INFO

Mariezkurrenak eta Zabaletak agintea ezarri duten eremua bihurtu da Binakako Txapelketa

Txapelketa honetan aginte makila inork baldin badu, bi atzelari nafar hauek dute inork baino gehiago. Bestalde, oraindik ligaxkaren aurreneko erdia baino ez da osatu eta berdintasun handia dagoelako, inongo bikoterik ezin da baztertu bigarren itzuliari begira.

Jon Mariezkurrena bere legea ari da ezartzen Binakako Txapelketaren aurreneko fasean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Binakako Pilota Txapelketa bere aurreneko faseko ligaxkaren erdira iritsi da eta oraindik zernahi gerta daitekeela esatea bera da albisterik onena. Ez dira jardunaldi asko sailkapena «erdibiturik» ikustearen beldurra sumatzen zela, zeinetan aurreneko bi postuen bila hiru bikotek hanka egin zezaketen eta, aldiz, bikoteren bat aukera askorik gabe geratzeko arriskuan geratzeko arriskuan izan zitezkeen.

Zorionez, ligaxkaren beraren zorionerako, ez da oraindik halakorik gertatu eta bigarren itzuli honen hasieran aurreneko doazen Jaka eta Mariezkurrena II.ak ere ez dute oraindik finalerdietarako txartelik bermatu, eta azken postua partekatzen duten Laso eta Aranguren zein Ezkurdia eta Tolosa ere ez daude kanporatuta, ezta gutxiagorik ere.

Ez da gaurko kontua esku-huskako pilotak aurrelarien jabetza pribatuaren irudiko dela. Buruz buru atzelariak garai batean ikusi genituen maila distiratsuan, baina egun binaka aritzera mugatuta daudela dirudi. Pilotak asko egin du aurrera jokatzeko moduan eta atzelariek garai bateko «tankeen» trazarik ez badute ere –Maiz, Tolosa, Ladis Galartza, Zezeaga; Patxi Ruiz, Pascual, Lasa III.a, Zubieta...–, eta bere garaian «lirain» ziruditen horien aldean ere –Errandonea, Goñi III.a, Arretxe, Ruben Beloki...– egundoko mugikortasuna erakutsi, buruz buru luzitzeko aukera handirik ez dute, kolpez edonoren gainetik pasatzeko ahalena izan arren.

Baina Binakakoa, letra larriz, iristen denean, hor daude atzelariak, eta aurreneko itzuli honetan, ez dago Mariezkurrena II.a eta Jose Javier Zabaletari eztulik egingo dienik. Etxarrengo atzelaria beti da faborito binaka txapeldun izateko, eta Irujo, Ezkurdia, Elezkano II.a eta Elordirekin txapela irabazi duenak –eta Irribarriarekin txapeldunorde 2019an– aurten ere aurrelari berria izatea –Peio Etxeberria– ez dirudi oztopo izan litekeenik bere palmaresa gizentzeko. Peio Etxeberriak berak ere ez dio bere maila inori demostratu behar, baina egia da Binakako Txapelketan Zabaleta ondoan edukitzea gauza handia dela.

Azken hamarkadako Binakako Txapelketako erreferente nagusia da Jose Javier Zabaleta eta hargatik inor ere ez da harritzen aurreneko itzulian zazpi partidatik bost irabazi eta sailkapen nagusiko bigarren postuan ikustea bera eta Etxeberria. Akaso aurrenekotik at ikustea izango da ezustekorik nagusiena, baina hain egoki ari da Mariezkurrena II.a! Kasualitatez, edo ez, Etxeberria eta Zabaletaren aurka bakarrik galdu dute egun lidergoan dauden Jaka eta Mariezkurrenak. Eta 20-22 galdu ere.

Hamaika aldiz esan da dagoeneko Baiko enpresaren apusturik garbiena dirudiela Jakak eta Mariezkurrenak osatzen duen bikoak. Bilboko enpresak arinegi egin gura izan zituen Berriozargo atzelariarekikoak –baita Lasorekikoak ere, miopearen bista zorrotza erakutsiz–, baina egia da honek ere azken urteetan gorantz egin duela etengabe, eta aurten gainera, uda sasoian erakutsi zuen joa eta maila ari dela erakusten negu hasi berri honetan ere.

Duela pare bat urte ere elkarrekin ziren, baina orduko hartan ez zuten balizko «joa + inspirazioa= tantoak» izango litzatekeen formula hori betetzeko gai izan eta final-laurdenetako ligaxka ere harmailetatik ikusi behar izan zuten. Aurten, gauzak ondo, final-laurdenak harmailetatik ikusteko bidean dira berriro ere, baina finalerdietan aurkari zein izango duten aztertzeko.

Tropel mardula

Mariezkurrena jokoaren heldutasun puntura iritsi dela dirudi eta horrek aurrean beharko luketen beste batzuek atzera bidali ditu; Elordi eta Rezusta, kasu. Mallabikoa da Binakako Txapelketako egungo txapelduna –bai, buruz buru ere bera da txapeldun; lasai, iritsiko da udaberria– eta Rezusta akaso ez da Zabaleta, baina ez dio inbidia handirik, bi txapel eta beste bi final –baita buruz buruko final bat ere– lortu baditu Bergarako atzelari ezkertiak, beste bat ere lor lezake.

Elordi berak txapelketa hastea asko eskertu du, udan erakutsi zuen saturazio puntu horretatik aske. Alabaina, aurreneko jardunaldietan fin eta jostari aritu ostean, hiru porrot jasan behar izan dituzte laugarren garaipena lortu arte, eta 19 tanto egin zizkieten Lasok eta Arangurenek. Badirudi Rezusta ez dagoela pasa den hamarkadako azken urteetan bezain indartsu eta Elordik berak ere bere artista senari lana eta izerdia galanki bota beharko dizkio Bergarakoaren balizko muga horien gainetik joateko. Etxeberria eta Zabaletarengandik garaipen bakarrera daude, baina zaila dirudi bigarren postura iristeko izango ote diren pentsatzea eta, aldiz, ez horrenbeste, hirugarrenetik seigarrenerako bidean non kokatuko ote diren irudikatzea.

Are eta ariketa zailagoa dirudi zazpigarren eta zortzigarren zeinek amaitu behar duten trabesa egitea, egiari zor. Zein da Peña eta Albisuren benetako aurpegia? Altuna eta Martijaren aurka bigarren erdian hondoa jo zuen bikote hauskor eta depresibo hura, ala Jaka eta Mariezkurrena soken aurka izan zutena, ala Elordi eta Rezusta 12an laga zuen bikotea? Badirudi Albisu ere ez dela garai batean adina jotzailea eta Peña II.a, berriz, ez da oraindik eliteak eskatzen duen bezain erregularra. «Hutsegitearen mugan jokatzen du Jon Ander Peñak», definitu zuen Jokin Altunak Tolosako aurrelaria, eta tarteka muga horietan behera amiltzen da. Baina noski, horrela jokatu ezean, Peña II.a ez zatekeen Peña II.a izango.

Tropel mardul horren erdian kokatu dira Jokin Altuna eta Julen Martija. Sorbaldako arazoak atzean utzita, Amezketakoa erasokor eta artista ez ezik, indartsu eta sasoiko ikusten da; ez da alperrik iritsi denetik lau partidatik hiru irabaztea, eta galdutako bakar hartan 21ean geratzea. Martijak ere, Elezkanorekin hasierako jardunaldietan negar egiteko baino estuago ikusi bere burua, aurrelari «titularra» itzuli zaionetik eskailera maila bat edo bi egin du gorantz, nahiz eta hamarretik zortzitan ondoko atzelariek berak baino gehiago atzeratu. Ikusi egin behar Marizkurrena, Zabaleta edota Rezusta agintzera pasatzen diren horietan bikote honek sendotasun hau bera erakusten ote duen ala orduan berriz ere eztulak eta ezinak nabarituko zaizkion.

Seigarren postuan dira une hauetan Artola eta Imaz, Gabon Zahar egunean Etxeberria eta Zabaletari 22-21 irabazi ostean. Lesioak direla, joko puntu txarrak direla, urduritasuna dela... Iñaki Artolak sarriegitan lagatzen du kantxan ematen duena baino gehiago duela barruan. Daukanari eskatu behar zaio eta abenduaren 31 horretan aurreneko tantua amaitzea partida erdi kosta bazitzaion ere, azkenean 9-16 atzetik izatetik 22-21 irabaztera berak eraman zuen batik bat neurketa. Ander Imaz ohiko «atzelari segurua» dela esatea ere ez da zilegi, azken baten aurkariak «beste pilotakada bat ematera» behartzea ez da gutxi, baina ahoko zuloan utziz gero, beste bat hori gustura emango dute aurkariek, eta hurrengo «errekadua» ez litzateke errazagoa izango.

Jaka eta Mariezkurrenaren aurka 5ean geratu ziren partida hura salbu, ia beti neurketa gogorrak jokatu dituzte Artolak eta Imazek, eta neurri horretan segi behar badute itzuli horretan, akaso pilatutako tantoek mesede egingo diete balizko berdinketaren bat beren alde erabakitzeko. Era berean, askoz luzeago eta gogorrago egingo zaie lehiaketa honek aurrera egin ahala. Ikusi egin behar eskuak eta gaitasun fisikoak nola erantzuten dien.

Atzetik aurrera

Une honetan, aurreneko itzulia amaituta, Ezkurdia eta Xabi Tolosa alde batetik eta Laso eta Aranguren bestetik geratuko lirateke kanpoan. Ezkurdia eta Tolosarena marka da gero: bi partida irabazi dituzte aurreneko itzulian, zeini eta Etxeberria eta Zabaletari batetik eta Altuna eta Martijari bestea. Halako izarren aurka 22ra iristeko gaia duena ez da betelana egitera etorritako konpartsa bat. Alabaina, Joseba Ezkurdiaren bertsiorik onena gehiagotan azaldu behar da.

Ez soilik. Xabi Tolosak iazko Binakakoan erakutsi zuen onenen pare egon daitekeela, baina finalerdietan bere giharrek kaput esan zuten eta akabo. Kosta zaio Anoetakoari berriz ere bere onera etortzea, baina elitean lekua egingo badu bere onena eman beharko du bigarren itzulian, edo jai izango du final-laurdenetan sartzeko orduan.

Aspe eta Baikoren artean berdintasuna nagusi dela bistakoa da. Orain arte enpresa bakoitzeko pilotariak 16 bider neurtu dira elkarren aurka txapelketa honetan, eta zortzina garaipen eskuratu ditu enpresa bakoitzak. Aurreneko postuetan enpresa bakoitzeko bikote bana daude, baina azkenengo postu bietan ere –eta noski, bina bikote tarteko postuetan–.

«Asmatu dugu!» botako dute agian enpresetako buruek Binakako Txapelketa nola doan ikusita. Baina asmatzen hasita, Unai Lasoren errekuperazioa da aurreneko itzuli honetako albiste onenen artean sartu beharreko beste bat. Aldakako lesioak ez dira xamurrak, ez bakarrik pilotaria bere onera etortzeko, baita bizitza normala egiteko ere, eta itxura baten behintzat, Unai Lasok bere onera bueltatzea lortu du. Aurreneko itzulian bi partida baino ez dituela irabazi Arangurenekin batera? «Bistakoa zen» esango duenik egongo da, eta akaso ez zaio arrazoi punturik faltako. Baina gutxienez Unai Laso maila bikaina ematen ikusten ari da pilotazalea, eta hori ez da gutxi.

Ez da gutxi, Bizkarreta-Gerendiangoaren profesionaltasuna azpimarratzen zuelako. Enpresari nolabaiteko «laguntza» eskatu zion Lasoren beraren hitzetan, txapelketako bikoteak osatzeko garaian eta oso haserre azaldu zen aurkezpen egunean. Aimar Olaizola egun Baiko enpresako kirol arloko arduradunaren erantzuna printzipioz behintzat, zentzuzkoa izan zen; hau da, «enpresak bikote guztietan pentsatu behar du, ez bakarrean». Alabaina, azken urteetan Baikok, eta ez beti enpresaren lanari esker, izarrik izan badu, hori Unai Laso izan da eta izarrei entzun egin behar zaie gutxienez. Hori bai, Olaizola eta enparauak pozik egoteko moduan dira bere beste bikoteak erakusten ari diren mailarekin. Eta esan bezala, Unai Lasoren profesionaltasunarekin ere.

Beste hainbeste esan liteke Arangureni buruz ere. Izar baten atzelari izatea gauza gogorra da; irabaziz gero, inori ere ez zaio dagoenik ere gogoratzen; 22ra iritsi ezinik geratzean, berriz, «atzelari hobea balu» penatan hasiko dira bat eta bi baino gehiago. Lau partida behar izan zituzten aurreneko puntua lortzeko, baina Peña eta Albisu gainditzea lortu zuten eta hori bada zeozer. Seigarren jardunaldian, berriz, 10ean laga zituzten Ezkurdia eta Tolosa. Are, nahiz eta Elordi eta Rezustaren aurka galdu aurreneko itzuliko azken jardunaldian, 19 tanto egin zituzten eta, tira, seigarren postua oraindik garaipen bakarrera dute. Aurretik lan zaila izan arren –Jaka eta Mariezkurrena ostiralean, alajaina–, «sustoak eman» baino gehiago egiteko gai badirela erakusten ari dira. Bai Laso eta baita Aranguren ere; binaka aurrelari izarrek ez ezik, atzelariek ere zeresanik badutelako.