Bilboko Eskolapioetako irakasle batek bi ikasleri egindako sexu abusuak baieztatu dituzte
Bilboko Eskolapioen ikastetxeko kongregazioak hilabetetan ikertu ditu bi ikasle ohik jarritako sexu abusuen salaketak, eta ziurtatu du 70eko hamarkadan bertan irakasle izan zen erlijioso batek abusu horiek egin zizkiela.
Bilboko Eskolapioen ikastetxeko zuzendaritzak gutun bat igorri die aste honetan ikasle ohiei eta beren sendiei. Idatzi horretan, joan den urtean hil zen eta 70eko hamarkadan eskolan lan egin zuen erlijioso batek egindako sexu abusuen berri ematen die. Azaltzen duenez, bi ikasle ohik jarri zuten bere kontrako salaketa, eta hilabeteetako barne ikerketa egin eta gero, gertaerak baieztatu dituzte.
Zentroak barkamena eskatu du abusuengatik eta irakasle hark erasotako ikasle gehiago badago salatzera animatu ditu. «Egia dela uste dugu, eta gizon horri biktimario deitzen ahal diogula, horrela izan zela», salaketa jarri duten bi biktimek kontatu duten bezala. Iruditzen zaie kaltetu gehiago egon litezkeela eta pertsona horiei salatzeko pausoa emateko eskatu diete.
Kongregazioak protokolo bat egin zuen duela bost urte, «tratu onen alde» eta beren «ikasleen eta lagnileen ongizatea» ziurtatzeko. Sexu abusuen biktimen arretarako batzorde bat ere eratu zuen. Bertan hasi zuten Damaso Ciordia Gambrak Bilboko eskolan lan egin zuen urteetan izan zuen jokaeraren gaineko ikerketa, Jesus Elizari batzordeko bozeramaileak Efe agentziari jakinarazi dionez.
Ikasle ohiei eta familiei gutuna
Joan den uztailean, batzordeak lehenbiziko eskutitz bat bidali zien ikasle ohi eta familiei «bazirelako zerbait gertatu zela erakusten zuten zantzuak». Izan ere, «bazen jendea komentarioak egiten zituena» erlijioso hari buruz eta ikasle ohiek zurrumurruak oroitzen zituztelako gaur egun 60 bat urte izango dituzten pertsonek sufritutako sexu abusuen gainean.
Idatzi hark eragina izan zuen eta, «espero bezala, erantzun gisa bi salaketa zehatz» jaso zituzten. Hilabeteotan ikertu ditu batzordeak, baita baieztatu ere erlijioso hark abusu horiek egin zituela, nahiz eta hilik dagoenez, ezin duten berarekin kontrastatu.
Ondorioz, batzordeak ikasle ohi eta sendiei bigarren eskutitz bat igortzea erabaki du aste honetan, orain arte dakitenaren berri emateko eta izan daitezkeen beste biktimak salatzera gonbidatzeko.
Elizarik eskerrak eman dizkie eskolan sufritu zutena kontatuz lagundu duten bi ikasle ohiei. «Ausartak direla esango nuke izango direlako isildu diren pertsonak», gogoetatu du. «Edozeinek daki haurtzaroan edo nerabezaroan pairatutako sexu abusuek inpaktua dutela eta imajinatzen dut bizi osoan egin behar izan dutela borroka». Horregatik, laguntza eskaini die.
Damaso Ciordiak Bilboko Eskolapioetan egin zuen lan eta handik «beste hiri batera lekualdatu zuten, lehen hala egiten zirelako gauzak», esan du. Zehazki, Gasteizko Eskolapioetako irakaslea izan zen. «Uste dugu orduan, 70eko hamarkadan, bazituztela abusuen zantzu batzuk. Egiten zena zen zegoen lekutik atera eta beste testuinguru batera eraman, garai hartan tabua baitzen halako delituez mintzatzea», esplikatu du Elizarik.
Gasteizko Eskolapioei ere eman diete ondorio hauen berri.