INFO

‘Languages Lanean’ kongresua mugarri izatea nahi dute arlo ekonomikoan euskara areagotzeko

‘Languages Lanean’ nazioarteko kongresuak lan munduan hizkuntza kudeaketak duen garrantzia azpimarratzea eta praktika onak zabaltzea du jomuga. Bilbon egingo da, urtarrilaren 18an eta 19an, Lakuako Kultura eta Ekonomia sailek antolatuta. Egitarau zabala prestatu dute, 50 hizlari baino gehiagorekin.

Arantza Tapia eta Bingen Zupiria Ekonomia eta Kultura sailburuak, astelehen honetan, kongresua aurkezten. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ilbeltzaren 18an eta 19an Bilbon egingo den ‘Languages Lanean’ kongresuak aukera emango du lan eta jarduera ekonomikoaren eremuan hizkuntzen kudeaketen erronkei buruzko esperientziak ezagutzeko eta irakaspenak partekatzeko, baita horien gainean eztabaidatzeko ere. Horretarako, Euskal Herriko zein nazioarteko hizlariak gonbidatu dituzte. Hitzaldiez gain, gai jakinen arabera antolatutako mahai-inguruetan parte hartu ahal izango da.

Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak antolatu dute ekimena. Astelehen honetan Bilboko Euskalduna Jauregian Bingen Zupiria eta Arantxa Tapia sailburuek aipatu dute hizkuntza kudeaketaren konplexutasuna ulertu behar dela globalizazioa, aniztasuna edo nazioartekotzearen testuinguruan. Halere, hizkuntzen kudeaketak lan munduan onurak dakartzala azpimarratu dute.

Bi eguneko topaketa izango da, Bilbon kokatua, urtarrilaren 18an Euskalduna Jauregian batuko dira eta 19an, Guggenheim Museoan. Kongresua hiru zatitan banatuko da: lehendabiziko eguneko goizean, Lakuako eta Europar Batasuneko ordezkariak elkartuko dira, baita bertako zein nazioarteko enpresetako arduradunak ere. Hizkuntzen kudeaketaren gaia Europar Batasuneko testuinguruan aztertzeaz gain, Google, GKN edo Mondragon Korporazioak euren esperientziak azalduko dituzte.

Arratsaldean, gai eta sektoreen araberako mahai-inguruak izango dira. Lau areto egongo dira, eta izena ematerako garaian bat aukeratu beharko da: ‘Pertsonak eta nazioartekotzea’; ‘Hizkuntzen kudeaketarako baliabideak eta enpresa txiki eta ertainak’; ‘Sektore publikoa, hezkuntza eta lan mundua’, eta ‘Hizkuntza teknologiak eta zerbitzuaren kalitatea’.

Urresola, Ituño eta Reparaz

Bigarren egunean, kultur eremuko sortzaile eta eragileen ikuspegitik aztertuko da hizkuntzen kudeaketaren gaia. Bertan izango dira, besteak beste, Esti Urresola gidoilari, zuzendari eta ekoizlea; Itziar Ituño aktorea edo Pello Reparaz musikari eta ekoizlea.

«Nazioarteko testuinguruan mugitzeko nahiz gure interes taldeekin komunikatzeko, gure erakunde eta enpresetan hizkuntza bat baino gehiago erabili beharra dugu askotan. Komunikazio hori modu egokian kudeatzen ez bada, eragina izango du zerbitzuaren kalitatean eta lehiakortasunean», adierazi dute kongresuaren aurkezpenean.

«Hizkuntza kudeaketa aurreratuak enpresaren talentua garatu, elkarlanean aritzeko gaitasuna hobetu eta lehiakorragoa izaten lagun dezake. Horretaz gain, ekarpena egiten die euskararen sustapenari eta Europako kultur aniztasunari».

Enpresari eta langile, bezero eta hornitzaile... Hizkuntzaren erabilerari lotutako kezkak dituen lan-eremuko pertsona orori dago zuzendua kongresua. Besteak beste, nola eman bere lekua hizkuntza bakoitzari, nola zehaztu elkarren arteko bizikidetza egokia, nola neurtu hizkuntzek duten balio ekonomikoa edota neurtezinak diren balio erantsiak, halako kontuak ikasteko balioko du.

Izen ematea, zabalik

‘Languages Lanean’ kongresua doakoa da, baina bertaratzeko beharrezkoa da izena ematea. Honako helbidean egin daiteke: https://languageslanean.euskadi.eus

Zupiriak azaldu duenez, azken hamarkadetan euskara eremu berriak irabazten aritzea ezinbestekoa izan da euskararen indarberritze prozesuan. ‘Languages Lanean’ kongresua mugarri izatea nahi dute lan eremuan euskararen presentzia areagotzeko. «Ez gara hutsetik abiatzen, eta uste dugu azken urteotan landutakoa baliagarria izan daitekeela adibideak eta jardunbide egokiak ezagutzeko eta ikasteko, helburu batekin: euskararen normalizazioan aurrera egiten jarraitzea, baita enpresa arloan ere».