Costello jokatzeko dagoela, Milanon irabazi eta Euroligako goialdean iltzatu nahi du Baskoniak
Gasteiztarrak Euroligako bederatzigarrenak dira, 9-7 balantzearekin beste bost talderekin berdinduta. Bere aurkaria Ettore Messinaren Armani Milano da, Euroligako hamalaugarrena, sei garaipen baino ez dituelarik pilatu eta gainera Maodlo Lo, Mirotic, Ricci eta Napier gabe jokatu beharko duen taldea.
Ez da gauza bera Euroligako Fase Erregularreko aurreneko itzulia 9 edo 10 garaipenekin amaitzea. Egia, da bai, oraindik bigarren buelta osoa falta dela eta zernahi gertatu litekeela, baina Saski Baskoniarentzat aurreneko postuetan iltzatuta jarraitzeko, hobe du ostegun honetan 20.30ean Armani Milanoren kantxan irabaztea.
Gasteiztarrak Euroligako bederatzigarren sailkatuak dira, 9-7 balantzearekin. Iaz aurreneko buelta 11 garaipenekin itxi zuten arabarrek, baina lehenengo erdia iaz baino garaipen bat edo bi gutxiagorekin amaitzea baino garrantzitsuagoa da aurreneko postuetara gerturatzen den multzoan izatea.
Izan ere, Real Madril, Bartzelona eta Virtus Boloniaren atzetik, sekulako talde pila dago Baskoniarekin berdinduta. Monako laugarren doa sailkapenean, eta Maccabi hamargarrena da, eta tartean, hurrenez hurren, Partizan, Fenerbahçe eta Valentzia Basket aurkituko ditu Dusko Ivanovicen taldeak aurretik. Eta atzean, aurrekoek noiz hanka sartuko zain, Olympiacos, 8-8, balantzea aldea, eta Municheko Bayern eta Anadolu Efes gero, zazpina garaipenekin.
Ahalik eta talde indartsuena beharko du Saski Baskoniak, beraz, Mediolanum Forum pabiloian irabazi nahi badu. Ondorioz, albiste oso ona da Matt Costello jokatzeko moduan izatea, nahiz eta ziurrenik ez den topera izango, hiru astez geldirik egon eta gero.
Etxean otso
Hainbat urte pasa dira Ettore Messina Saski Baskoniak «etsai» bihurtu zuenetik. Kinder Bolonia edo Moskuko CSKA entrenatzen zituen garaiko aurarik ez dauka dagoeneko Cataniakoak, ezta garai haietan, duela pare bat hamarkada, erakutsi ohi zuen pazientzia eta lasaitasunik ere.
Kazetariei erantzun txarrak, errespetu faltaz inoiz; itzultzaileekin ere berdin, edo arerioen entrenatzaileekin edo bere aginduetara izan den jokalariren batekin –Kevin Pangos, adibidez–. Zahartzerakoan berriro ume egin omen da jendea, esaerak dioenez.
Ez denak, itxuraz. Dusko Ivanovicek errespetu osoz egin du Milanoko taldearen errepasoa eta «Europako onenetakoa» dela azpimarratu du. «Pazientzia handiz jokatzen dute eta uneoro badakite aurkariari non eta nola min eman. Adibidez, Nicolo Melliren bitartez kantxa asko zabaltzen dute urrutitik jaurtitzeko duen talentuagatik eta bestalde, Shavon Shields oso garrantzitsua da bere taldearentzat, une erabakigarrietan hantxe azaltzen delako», adierazi du neurketa bezperan Bijelo Poljeko entrenatzaileak.
Armani familiak Ettore Messina fitxatu zuenean Italiako ligan berrindartzeko xedez fitxatu zuen. Zentzu horretan, Ettore Messinaren lana bikaina da, bai entrenatzaile poistuan eta baita kirol zuzendari lanetan ere.
Euroligakoa, ordea, beste kontu bat da. Egia da 2021ko Final Fourra zapaldu zutela, baina hamarretik zortzitan ez dira onenen arteko lehian murgilduta egon aurrekontuak eta izenak aintzat hartuta goian beharko lukeen taldea izanagatik.
Osteguneko partidari begira, Maodo Lo, Nikola Mirotic izar nagusia eta Giampaolo Ricci ez dira jokatzeko moduan izango arazo fisikoen erruz. Ezingo du ere jokatu Shabazz Napier antolatzaileak. Izar Gorriarekikoak egin eta gero Milanora itzuli da Puerto Ricoko antolatzailea, baina Euroligako Fase Erregularreko bigarren itzulia hasi arte itxaron behar du Messinaren aginduetara bigarren aroa ekiteko.
Alabaina, Armani Milano etxean da otso, nonbait izatekotan. Orain arte sei garaipen baino ez ditu pilatu eta hamalaugarren postuan daude Lonbardiakoak, Izar Gorria, Zalgiris, Alba Berlin eta Asvel Villeurbannen aurretik bakarrik.
Etxean eta kanpoan zortzina partida jokatu ditu eta etxean 4-4 balantzea darama Milanok, eta 2-6 Mediolanum Forumetik at. Baskoniak, aldiz, etxetik kanpo zazpi neurketa jokatu eta bost irabazi ditu, joan zen astean Istanbulen Efesi gailendu eta gero.
Orain arte, ordea, Milanoko taldea ACB Ligako aurkariekin ez da gaizki moldatu. Real Madrilen aurka 88-71 galdu arren, Valentzia Basketi egundoko astindua eman zion, 83-52, eta Bartzelonaren aurka etxetik kanpoko garaipen apur horietako bat lortu zuen, Palau Blaugranan 86-90 gailendu ondoren.
Beraz, ohikoa duen diskurtsotik aldendu gabe, adi egoteko eskatu du Dusko Ivanovicek Milanoko partidari ekin bezperan, eta besteren gainetik, «fedea galdu gabe eta pazientziaz» jokatzeko eskatu du Montenegroko entrenatzaileak.
Ez baita urrunegi joan behar Armani Milanoren aurka porrota aurkitzeko. Elkarren aurka 23 aldiz jokatu eta gero, 12-11 Lonbardiakoen alde dago emaitza, eta pasa den urtarrilaren 31n 89-83 nagusitu ziren Ettore Messinarenak. Orduko hartan Shavon Shields min hartuta zegoen, baina Johannes Voigtmann eta Luwawu-Cabarrot jokalarien bitartez hobea izan zen Milanoko taldea.
Orduko hura izan zen, hain zuzen, Max Heidegger antolatzailearen aurreneko partidetako bat Saski Baskoniarekin eta asko nozitu zuen Euroligaren maila fisikoa. Ia urtebete pasa den honetan, Codi Miller-McIntyren ganorazko ordezko gabe jarraitzen du Saski Baskoniak, Nico Mannion Varesera joan baita –maila bikaina emanez, gainera– eta Chris Chiozza, aldiz, oso tarteka baino ez da gai izan beharrezko maila emateko.
«Zaila da jokalari berririk ekartzea taldeak nahi duenik ez baitu merkatuak eskaintzen», laburbildu du gai horren harira Dusko Ivanovicek.
Gogoan izan behar da Saski Baskoniak Chiozzaren kontratua hilaren amaieran eten dezakeela, horretarako klausula bat baitu Chiozzaren kontratuak. Baina Mannion Italian dela eta beste inor fitxatzeko itxura handirik gabe, zentzugabea dirudi orain bigarren antolatzailerik gabe geratzea.
Nolanahi, Baskoniak badu aurrez zertaz kezkaturik. Esaterako, Armani Milanoren etxean irabazteaz, goiko partean iltzaturik jarraitzeko.