INFO

Popol Arranbide Hendaiako militante abertzalea eta preso ohia zendu da

Robert ‘Popol’ Arranbide euskal militante abertzalea hil da. Hendaian jardun zuen herri hautetsi gisa eta 2004an, ETAren aurkako polizia operazio batean atxilotua izan ondoren, espetxean sartu zuten.

Arranbide, ezker abertzaleko beste ordezkariekin batera, 2002ko frantziar Legebiltzarrerako kanpainan. (Bob EDME)

Robert Arranbide ‘Popol’ zendu da. Militante abertzale hendaiarra, herriko kontseilari gisa jardun zuen Biharko Hendaia taldearen baitan 80. hamarkadan.

1994an hautagai izan zen, Abertzaleen Batasunaren zerrendarekin, Pirinio Atlantikoen Departamenduko bozetan.

2002an, berriz, ezker abertzalearekin kanpainia egin zuen frantziar Estatuko Legebiltzarrerako bozetan.

Horretaz gain, Popol Arranbide ezaguna zen euskal kulturaren alde zein borroka sozialak sostengatzeko engaiamenduagatik. Hala nola, Akelarre dantza taldean ibili zen eta Antxeta Irratiaren laguntzailea izan zen.

Hendaia Biltzen taldeko zinegotzi izan ondoren egun Pirinio Atlantikoen Departamenduko kontseilari gisa ari den Iker Elizaldek nabarmendu duenez, «belaunaldi oso batentzat eredu izan zen» Arranbide, euskaltzale eta abertzale gisara aitortu zuelako beti bere burua, baita horrela bezala agertzea zinez zaila zen garaian ere.

Horrekin batera, bere ideiak inoiz alboratu gabe, «beste batzuekin batera lan egiteko zuen sena» goraipatu du ‘Mediabask’ astekariarekin mintzo den Elizaldek.

Bi urte eta erdiko behin-behineko espetxealdia

2004an atzeman zuen frantziar Poliziak beste hamar euskal herritarrekin batera Popol Arranbide.

Arranbide eta Txomin Irazokirekin batera Ortzi Idoate, Gorka Haritzaga eta Zigor Goieaskoetxea atxilotu zituzten eta ondoko orduetan aske utzi, Laurence Le Vert epaileak agindutako operazioan.

Bi urte eta erdi izan zen kartzelan hendaiarra.

Marixol Iparragirre, Mikel Albisu, Mikel Negrete, Joxe Ramon Arrano, Juan Kruz Maiza eta Peio Alcantarilla presoak eta bera bezala behin-behineko askatasunean zire Lurdes Urdanpilleta, Miriam Inzabi eta Xabi Oxarango 2010ean epaitu zituzten, sei urte epaiketaren zain izan ondoren