INFO

Ia 7.000 lagunek eman dute Manteoko proiektuari buruzko iritzia herri erreferendumean

Erakundeek egin ez dutenari ekinez, SOS Manteok eta Ulia auzo elkarteak iritzia galdetu diete herritarrei Basque Culinary Centerrek Donostiako Grosen egin nahi duen egoitzari buruz. Orotara 6.948 lagunek eman dute botoa. Antolatzaileek «balorazio oso positiboa» egin dute.

1.500 boto inguru jaso zituzten Okendo kultur etxean eta Nafarroa Beherea plazan egindako herri galdeketan, iragan larunbatean. (Jon URBE | FOKU)

«Oso pozik gaude, balorazio oso positiboa egiten dugu gizarteak emandako erantzunarengatik. Gero eta gehiago gara, eta sortutako change.org-ko gure kontuaren datuak gainditzen ditugu». Hala adierazi dute Ulia auzo elkarteak eta SOS Manteo plataformak, iragan larunbatean Basque Culinary Centerrek EAJren eta PSEren babesarekin Donostiako Gros auzoan aurrera eraman nahi duen egitasmoaren inguruan antolatutako herri galdeketaren datuak eskuetan.

Honako galdera egin zieten donostiarrei: Manteo-Zemoria parkea babestu nahi al duzu bigarren Basque Culinary Center bat eraikitzearen aurrean? Eguerditik hirurak arte hautetsontziak jarri zituzten Okendo kultur etxean eta Nafarroa Beherea plazan. Antolatzaileak pozarren zeuden, 1.500 lagun baino gehiagok botoa eman baitzuten. Ilara luzeak sortu ziren, eta boto paperik gabe geratu ziren. Internet bidez bozkatzeko aukera ere zabaldu zuten, abenduaren 31ko gauerdira arte.

 

 

Okendon, 728 boto bildu zituzten; Nafarroa Beherea plazan, 743. Eta internetez, 5.477. Gehien-gehienek, 6.486 lagunek (botoen %96,53), baietz bozkatu zuten, Manteo-Zemoria parkea babestu nahi dutela. Baina jaso zituzten ezezko boto batzuk ere, 222 (%3,30). 229 boto baliogabe ere zenbatu dituzte. Guztira, 6.948 lagunen iritzia bildu dute horrela.

Berdegune bakarrenetakoa suntsitu

Galdeketaren antolatzaileek Basque Culinaryren Manteko proiektuaz datu batzuk eman zituzten: «28 milioi euroko kostua du, eta horietatik 26 milioi guztion artean ordainduko ditugu, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren bitartez. Donostiako Udalak 60 milioi euroko balioa duen lursail publiko baten lagapenari esker ahalbidetu da egitasmoa».

Horrez gain, «Groseko berdegune bakarrenetakoaren suntsipena eta bertan dauden 50 urtetik gorako ehun zuhaitzen mozketa ekarriko du». Hori gutxi ez balitz bezala, proiektua aztertzen ari dira orain «orubean amiantoa eta bestelako kutsagaiak egon daitezkeelako».

SOS Manteok eta Ulia auzo elkarteak salatu dutenez, Donostiako «Udal Gobernuak beti uko egin izan dio gai honen inguruan donostiarren galderei eta eskariei erantzuteari». Horregatik eman dute erreferenduma antolatzeko pausoa.

Egin nahi duten eraikina kokatzeko toki egokiagoak badirela defendatzen dute. Jendeari entzungor, azaroan, zentro berria eraikitzen hasiko zirela iragarri, eta obren hesiak ere jarri zituzten, baina horrek ez zuen herritarren artean sortutako kontrako mugimendua itzali.