INFO

Lukas Agirrerentzat «justizia» eskatu eta Santi Coca ere oroitu dute Hernanin

Lukas Agirre hernaniarra labankadaz hil zutela urtebete pasa dela oroitzeko ekitaldia egin dute Hernanin, «justizia» aldarrikatzeko. Bide batez, Agirreren amak Santi Coca ere gogoan izan du eta haren heriotzaren inguruko epaia «bidegabetzat» jo du.

Duela urtebete hil zuten Lukas Agirreri omenaldia egin diote Hernanin. (Jon URBE | FOKU)

Ehunka lagunek babestu dute Lukas Agirreren familia ostiral honetan Hernanin egin den ekitaldian. Urtebete da gaztea Eguberri eguneko goizaldean Donostian labankadaz hil zutela, eta gazte hernaniarraren senide eta lagunek «justizia» eskatu dute. Bi pertsona daude preso krimen harengatik.

Gudarien Plazan bildu dira elkarretaratzera bertaratu direnak, ‘Lukas beti gurekin. Justizia nahi dugu’ zioen pankarta batekin eta gaztearen argazkia aurrean zela.

Lukasen senide eta lagunek parte hartu dute omenaldian, eta minutu bateko isilunaren ostean, Zuriñe Izkok bere semearen galeragaitik oraindik sentitzen duen minaz hitz egin du. Santi Cocaren senitartekoei ere zuzendu zaie. 2019an hil zen Coca, Donostiako diskoteka baten kanpoaldean jipoia jaso ostean.

Auzi horrengatik epaiketa duela aste batzuk egin zen Gipuzkoako Auzitegian, eta, joan den abenduaren 5ean epaimahai batek lau akusatuetatik hiru ez erruduntzat jo zituen. Laugarrena, berriz, zuhurtziagabekeria larriko homizidio delitu baten egiletzat jo zuen.

«Duela gutxi bihotzean sentitzen dudan mina handiagoa egin zen Santi Cocaren epaiketaren emaitza jakin ondoren. Ez da bidezkoa gertaera horren ondorioak horiek izatea. Honen ondoren, kostatu egingo zait justizian konfiantza izatea», esan du Zuriñe Izkok. Bere sendiaren bihotzak Fatima amarekin eta Iker anaiarekin daudela gaineratu du.

Gainera, eskerrak eman dizkie bere lagunei, Lukasen lagunei eta senitartekoei, haiengandik jasotzen ari den «babes eta maitasunagatik», «pixkanaka» aurrera egiten laguntzen diolako, nahiz eta «bihotzak txiki-txiki eginda» jarraitu.

Lukasen lagun batek ere hitza hartu du eta kantu bat entzun da omenaldi eta oroimen ekitaldiari amaiera emateko.

Hiru atxilotu

Lukas Agirre 2022ko abenduaren 25ean hil zen, 6.20ak aldera, hainbat labankada jasota, Donostiako Okendo plazan, Victoria Eugenia antzokiaren eta Maria Cristina hotelaren artean.

Orduan 24 eta 26 urte zituzten bi gizonezko atxilotu zituzten eta behin-behineko espetxealdian jarraitzen dute, erasoan parte hartu zutelakoan; egun berean 28 urteko emakume bat ere atzeman zuten baina hura behin-behineko askatasunean dago, kautelazko neurriekin.

24 urteko gaztea bere kabuz Ertzaintza joan ondoren atxilotu zuten, labankada jaso eta zenbait ordura, eta hiru egun geroago Martuteneko kartzelan sartu zuten, epailearen aginduz.

Beste espetxeratua aske utzi zuten hasieran, baina Martutenen sartu zuten joan den maiatzean, epaitegian agerraldia egin ostean kasua ikertzen ari den epaileak hala erabakita.

Hernaniarraren heriotzak atsekabe handia eragin zuen Donostian, Lukas Agirre bertan bizi zen eta. Hernaniko Udalak bat egin zuen erasoaren ondoren deitutako gaitzespen ekitaldiekin, besteak beste, Gipuzkoako hiriburuko Udalak Alderdi Ederreko lorategietan antolatutakoarekin, ama eta beste senide batzuk bertan zirela.