INFO

Marieniako lurren defendatzaileek protesta egin dute Kanboko Herriko Etxean

Urte berri begirako agiantzen zeremonia iragan da gaur Kanboko Herriko Etxean. Ekitaldia probestu dute Marieniako lurretan eraiki nahi duten higiezinen egitasmoa arbuiatzen duten ekintzaileek protesta sinboliko bat egiteko.

Marieniako lurrarekin beteriko boltsak oparitu dizkiete ekintzaileek herri kontseilarie laborantza eremu hori ahal dutela salbatu oroitarazteko. (@MediabaskInfo)

Urte berria, arazo zaharrak. Marieniako lurretan laborantza jarduera babestu nahi duten herritarrek protesta sinboliko bat egin dute, gaur eguerdian, Kanboko Herriko Etxearen plazan.

Ohiturari jarraituz, iragan den urtean izandako lorpenak goraipatu eta urte berrian garatu nahi dituzten egitasmoak zehazteko agiantzen zeremoniak egiten dituzte herri agintariek Ipar Euskal Herrian.

Gaur Kanboko Herriko Etxeak antolatu duen zeremonian sartzen ez badituzte utzi ere,  50tik gora lagun bildu dira erakundearen egoitzaren aitzinean, Marieniako lurretan aurreikusita dagoen higiezinen egitasmoa bertan behera uztea galdetzeko.

Dagoeneko, urteko azken biltzarra kari, joan zen abenduan 12an laborantza lurren defentsan jarduten duten ekintzaileak Herriko Etxean sartu ziren eta Christian Deveze auzapeza buru duen herri kontseiluko kideen aurrean 'Marienia ez hunki' leloa zuen banderola erakutsi zuten.

Gaur, Marienian harturiko lurrarekin zaku txikiak banatu dizkiete herri kontseilariei.

Horrekin batera, Bouygues enpresa taldeak eraiki nahi zuen 94 etxebizitzez osaturiko higiezinen proiektuak herriarentzat izanen dituen ondorio txarrak azpimarratzen dituen agiria eman diete.

«Zuen esku artean duzuen lurren lagina balore handikoa da. Zaindu ezazue. Marieniako laborantza lurretako lagin txikia baita. Hemendik urte batzuetara zuen bilobei ahalko diezue zakutxo hori erakutsi eta horrela mintzatu: garai batean laborariak baziren Kanbon eta jende horiek elikagaiak ekoizten zituzten gaur egun zimentaz beterik dauden lurretan».

Etengabeko mobilizazioak

Azken bi urteotan mobilizazio ugari egin dituzte kanboarrek Marieniako lurren defentsan. Manifestazioak egin dituzte eta Marienian bertan okupazio sinbolikoa burutu dute.

Hartara, 2022ko abenduaren 17an Okupazio Sare Tematsua Irabazi Arte (Ostia) kolektiboko hogei bat kide Bouygues taldeak Angelun zuen higizienen bulegoan sartu ziren eta bertan ikusgai zuten Marieniako higiezinen proiektuaren maketa lurraz eta lastoz bete zuten.

Ekintza horren harira lau herritar atzeman zituen frantses Poliziak iazko azaroaren 7an.

Baionako polizia-etxean hainbat ordu igaro ostean aske gelditu ziren heldu den martxoaren 12an auzia izanen duten militanteak.