INFO

Olentzero eta Mari Domingi Euskal Herrira heldu dira

Olentzero eta Mari Domingi iritsi dira Euskal Herrira. Atzo, larunbatez, Bilboko erdiguneko kaleak zeharkatu zituzten. Gaur, goizetik, herri askotan izan dira haurrak agurtzen, gauean etxez etxe opariak banatu aurretik.


Mari Domingi eta Olentzero Euskal Herrian barrena dabiltza. Herri askotan ikusi dituzte haurrek, kaletan zehar.

Atzo iritsi ziren Bilbora, eta erdiguneko kaleak zeharkatu zituzten herritarrak agurtzeko. Kalejira Carlton Hoteletik abiatu ziren, eta Arriaga Plazan amaitu. Jendetza ibili da kaleetan biei ongi-etorria egiteko. Umeei harrera gaur 11etatik egin diete, Arriaga Antzokian. Neska-mutil ugarik eman dizkiete gutunak.

Gaur Euskal Herriko txoko guztiak bisitatu dituzte Olentzerok eta Mari Domingik, hiriburuak zein herririk txikienak.

Gasteizera goizeko 10.00etan iritsi dira haurren gutunak jasotzeko, eta arratsaldean, 18.00etan, kalejira egin dute hiriko kaleetatik.

Ordu berean hasi da kalejira Donostian. Ijentea kaletik abiatu da eta Txurruka kalean bukatu da desfilea. Aurretik, goizeko 11.45ean, Udaletxeko balkoira atera dira, donostiar guztiak agurtzeko.

Olentzero Iruñeko Udaletxearen balkoira ere atera da Olentzero igande honetan, 13.00etan, lehen aldiz. Errege Magoei harrera egingo ez dien Cristina Ibarrola alkateak, kargua utzi baino lau egun lehenago, Olentzerori ongi-etorria eman dio. Patapum taldearen laguntzaz, bertaratutakoek ‘Horra, horra’ abestu diote. Aurretik, haurren gutunak jaso ditu atarian. Arratsaldeko kalejira 18.00 hasi da. Oso ikusgarria, ohi denez, abere ugari izan baita bertan.

Lesakan urteroko olentzeroen txapelketa egin dute, eta ‘Burosoilak’ taldeak irabazi du.

Ipar Euskal Herrian goiztiarrak izan ziren Mari Domingi eta Olentzero. Joan zen larunbatean, musika eta dantza lagun, han eta hemen ibili ziren biak, berdin Hendaian zein Baionan.

Beraiek dira Gabon-gauaren protagonistak Euskal Herrian, eta milaka haurrak beraien oparien zain izango dira. Agian baten batek ikatza jasoko du.