INFO

Bere hurrekoek salatu dutenez, Navalny Errusiako eskualde artikoko espetxe batera eraman dute

Astelehen honetan bere hurrekoek iragarri dutenez, Alexei Navalny Errusiako oposizioburua Yamalia-Nenetsia barruti autonomora eraman dute,  Jarp hirian dagoen kartzela batera.

Alexei Navalny artxiboko argazki batean. (Vasily MAXIMOV/AFP)

Alexei Navalnyren bozeramaileak astelehen honetan iragarri duenez, Errusiako oposizioburua Yamalia-Nenetsia barruti autonomora eraman dute,  Jarp hirian dagoen kartzela batera.

«Alexei Navalni aurkitu dugu. Orain IK-3n dago, Jarp kokalekuan (...) Bere abokatuak bisita egin dio gaur. Alexei ondo dago», adierazi du Kira Yarmishek sare sozialetan zabaldutako mezu batean.

Bestalde, Ivan Zhdanov Navalnik sortutako Ustelkeriaren Aurkako Fundazioko (FBK) zuzendariak ohartarazi du Errusiako agintariek oposizioburua ezkutatu nahi duela.

«Hasieratik argi geratu zen agintariek Alexei isolatu nahi zutela (...) Bere kokapena ezkutatu zuten. Hari buruzko informazioa erabat blokeatu zen. Gaur egun ere, Auzitegi Gorenak dio ez dakiela non dagoen», zehaztu du.

Kritikatu duenez, Errusiako iparraldean dagoen kolonia batera lekualdatu dute. «Oso zaila da haraino iristea eta ez dago kartak entregatzeko sistemarik», gaineratu du.

«Alexeiren egoera sistemak preso politikoak nola tratatzen dituen erakusten duen adibide argia da, isolatu eta zapaldu nahian. Zurrumurru faltsuak nola eta noren bidez sortzen diren» erakusten du, esan duenez.

Navalnyren senideek duela 20 bat egun salatu zuten bere desagerpena. Kondena betetzen ari zen segurtasun goreneko kartzelatik atera zutela besterik ez zen jakin.

Kremlinek une oro ukatu zuen bere egoeraren berri izatea, eta nazioarteko kritikak gaitzetsi zituen, barne arazoetan esku-sartze bat zelakoan.