INFO

Baldintzapeko askatasunean zegoen Jose Ramon Foruria Zubialdea «Foru» hil egin da

Markina-Xemeingo Jose Ramon Foruria Zubialdea «Foru» larunbatean hil zen. Une hauetan baldintzapeko askatasunean zegoen. Gaixotasun larria pairatzen zuenez zigorra 2011n etxean betetzen hasi zen. Etxeratek Foruriak jasandako jazarpena salatu du.

Jose Ramon Foruria. (NAIZ)

Baldintzapeko askatasunean zegoen Jose Ramon Foruria Zubialdea «Foru» larunbatean hil zen, gertukoek jakinarazi eta Etxeratek baieztatu duenez. 1950. urtean jaio zen, eta 40 urtez errepresio zuzena pairatu du.

2011. urtean etxera eraman zuten zigorra betetzeko gaixotasun larria pairatzen zuelako. Espetxean sartu eta berehala garatu zuen gaitza, 2003ko irailean. Venezuelak Estatu espainolaren eskuetan utzi zuen. Maskurian minbizia zuen eta kaleratzea eskatu zuen. Auzitegi Nazional espainolak 2006an ukatu zion eskubide hori lehen aldiz. 2020an graduz aldatu zuten. Baldintzapeko askatasunean zegoen une honetan.

«Ihesa eta kartzela jasan ostean etxean preso hil da, urte askotan zehar izan duen gaixotasun larri baten ondorioz», nabarmendu dute gertukoek.

Balorazio sakonago baten zain, Etxeratek ere Foruriaren bizitako egoera gogorrak nabarmendu ditu.

Bide batez, preso politikoei ezartzen zaien salbuespenezko egoera behingoz amaitzeko aldarrikapenaren alde Bilbon hilaren 13an egingo den manifestaziora joateko deia egin du Etxeratek.

Foruriaren gorpua Lea Artibaiko beilatokian egongo da astelehenean, 16.00etatik 18.00etara. 17.45ean azken agurra egingo diote bertan.