INFO

Aita Mariren 12. misioa ahalbidetzeko diru bilketa bat abiatu dute: «Lagun gaitzazu laguntzen»

Aita Mari erreskate ontzia portuan dago, 12. misioa abiatzeko zain. Honen aurretik, Itsas Salbamendu Humanitarioa GKE-tik diru bilketa bat abiatu dute beharrezkoak diren «hornidura guztiak» lortzeko.

Aita Mari erreskate ontzia portuan dago, 12. misioa abiatu zain. (Itsas Salbamendu Humanitarioa)

«Lagun gaitzazu laguntzen». Esaldi horrekin Itsas Salbamendu Humanitario GKE-tik diru bilketa bat abiatu dute, Aita Mari ontziak «Mediterraneo itsasoan jendea erreskatatzen jarraitzeko».

Une honetan Aita Mari erreskate ontzia portuan dago, urteko lehen misioa hasi arte. «Horretarako, janariz, erregaiz eta kontsumigarriz hornitu behar dugu: mantak, arropa lehorra, sendagaiak... Misio bakoitza erronka logistiko bat da, eta ahalegin handia behar da hornidura guztiak lortzeko». Hori dela-eta, «aurten, gurekin itsasaldi honetan sartzea nahi dugu», adierazi dute.

2024rako helburua «inoiz baino misio gehiago egitea» dela baieztatu dute. «Helburu hori lortzeko, misio bakoitzean ontziratzen diren boluntarioak, gure tripulazio iraunkorra eta lurretik jasotzen dugun laguntza guztia beharko dira. Itsasoan denbora gehiago erreskate gehiago dira, eta erreskate gehiago bizitza gehiago dira».

Gaur egungoa «une historikoa» dela iritzi dute, «migrazio mugimenduek markatutakoa». «Mediterraneoko erreskateen panoraman garai konplexuei aurre egin behar diegu, eta guk, erakunde humanitario gisa, urrunago eta pertsona gehiagorengana iritsi nahi dugu. Horretarako, zure laguntza behar dugu, elkartasun tresna bat izateko, pertsona gehiegi hiltzen ari den gatazka bat amaitzeko. Lagundu laguntzen».

Diru ekarpen hauekin janaria, erregaia, mantak, arropa lehorra eta sendagaiak lortzea «funtsezkoa» dela azpimarratu dute, «erreskate ontzia optimizatzeko eta ekipatzeko, lurreko baliabideak handitzeko eta erreskatatutako pertsonei laguntza eraginkorragoa emateko».

Difusio eta formazioa

Bestelako ekimenak ere gauzatzen ditu GKE honek. Besteak beste, gizartea migratzaileen eta errefuxiatuen errealitateari buruz hezteko eta kontzientziatzeko prestakuntza ematen dute, eta elkarrizketa sustatzen duten ekitaldiak antolatzen dituzte.

Horrela, ikuspegia partekatzen duten gizabanakoak, komunitateak eta erakundeak inplikatzea bilatzen dute, laguntza humanitarioa emateko ahaleginean. «Kanpoko iturrien mende ez egoteko estrategiak sortzen lan egiten dugu, gizartearen elkartasun eta babes zuzenaren mende egoteko».