U13an Bilbon izango den manifestazioa ordubete aurreratu du Sarek: 16.00etan hasiko da
Sarek urtarrilaren 13an ‘Konponbiderako giltzak’ lemapean Bilbon antolatutako manifestazioa ordubete aurreratu du Athletic eta Errealaren arteko derbiaren ondorioz. Hala elkartasun ekimen jendetsua 16.00etan hasiko da, bide batez mobilizazioa ikusgarriagoa eginez eta etxera buelta erraztuz.
Urtarrilaren 13an ‘Konponbiderako giltzak’ lemapean antolatutako manifestazioa ordubete aurreratu du Sarek, eta arratsaldeko 16.00etan abiatuko da Bilboko La Casillatik. Urte hasieran izaten den elkartasun ekimen jendetsua 17.00etan iragarrita zegoen, baina 18.30ean jokatuko da Athletic eta Errealaren arteko derbia.
«Joan-etorri askoren ostean, Udaltzaingoarekin, futbol klubekin, zein bestelako eragileekin kontrasteak egin ondoren, eta orain azalduko ditugun hainbat arrazoi direla medio, guztion mesedetarako izango delakoan, manifestazioa ordubete aurreratzea erabaki dugu», adierazi dute Sareko ordezkariek Gasteizen egindako agerraldian.
Azaldu dutenez, «ez da, inolaz ere, erabaki erraza izan. Antolatzen gabiltzanoi, hala nola, bertaratuko diren herritar guztiei esfortzu bat egiteko eskatzen baikabiltza. Baina, bi deialdien bateratasunak ekar zitzakeen arazo tekniko eta logistikoak batetik, eta ekimen batean zein bestean egon nahi duten milaka herritarrei aukera hori eskaintzeko gogoa bestetik, ahalegin txiki hori egitera eraman gaitu».
«Izan ere, halako egoeren aurrean flexible izatea eta guztiontzako aukerak eskaintzearen aldeko urratsak ematea, elkarbizitzaren baitan ulertzen dugu, herri beraren parte garen heinean, guztiontzako onuragarria izango den egoera bilatuz eta sortuz», gaineratu dute, eta aitortu dute «erabakiak harridura edota zalantza sor dezakeela urtez urte Bilbora gerturatu ohi diren herritarren artean, baina, erabaki hau hartzera eraman gaituzten arrazoiak ulerkorrak direlakoan gaude, eta hala izatea espero dugu».
Helburu berberak
Dena den argi utzi dute ezarritako helburuak berberak izaten jarraitzen dutela: «Bilboko kaleak aldarriz betetzea, ezberdinen arteko elkarretaratze erraldoi bat gauzatzea eta herri gisa partekatu nahi dugun mezua, inolako itzalik gabe, argi entzunaraztea. Ordutegi aldaketak helburu hauek betetzen lagunduko digulakoan gaude, Bilbon bi ekimenen talkan sor zitekeen kolapso eta iristeko arazoak ekidinez, bi ekimenetan parte hartu nahi duten guztiei aukera eskainiz, eta elkar oztopo izan baino, elkarreragile izateko apustua eginez».
Sarek, beraz, euskal gizarte osoari berriz ere dei egin dio datorren urtarrilaren 13an «elkarbizitzaren eta konponbidearen alde» bidea egiten jarrai dezala, eta 16.00etan La Casillatik abiatuko den manifestazioan parte har dezan, «bizikidetza eraikitzeko bidean, eta euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea ahalbidetu dadin».