INFO

‘Yup! La, la!’, duela 50 urte himno bilakatu zen abestiaren historia azaldu du Eñaut Etxamendik

Carrero Blanco militar faxistaren aurkako ekintzaren ondoren Eñaut Etxamendik eta Eñaut Larraldek ‘Yup! La, la!’  abestia egin zuten. Himno bilakatutako kantua nola sortu zen azaldu du Etxamendik Irulegiko Irratian.


«In nomine Patri et Filii. /  Gora jauntzi ta duzu erori. / Zerurat hainitz baizuen igorri / laguntza ginuen zor Carrerori». Hala hasten da Eñaut Etxamendik eta Eñaut Larraldek 1973. urtean idatzitako ‘Yup! La, la!’  abestia.

ETAk Espainiako Gobernu faxistaren buru zenaren aurkako ekintzaren harira egin zuten abestia, ereserki bilakatu zena. «Jende lasterkatzaile krudela / bera die igorri... / Yup! La-la».

Asteazken honetan, atentatu horren 50. urteurrenean, Irulegiko Irratiak Etxamendi elkarrizketatu du. Honek gogoratu du nola egin zuten abestia, Marty Robbins abeslariaren ‘El Paso’ abestiaren melodia erabiliz.

Etxamendik azaldu du zer sentitu zuen abestia entzuterakoan. Kotxe batean zegoen entzun zuenean, Maulera bidean, bertan abestu behar zutelako. «Ieup lala» esan zuen autoak jauzi bat eman ondoren, eta duela lau egun lehenago izandako «jauzi handia» gogoratu zuen orduan, Carreroren autoaren «jauzia» alegia.

Kotxean esandakoa aprobetxatuz abesti bat prestatzen hasi zen, «ieup lala» hori ‘In nomine Patri et filii’ Zuberoko kantu zaharrarekin batuz. Domintxainen gelditu ziren eta Madrilen gertatutakoa fraide frantziskotar batekin komentatu zuen salda hartu ondoren.

Orduan osatu zuen abestia, elizetan meza amaitzerakoan apaizek erabiltzen duten «ite missa est» gehituz. «Ainguriak otoituz berehala / hola hola izorra zadila. / Eta ite misa est».

Maulera heltzerakoan Maite Idirini eta Eñaut Larralderi kantatu zien abesti berria, «eskandalagarri» iruditu zitzaiena. Dena den, kantaldian jo egin zuten.

Hiru urte igaro ziren, eta Itsasondon burututako beste kantaldi batean abeslari batek, «Valverde –Antton Valverde– ote zen edo ez dakit nor zen», ‘In nomine Patri’ abestu zuen. «Ikusi genuen trikotak eta eskuko zapiak gora botatzen ari zirela...Eta bertan hasi ginen kantua kantatzen».