta hasiera batean, teknikari modura jarraitzekoa zen, tartean Sare Feminista agertu zela. Umeen kanpus bateko arduraduna ere bazen Lopez, eta honen larritasunaz ohartarazi nahi izan zuten Gernikako talde feministatik, klubean zuen kargu guztietatik kentzea izan zen klubari exijitu ziotena.

Azkenean, Mario Lopez teknikari kargutik kendu bai baina kirol arduradun postura mugitu zuten. «Estatus handiko postu batetik are handiagoa duen beste batera lekualdatu zuten», deitoratu zuen Arlette Apraiz berak ‘El Pais’-en argitaratutako albistean.