Euskalduna jauregiaren 25. urteurrena gogoan Athleticen poster ofizialean
Gizonezkoen eta emakumezkoen taldeek Euskalduna jauregiaren aurrean egin dute aurtengo denboraldiko argazkia. Klubak nabarmendu duenez, Bilboren eraldaketaren sinbolo gisa omendu nahi izan dute.
Athleticek Euskalduna jauregia omendu du aurtengo denboraldiko posterrean. Bilboko azken urteetako eraldaketaren sinboloetako bat dela azpimarratu du klub zuri-gorriak eta bere 25. urteurrena ospatzen dela 2024ean ekarri du gogora. Athleticen batzarrak bertan egiten direla ere nabarmendu du.
Gizonezkoen eta emakumezkoen taldeen argazkiak egin dituzte Euskaldunaren iparraldeko fatxadarekin eta Athleticen webgunean deskargatu daitezke. Aldi berean, Kutxabanken bulegoetan ere egongo da eskura.
📸 Hemen da 2023/24 denboraldiko Athletic Cluben posterra!
— Athletic Club (@AthleticClubFem) January 8, 2024
Pasado, presente y futuro. Consigue ahora el tuyo 👉 https://t.co/olVIHaUK8d
🎂 @Euskalduna_eus Jauregiaren 25. urteurrena. #AthleticClubFem 🦁 pic.twitter.com/htS1RhfE4E
Derbira begira
Larunbatean Realaren kontrako derbia jokatuko du San Mamesen talde zuri-gorriak. Astelehen goizean lan saioa egin dute Lezaman eta Ipuruan hasieratik aritu ziren futbolariek barruko instalazioetan entrenatu dira. Asteartean jai eguna izango dute eta asteazkenean itzuliko dira entrenamenduetara.
Guruzetak gainontzeko taldekideekin batera aritu da. Erdiko aurrelaria ez zen Kopako partidarako deialdian sartu, badirudi atseden hartzeko izan zela. Villalibre sartu zen taldean eta bi gol egin zituen aurrelari gernikarrak. Bost daramatza dagoeneko, horietatik lau Kopan egin ditu. Guruzetak, berriz, zortzi egin ditu Ligan.
Dani Garcia ere taldekideekin batera aritu da. Dirudienez, bueltan egon daiteke derbirako azaro amaieran lesionatu ondoren. Ikusteke dago ere Yerayrekin zer gertatzen den. Joan den astean laster itzuli behar zela ematen zuen, baina azken deialdietatik kanpo geratu da. Bestalde, Basconiako atezaina den Mikel Santosek lehen taldearekin entrenatu du.