INFO

Euskal Herriko aireportuetan hegaldiak bertan behera uztea eragin du Iberiako grebak

Loiu, Hondarribia eta Noaingo aireportuetan eragina izaten ari da Iberiako «handling» zerbitzuan deituriko grebak. Orotara, 48 hegaldi utzi dituzte bertan behera hiru aireportu hauetan.

Iberia konpainiaren abioi bat Madrilgo aireportuan asteartean. (Ricardo RUBIO | EUROPA PRESS)

Iberiako «handling» delako zerbitzuan deituriko lau greba egunetako lehena da ostiral honetakoa eta Euskal Herriko aireportuetan eragina izaten ari da, hainbat hegaldi bertan behera gelditu baitira.

Loiun Iberiak programatuta zituen 18 hegaldi bertan behera gelditu diru, bederatzi irteera eta beste hainbat bertara heltzekoak. Hondarribian 16 hegaldi desprogramatu dira, zortzi irteera eta beste zortzi heltzekoak, nahiz eta Iberiaren hitzetan Hondarribia eta Forondako aireportuetan grebak izan duen eragina «sumaezina» izan den. Noain hamalau izan dira bertan behera geratu diren hegaldiak, zazpi irteera eta beste zazpi heltzekoak.

UGT, CCOO eta USO sindikatuek deitu dute greba hau. Iberiarengan ez ezik Iberia Airport Services filialak Aenaren aireportuetan zerbitzua eskaintzen dien beste konpainiengan ere eragina izaten ari da.

Iberiak emandako datuen arabera, grebaren jarraipena %14,61ekoa da 9.30ean. Loiuko aireportuan, datu hauek %75era igotzen dira, Iberiak berak emandako datuen arabera. Sindikatuek, berriz, %100era igo dute jarraipena gutxieneko zerbitzuak kenduta eta orotara % 90ekoa dela baieztatu dute.

Honekin batera, grebaren gainetik «data hauetan izaten dugun normalitatea» nagusi dela nabarmendu du Iberiak, Gabonetako oporren bueltak sortzen dituen arazoak aipatuz. Dena den, maletak kargatzerakoan «arazo puntualak» izan direla onartu du.

Facua kontsumitzaile elkarteak nabarmendu duenez hegaldian eragina izan duten bezeroek konpentsazioak izan behar dituzte. Ordain hauek 250 eta 600 euro artekoak izan daitezke, hegaldiaren distantziaren arabera.