INFO

Bilbao Basketek Gabonetako oparirik ederrena egin dio bere buruari Manresaren aurka (74-54)

Aurreneko minututik azkeneraino, Jaume Ponsarnaurenak nagusi izan dira eta ez diote talde katalanari inolako aukerarik eman. Adam Smithek aspaldiko partez bere maila erakutsi du, baina horrez gain Thijs De Ridder-ek etorkizunean izar bat izateko bidean dagoela erakutsi du.

Bilbao Basket korroan, Thijs De Ridder erdian dela, zazpigarren garaipena ospatzen. (A. ARRIZABALAGA | ACB PHOTO)

SURNE BILBAO BASKET 74 - BAXI MANRESA 54

Ezin Gabonei agur esateko opari hoberik espero Surne Bilbao Basketek. Denboraldiko zazpigarren garaipena lortu du Bilbora Kopan aritzeko leku baten bila etorri den Baxi Manresaren aurrean. Jaume Ponsarnaurenak jaun eta jabe izan dira neurketa hasi eta buka; lau laurdenak eraman dituzte eta aurkariari ia ez diote arnasarik hartzen utzi, bigarren laurdeneko aurreneko minutuetan ez bada.

«Guztiok eman behar dugu aurrerapauso bat», esan du asteon Jaume Ponsarnau entrenatzaileak, Palentzian jazotako porrotari buelta emateko. Egiari zor, bere jokalariek entrenatzaileak esandakoa fin asko bete dute. Beldurrik gabe, zalantzarik egin gabe, defensan sendo... aritu dira bilbotarrak. Are gehiago, Manresari gustuko duen erritmoan jokatzea eragotzi diote, eta hori bai dela zaila, hortan baitira artista Pedro Martinezek zuzentzen dituen taldeak: erritmo egokia aurkitzen, alegia.

Partida hasieratik nabarmendu dira bizkaitarrak, 2024ko aurreneko neurketa hau jokatzeko gogoz gainezka kantxaratu direla. Ez aurreko partidetan gogorik gabe zeudelako, baizik eta Palentzian jazo zena istripua baino ez zela izan erakustearren. Pantzar eta Killeya-Jones jarri ditu Ponsarnauk titularren artean eta gaitasun fisiko binaina eman dio horrek taldeari. Bestalde, Adam Smithek bere maila eta konfiantza berreskuratu ditu, eta horri esker 22-13 aurreratu dira etxekoak aurreneko laurdenean.

Estuasun une bakarra bigarren laurdenaren hasieran etorri da, Manresak 2-10eko partziala eskuratu duenean. Urduritasuna behin baino sarriagotan nabaritu du aurten talde bilbotarrak arerioak atzetik aurrera etorri zaizkionean, baina igande honetan ondo eutsi dio une txar horri. Erasoko Thijs De Ridder eta Adan Smithen puntuez batera, defentsako lana oso eraginkorra izan da. Esaterako, 11 (!) txapel jarri ditu talde bizkaitarrak eta Manresa kanpotik jaurtitzera behartu du, eta talde katalanak, bada, ez du bere egunik izan urrutitik.

De Ridder-en olatua

Atsedenaldira 46-34 iritsi arren, ez du nahikoa izan Surne Bilbao Basketek. Thijs De Ridder etorkizunera begira egindako fitxaketa izan da beltzezko gizonen artean onena eta igande honetan erakutsi du Europa mailan etorkizun hurbilean izarra izateko gaia baduela, auskalo noraino iristen den. Bere eskutik beste bultzada bat eman dio talde bilbotarrak markagailuari eta hala, erabat desesperaturik amaitu duen Manresak partida irabazteko zituen ilusio apurrak ezerezean laga ditu.

Azken laurdena txarra izan da erabat, talde biek saskirako bidea galdu baitute. Baina Manresak etsiak jota jokatu duen bitartean, Bilbao Basketek kontzentrazioa neurri baten galdu egin du jakinean egon baita partidak ez ziola ihes egingo. Halaxe izan da azkenean, Gabonei opari bikainenarekin agur esanez.

FITXA TEKNIKOA

BILBAO BASKET: Melwin Pantzar (11), Adam Smith (18), Xavi Rabaseda (2), Denzel Andersson (3) eta Sacha Killeya-Jones (9) –hasierako bostekoa– Alex Renfroe (8), Kristian Kullamae (2), Thijs De Ridder (17), Tryggvi Hlinason (4) eta Alex Reyes.

MANRESA: Dani Perez (5), Robinson (2), Badio (5), Sagnia (10) eta Steinbergs (10) –hasierako bostekoa–, Garcia (2), Taylor (6), Geben (10), Williams (4), Oriola, Valtonen y Coulibaly.

çEpaileak: Garcia Gonzalez, Esperanza Mendoza eta Yasmina Alcaraz. Falta teknikoa adierazi diote Manresako Robinson jokalariari. Egotzitakorik gabe.

Partzialak: 22-13, 24-21, 19-12, 9-8.

Gorabeherak: Aurreneko aldia izan da ACB Ligako neurketa bat zuzentzen bi emakume epaile aritu direna. 9.312 ikusle Bilbao Arena pabiloian.