INFO

Agoizko epaileak lan esklaboagatik jarritako lehen kereila kolektiboa baztertu du

Agoizko epailak ez du izapidetzeko onartu gerra presoen 13 ahaideren eta Memoriaren Bideak elkartearen kereila, Francoren garaian ezarritako lan esklaboa ikertzeko asmoa zuena. Fiskaltzak horren alde egin arren, krimenak preskribatuta daudela argudiatu du, lerro bakar batean.

Senideek bultzatu zuten kereila kolektibo hau. Irudian, Iruñean urrian egindako aurkezpena. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Agoizko Instrukzioko Epaitegiko ordezko epaileak, Ana Jose Añon Montonek, ez du izapidetzeko onartu gerra presoen 13 ahaidek eta Memoriaren Bideak elkarteak lan esklaboagatik jarritako kereila, hauek jakinarazi dutenez. «Haren ustez, salatutako krimenak preskribatuak daude, nahiz eta Epaitegiari atxikitako Fiskaltzak aldeko txostena eman zuen ekintza judizial hori izapidetzeko onartua izan zedin, bertan azaltzen diren egitateak (bi urtez -1939/1941- 2.000tik goiti gerra presok egindako lan esklaboa Igari–Bidankoze-Erronkari errepidea eraikitzeko) delitu egintzak zirelako».

Indarkeria mota honengatik jarritako lehenengo kereila zen hura. Igari, Bidankoze eta Erronkariko errepidea egitera behartuak izan zirenen senideek bultzatu zuten. Errepide hori 2.300 presok ireki behar izan zuten, 1939 eta 1941 urte bitartean. Oro har, 15.000 izan ziren hurrengo urteetan ere bertan esklabo gisa erabilitako presoak edota soldaduak, oso baldintza gogorretan.

«Epaitegia baloratzera sartu gabe salatutako delitu egitateak frankismoak gizateriaren aurka gauzatutako gerra krimentzat kalifikatu ahal diren, horrela preskribaezintzat izanen baitziren, epaile andreak, lerro bakar batean, eman ditu bere argudio guztiak», salatu du ekimenak. «Auto hori, formaz eta mamiz, benetako kirtenkeria judiziala da eta aldentzen da Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbideak horri buruz agintzen duenetik», nabarmendu du ohar batean.

Bultzatzaileak eta helegitea

Aurkeztutako kereila, lehen momentutik, CEAQUAk (Kereila argentinarra sostengatzeko estatu mailako koordinadora) sustatu du eta, Nafarroan, bederatzi sindikatuk (CCOO, CGT, EHNE, ELA, ESK, LAB, STEILAS, UGT eta Solidari) eman diote sostengua, bai eta ahaide-kereila jartzaile zenbaitek bizitokia duten udal batzuek ere (Bakio, Berango, Berriz, Gernika-Lumo, Laudio, Zumaia...).

«Gauzak horrela, ahaide-kereila jartzaileek eta Memoriaren Bideak elkarteak apelazio errekurtsoa paratu dute Nafarroako Auzitegi Probintzialean Agoizko Instrukzio Epaitegiak emandako autoaren aurka, eta baliogabetzeko eta aurkeztutako kereila izapidetzeko onartua izan dadila eskatu dute», eman dute jakitera.

«Espero dugu apelazio errekurtsoa Auzitegi Probintzialak onartua izatea. Haren ebazpenak bildu beharko du Nazioarteko Zuzenbidearen araudi aplikagarria, funtsezkoa eta Estatu espainiarraren inpunitate eredua iraultzeko behin eta berriz galdegina baita», erantsi dute.